Egunotan 2013 urterako Gipuzkoako aurrekontuak onartzekoak direla-eta, alderdiak elkarren kontrako gerrara itzuli dira. Boto batzuk irabazteak, edozer zuritzeko balio du nonbait. Hondakinen kudeaketa da berriz partida jolasteko batzuk hautatu duten pilota. Partida honetan gauza ziur bakarra, beste behin ere pilotak sekulako kolpeak hartuko dituela da.
Duela 10 urte Gipuzkoako hondakinak masiboki errausteko plangintza onartu zenetik gorabehera handiak izan dira gai honen inguruan. Garbi geratu da inork ez duela errauste plantarik nahi. Jarri nahi izan den leku guzti-guztietan, herritarrak eta politikoak, alderdi guztietakoak, kontra azaldu dira. Manifestazioak, udal mozioak, denek denetik antolatu dute errauste plantaren kontra. Hondarribia, Irun, Lezo, Errenteria, Astigarraga, Donostia, Hernani, Lasarte-Oria, Usurbil, Villabona, Zestoa... errauste planta bertan jartzeko aukerak berak ezinegona eta kontrako erreakzio anitz eta masiboa eragin izan du. 10 urte hauetan inon inork ez du errauste planta herrian jartzeko eskatu. Zergatik uko egin horrelako azpiegitura bat norbere lurrean edukitzeak udalari ekarriko lizkiokeen irabaziei? Erantzuna nabarmena da. Inork ez du baliabideak zabor toxiko bihurtzen dituen fabrikarik nahi.
Errauste planta justifikatzeko erabili izan den argudio nagusia, inork nahi ez arren ezinbestean pairatu beharreko kaltea dela izan da. Hasieran %41 bakarrik birzikla omen zitekeen. Gero %57. Geroago, Atez Atekoak %80 ere birziklatzera irits zitekeela erakutsi zuenean, geratzen den errefusa erraustea beste aukerarik ez omen zegoela esan ziguten. Baina maiatzean, nazioarteko adituek landuta, Gipuzkoako hondakin guztiak errausketarik gabe kudeatzeko plana ezagutu dugu. Errefusa hotzean tratatzeko moduak badira, geratzen den hondakin organikoa egonkortuz eta gaika bildu ez diren hondakin birziklagarriak berreskuratuz. Ezinbesteko gaitza zena, ez da ezinbestekoa. Zergatik tematu orduan inork nahi ez duen gaitza berpizten?
Sekula ez da horretarako garaia, baina are eta gutxiago ekonomi krisian bete-betean gauden honetan. Errauste planta barne hartuta azpiegituretan egin beharreko inbertsioa 393.010.782 eurotakoa litzateke hondakinen planaren arabera. Errausketarik gabe kudeatzeko behar diren azpiegiturekin ordea 182.675.000 eurotakoa litzateke. 210.335.782 euro aurreztea ez da alde makala.
Badago errauste planta egiteak suposatzen duen dirutza erabiltzeko modu hobeagorik, badago horren beharra daukanik Gipuzkoan. Mozketak eta murrizketak nonahi pairatzen ari garen garaiotan dirutza hori alferrik galtzen uztea arduragabekeria da.
Nahikoa dela esateko garaia iritsi da. Politika enpresa handien nahietara makurtuta egin beharrean, herritarren interesei begira egiteko garaia iritsi da. Jendea gaizki pasatzen ari den une latz hauetan, boto apur bat eskuratzeko polemika antzu hauek sortzea arduragabekeri deitoragarria da.
Gipuzkoa Zero Zabor-ek orain arte egin duen bezala, hondakinei irtenbidea ematen ahalegintzen denari eta baliabide gisa hartuko dituenari laguntza osoa eskeiniko dio, eta aldiz, herritarren osasuna, ongizatea eta ekonomia kaltetzen duenaren jarrera salatuko du, bata zein bestea edozein delarik ere.
Zero Zabor mugimendua ez da etsipenerako jaioa. Egunerokoan miseria asko ikustea badagokigu ere, etorkizunean sinetsi izan dugu beti eta horrela egiten segiko dugu. Artikulua baikortasunez bukatu nahi dugu. Gipuzkoa Zero Zabor lurralde izatea lortzeko aparteko baldintzetan gaude. Lehen aipatu dugun bezala bide horretan jartzeko plana zehaztuta dago. Hondakinen arazoaren eztabaida, bulegoetatik atera eta herritarrengana eramatea lortu dugu. Herritarren artean arazoaren kontzientzia geroz eta zabalagoa da, eta pixkanaka bada ere, irtenbidearen ezagutza geroz eta herritar gehiagok dauka. Hau geldiezina da. Gipuzkoa, hondakinen kudeaketan, mundu mailan lehen lerroan ikusiko dugu aurki. Badugu harro egoteko motiborik. 2012. urtean asko aurreratu da. 2013a oparoagoa izango denaren itxaropena dugu. Horretarako lanean jarraituko dugu.
www.zerozabor.org
Erantzun
Sartu