Sua piztu!
Zertaz ari naiz?
Lagun batek egiten duena jarriko dut adibide moduan; noizbait ere komentatu omen dudana: “Batzar, bilera edo aurkezpen batean, nagusiki erdaraz izaten badira, beti hitza hartzen dut eta (euskaraz) zerbait galdetzen edota komentatzen dut. Edozein gauza, nahita, nire buruari jartzen diodan betebeharra. Zertarako? Lehenik eta behin, euskara ere entzun dadin. Abiapuntua, noski, guztiz naturala da; hau da, euskaraz egiten dut, hala nahi dudalako. Gainera, behin hori egin ondoren, armairuan (erdarazkoan) zeuden euskaldun asko bertatik atera eta euskaraz hasten dira”
Aktibistak sua piztu egiten du, euskarak tokia har dezan. Nik ere halaxe jokatu dut antzeko egoeretan eta ondorioak bikainak dira. Izan ere, suari indarra emanez gero, sekulako zabalkundea hartzen du. Hiru adibide jarriko ditut:
1. Eskualde mailako hedabide berri baten aurkezpenera gonbidatu ninduten. Ekitaldia hasi bezain laster, erdara nagusitu zen. Galderen unean, nire laguna gogoan, galdera luzatu nuen, euskaraz. Gainera, jakin-minez egindakoa izan zen. Antolatzaileak, nik ezagutzen ez nituenak ere, euskaldunak ziren eta halaxe erantzun zidaten. Galderaren baitan jende gehiago hasi zen parte hartzen, denak euskaraz, eta sua etengabe zabaldu zen. Erdaratik erdarara zihoan aurkezpenean minutu luze batzuk euskaraz joan ziren. Oe oe oe!!
2. Nik sare sozialak, hein handi batean, euskaratik eta euskaraz aritzeko erabiltzen ditut. Gainera, beste askotan aipatu dudan bezala, oso garrantzitsua iruditzen zait, hizkuntza aldetik, euskaldunok jokabide egoki eta eredugarriak edukitzea. Beraz, zer egiten dut ikusten dudanean euskaldun diren batzuek idatzitako erdarazko aipamenekin? Metxeroa hartu eta ez dagokidan tokian sartzen naiz sua pizteko; baita lortu ere. Adibide pare bat: Euskaltegiko ikasle batek facebook-en idatzi du X tokira iritsi dela, erdara garbian. Niri segidan aipamen bat uztea bururatzen zait: “Zertara joan zara? zer moduz? aspaldiko!!” Hortik aurrera sua pizten da. Lehenik eta behin, bere lagun guztiek euskara jaso dute, euskaldunak izan ala ez. Bigarrenik, protagonistak erantzungo dit, euskaraz! Horraino iritsita, pozik egoteko modua da. Horrez gain, bestelako ondorio onak egon daitezke: bere gainontzeko lagun euskaldunak ere euskaraz idazten hastea, berak hurrengo mezu batean euskaraz edota elebiz zuzenean argitaratzea.
3. Alabaren gelako gurasoon ordezkaria mezuak bidaltzen hasi zen. Hasieran hautu bat eginen zuen eta hasierako agurra kenduta, gaztelaniaz igorri digu. (testuingurua: bera euskalduna eta guraso asko ere bai; denak ez, tamalez) Hemen ere sua piztea erabaki nuen. Hala ere, kasu hau ezberdina da. Izan ere, nik modu batean edo bestean parte hartu behar nuelako (hau da, benetako erantzunak eman nahi ditudalako) eta euskaraz ere bizi nahi dudalako. Zer egin nuen? Euskaraz erantzuten hasi nintzen, gaztelaniazko laburpen batekin. Erantzun azkarrak eta “errazak” izan direnean, euskaraz baino ez dut erantzun. Zer gertatu da? Batzuk euskaraz zein gaztelaniaz erantzuten hasi dira, erdaldunek ahalik eta hitz gehien (agurretan) euskaraz sartzen, eta euskara hutsez aritu direnak ere azaldu dira. Dena normaltasun osoz eta guztion komunikazioa bermatuta. Aurten ordezkari berriak ditugu, biak euskaldunak. Orain mezuak bi hizkuntzatan datoz, euskara lehenetsita. Gora sua!
Erantzunak kargatzen...