Pasa den astean, Joxe Mari Iriondo kazetari ezaguna egon zen hitzaldi interesgarria ematen MUko Ikus-entzunezko Komunikazioko ikasleen aurrean, Aretxabaletako campusean. Beste kontu askoren artean, hizlariak mahaigaineratu zuen Arrasaten 70. hamarkadan izandako gertaera gogor bezain entzutetsu bat: kantaldi baten erdian, Guardia Zibilak zinema areto batera sartu eta ke-poteka eta kolpeka hustu zuenekoa. 1976an Gurea zineman nik bizi izandako gertaeraz ariko ote zen Iriondo?
Izan ere, lehenago ere, Iriondok aipatu izan du gertaera latz hura. Esaterako, horren gainean hitz egin zuen 2008ko apirilaren 10ean, “Ez Dok Amairu” taldearen gainean emandako hitzaldi baten harira, Diario Vasco egunkarian argitaratutako artikulu batean. Hemen DVren pasartea:
“El popular periodista [Joxe Mari Iriondo] alabó las jornadas y al hilo de la charla que Pantxoa eta Peio ofrecerán el día 17, recordó un recital de éstos en el cine Gurea de Arrasate en el año 1974 que no se celebró porque el posteriormente famoso Antonio Tejero, entró en el recinto con un contundente ‘Tienen cinco minutos para desalojar la sala’. Iriondo explicó que les sobraron cuatro”.
Baina susmoa dut kazetari urrestillarrak nahastu egin dituela Guardia Zibilak egindako bi hustuketa haiek, orduan hain ohikoak, bestalde. Batetik, Iriondok aipatutakoa baino bi urte geroago gertatu zen Arrasateko afera, hain zuzen ere, 1976ko abenduaren 17an, Gurea zineman. Bestetik, Mondragoeko kantaldia ez zen Pantxoa eta Peiorena izan, baizik eta Iparraldeko beste bikote batena: Errobi bikotearena. Gainera, desmasia harekin lotura izan bazuen ere, orduko protagonista zuzena ez zen izan Antonio Tejero guardia zibil ezaguna, baizik eta Alfonso Escuer Mur izeneko teniente gaztea, sasoi hartan Arrasateko kuarteleko nagusia. Aretoa husteko emandako denborari dagokionez ere, kezka: “bost minutu” ala “minutu bat” eman zuten zinema jendez husteko?
Hori bai, 1974. urtean, Eibarren egon zen antzeko gertaera bat. Orduan, Pantxoa eta Peio ziren kantatzekoak Astelena pilotalekuan, baina bonba mehatxu bat zelako aitzakiarekin, guardia zibilek (akaso, Tejero presente egongo zen egun hartan?) hustu egin zuten aretoa eta beroi goitik behera miatu. Bi gertakari desberdin izan behar dute derrigorrez. Izan ere, Iriondok berak esaten du, azkenera, 1974ko kantaldia egin egin zela, aldiz, Arrasateko jaialdia bertan behera geratu zen, istilu larri haien ondoren. Peio Ospital kantariak berak ez du gogoan Arrasaten halako hustuketa bortitzik jasan izana. Aldiz, Guardia Zibilak Eibarren egindako oldarraldiaren irudiak memorian iltzaturik gelditu zaizkio ezpeletarrari. Bere hitzetan, atzo izan balitz bezala gogoratzen du Ospitalek nola guardia zibilek hartu zuten besotik 70 bat urteko gizon zahar bat, eta hark, besoak berokitik aterata, nola ihes egin zuen.
Esan bezala, bi urte geroago, beste kantaldi bat antolatu zen Arrasaten, Errobi taldearekin. Eta, bai, puntu batean arrazoi du Iriondok: Arrasateko hustuketan, modu zuzenean parte hartu ez bazuen ere, ekintza hura egin zen Gipuzkoako Guardia Zibilaren komandantearen aginduz, alegia, Antonio Tejero Molina komandanteren ordenari jarraituta. Erasoaldiaren biharamunean horixe onartu zion, behintzat, Tejerok Jose Antonio Altuna orduko Arrasateko alkateari, Donostiatik propio etorri zenean Arrasateko kuartelera alkateari kontuak eskatzera udal plenoak onartutako tenientearen dimisio eskaera zela-eta. Tejeroren orduko hitzak izan omen ziren: “Nik eman nuen eraso egiteko agindua. Ikurrina legez kanpokoa da. Eta, punto”. Kontuan hartzekoa da, bakarrik 12 egun lehenago, abenduaren 5ean, milaka lagunen aurrean, Inaxio Kortabarriak eta Jose Angel Iribarrek ikurrina historiko hura atera zutela Atotxa futbol zelaian, Donostian (ikurrina, azkenean, legeztatu zuten 1977ko urtarrilaren 19an, hau da, Arrasatekoa gertatu eta hilabete eskasera). Tejeroren ustez, futbolariek egindako legez kanpoko agerraldi hura onartu izanak erakusten zuen zelako epela zen Gipuzkoako gobernadore zibila. Beno, “epela” barik, benetan erabilitako hitza izan zen nolako “marikoia” zen gobernadore zibila.
