Egunotan 2013 urterako Gipuzkoako aurrekontuak onartzekoak direla-eta, alderdiak elkarren kontrako gerrara itzuli dira. Boto batzuk irabazteak, edozer zuritzeko balio du nonbait. Hondakinen kudeaketa da berriz partida jolasteko batzuk hautatu duten pilota. Partida honetan gauza ziur bakarra, beste behin ere pilotak sekulako kolpeak hartuko dituela da.
Urtebete igaro da hondakin organikoari irtenbiderik egokiena eman nahian Gipuzkoan lehen konposgunea martxan jarri zenetik. Lehendik izan dira herritarren ekimenez sortutako esperientzi bakan batzuk, Errenteriako Gaztaño auzokoa kasu, baina erakundeen parte hartze eta bultzadarekin jarritako lehenengoa 2011ko azaroan Usurbilen jarritakoa izan zen.
Errausketaren bultzatzaileek behin eta berriz errepikatzen duten mezuaren arabera Atez Ateko Bilketa (AAB) herritarrei inposatzen zaie. Demagogia merkea egitea erraza da komunikabideak jokoa segitzeko prest egon eta panfleto koloretsuak buzonatzeko behar adina diru daukazunean.
Baina pentsatzen hasten bagara, erakundeetatik datorren zein erabakiren inguruan antolatu izan da herritarren parte-hartzea bultzatzeko AABrekin bezalako prozesurik? Auzoka, sektoreka hainbat bilera erronda egiten dira denon parte-hartzea ziurtatu eta ekarpenak jasotzeko. Herriaren tamainaren arabera, 5-25 batzar artean. AABren “inposaketaz” hitzegiten dutenek galdera horri erantzun beharko liokete.