Gurea zineman gertatutakoa oso gogoan duen beste herritar bat Joxe Aranzabal da. Izan ere, hustuketa hura salatuz, Garaia aldizkarian idatzitako artikulu batengatik (hemen, Garaia aldizkariaren zenbaki haren azala eta, hemen, atxiloketaren albistea El País-en), zigortu zuten bost eguneko kartzela zigorrera Martuteneko espetxean eta astebetez etxean atxilotua egotera. Orduan bizi izandakoak bere blogean kontatu zituen aspaldi.
Bai. 1976ko abenduaren 17an Gurea zineman botatako esaldia, “¡Tienen un minuto para desalojar el local!” ("Minutu bat duzue aretoa husteko!") oso ezagun bilakatu zen adin bateko arrasatearren artean. Eta, asko zabaldu zen entzule batek mehatxu hari botatako erantzuna: “Hijo puta!”.
Hura entzunda, Escuer tenienteak “fuego!” esan, eta gas maskarekin jantzitako guardia zibilak hasi ziren dinba-danba jendea jotzen eta gomazko pilotak eta ke-poteak botatzen areto barruan (Gasteizen, 1976ko martxoaren 3an egindako sarraskian bezala, baina, eliza batean barik, orduan, zinema areto batean, jendez lepo zegoena; zorionez, Arrasaten ez zuten balarik erabili). Kantaldian ikurrinak atera zirelako aitzakiarekin, Guardia Zibilak Errobiren kantaldia zapuztu zuen, eta, bide batez, herritarrak majo egurtu. Plan hoberik ostiral gau baterako? (kontuan hartu, artean ZEN Plana asmatu barik zegoela). Jose Antonio Altunaren esanetan, biharamunean sekulako itxura zuen aretoak: ke-poteek erretako jarlekuak, han eta hemen zapata eta beroki galduak...
Urteetara ere, jaialdi hartan grabatutako kasete-ak eskuz esku pasatzen ziren arrasatearren artean (natibo digitalentzat oharra: hau da “kasete” bat). Bertan, garbi-garbi entzuten zitzaien Anje Duhalderi eta Mixel Ducauri abesten ("Euskadi" izeneko kantua kantatzen ari ziren?, uste dut baietz), tenientearen mehatxua, ondorengo “hijo puta!”, eta, azkenik, “fuego!” aginduaren ondorengo tiro hotsak, jendearen oihuak eta burrundara. Baliteke oraindik ere herritarren batek gordeta edukitzea kasete zahar —eta argigarri!— haren kopiaren bat bazterren batean…
Beno, Gurea zineman ez, baina Antonio Tejero Molina militar ospetsua ordurako izana zen Arrasaten: etorri zen eraso hura gertatu baino bi aste lehenago, hain zuzen ere, 1976ko abenduaren 1ean, Jose Maria Arizmendiarrieta kooperatibetako sortzailearen hileta elizkizunetara (hemen, hiletaren eskelak PDFan).
Argazki bitxi hau aterata dago Arrasate Press aldizkaritik, 1989ko 35. zenbakitik. Fotozahar atalean argitaratu zen, hurrengo aipamenarekin: “[...] Hauekin batera, lehen ileran, bere ohizko bibote eta begiratartearekin, orduko Gipuzkoako Guardia Zibilaren Komandantea, gerora otsailaren 23an negargarri hartan, aktualitate bihurtu zen Antonio Tejero Molina”. (Testu osoa irakurtzeko).
Izan ere, 1981eko otsailaren 23 hartan denok ere aukera izan genuen Tejero hobeto ezagutzeko, Espainiako Kongresuan sartu eta bota zuenean, Arrasateko Escuer Mur teniente haren tonu bertsuan, "¡Se sienten, coño!".
PD. Egongo da eskuratzerik hirietako kultura-etxeetan edo bestelako hemeroteketan orduko kronika zehatzagoak. Interneten hau bakarrik aurkitu dut, El País-eko 1976ko abenduaren 19ko artikulua: "El Ayuntamiento de Mondragón pide la destitución del teniente de la Guardia Civil".
Artikulu bikaina. Zorixonak!