Teknologia albisteak
1

Mugikortasun azpiegituretan buru

Erabiltzailearen aurpegia
2013-04-29 : 14:29
Euskal Herriak mugikortasun azpiegitura garrantzitsuak ditu. Europako Batasuneko herrialdeen testuinguruan Euskal Herriko indizeak altuenetarikoak dira bai ibilgailuen dentsitate eta autobide kilometroetan bai eta trenbide sare elektrifikatuetan. (irudia handi)

Ibilgailu indibidualen kopurua Euskal Herrian

Kokapena eta jarduera

Euskal Herriko kokapen geoestrategikoak mendeetan zehar gure lurraldea pasoko zein sarrerako gune bihurtu du bai maila kontinentalean bai eta penintsula mailan. Egun, Europako Batasunetik zirkulatzen duen bidaiari zein merkantzia trafikoaren bolumen handi bat hartzen du bere baitan. Atlantikoko fatxadan kokatuta egoterakoan eta mediterraneoko portuak gertu izanda gurean garraioarekin loturiko azpiegitura eta jarduera asko pilatzen dira.

Honekin batera, gure jarduera industrial indartsua medio, esportatzailea gainera, eta gure bizi maila altuak eraginda, tokiko azpiegiturak eraiki eta ibilgailu partikularren erabilera sustatu du.

Ibilgailuak

Ibilgailu indibidualen kopurua Euskal Herrian eta
Europako Batasunean

Euskal Herrian 1.000 biztanleko 579 ibilgailu daude. Grezia (580), Frantzia (576), Alemania (575) edo Suitza (573) bezalako herrialdeen pareko zifra da. Europako ranking-ean hamargarren postuan kokatzen da eta EB-27ko bataz bestekoaren gainetik dago (538).

Autobideak

Autopista sarearen dentsitatea Euskal Herrian eta Europako Batasunean

Autobide sarearen dentsitatea (abiadura handiko errepideak) altuenetarikoa da eta Europako ranking-ean bosgarren postuan kokatzen gara. Antzera daude Belgika (58 km), Eslovenia (38 km) edo Alemanian (35 km). Europako (EB-27, 15,6 km) bataz bestekotik urrunago gaude, baita, Austria (21 km), Frantzia (17 km) edo Erresuma Batua (15 km) bezalako herrialdeetatik ere.

Trenbide elektrifikatuak

Historia luzea du Euskal Herrian trenbide elektrifikatuak. Hortik dator trenbide elektrifikaturen indize altuenetarikoa izatea eta ondorioz ranking europarrean (41,61 km) seigarren postuan egotea. Gure indizea Austria, Txekiar Errepublika eta Italiakoaren parekoa da. Halaber, Belgika (100,37 km), Alemania (57,40 km) edo Herbehereek (54,55 km) kopuruz gainditzen gaituzte.

Lurralde desegituratu batentzat oharrak

Aurkeztutako adierazleak gizarte industrial baten isla dira baina badira aintzat hartzeko hainbat kontu. Alde batetik, mugikortasun azpiegituren funtzionalitateari erreparatuz, hauek ez dute gure lurraldearen integrazioa helburu, europar ardatza egituratzea baizik. Izan ere, zerbitzu hauek iristen ez diren gune asko daude gurean. Bestalde ingurumen-kostua dago. Baliabide publikoak mugikortasun jasangarri eta lurraldearekiko integratzaileak diren jardueretara bideratu beharrean, ibilgailu pribatuaren menpekoak gara eta ondorioz, abiadura handiko errepideak erabiltzen ditugu.

Oharra: Testu honen xedea dibulgatiboa da, datuen irakurketa erraztea du helburu. Testu hau Gaindegiako talde teknikoak ekoitzi du. Ez du Udalbiltzaren iritzia adierazteko helbururik.

Erantzunak

2013-04-30 : 12:45

Deigarria egiten da nola autobide sarean Europan 5. eta trenbide sarean 6. izanda, nola euskararen lurraldearentzako berebizikoa den A-8ak lapurreta hutsa izaten jarraitzen duen.

Eta horren alternatiba den trenak Indiako trenek baino zerbitzu eskasagoa ematen duen lurraldeen arteko (Bizkaia-Gipuzkoa arteko bidaiak) bidaietan.

Eta are gehiago, horren alternatiba gisa eraikitzen ari diren AHTak ez duen trenbide "txiroaren" zerbitzu terzermundista hori ezertan hobetuko, are okertuko diru faltagatik, jakina.

Nola da posible A-8an 100 kilometro egiteak zinema sarrera batek baino garestiago jotzea? eta aldi berean Bilbo-Kantabria dohainik izatea? Hori ez al da euskararen erabileraren kontrako neurri argia?

Nola da posible Euskotrenekin hiriburuen artekoa ez den lurraldeen arteko edozein bidaia (adibidez bilbotik mugara, 115 km., edo zumaiatik bilbora 70 kilometro inguru) 2 - 3 ordu ingurukoa izatea?

Zertan ari dira erakunde publikoak? eta zertan aritu dira azken 35 urteetan? Politikan ari direnetako zenbatek hartu du Euskotren egunean Bizkaiatik Gipuzkoara joanetorria egiteko? Inoiz euren bizitza osoan?
Euren poltsikotik pagatzen dute A-8a Donostiatik, Errenteriatik, Hondarribiatik Bilbora doazenean edo "lan-txartelarekin" pagatzen dute?

Nahiago ote bizkaitarrek Gipuzkoa ez ezagutzea, eta gipuzkoarrek Bizkaia ez ezagutzea? Nahiago gaituzte gipuzkoarrak Piriniotan edo Baionan eta bizkaitarrak Burgos edo Kantabrian?

(oso paraje ederrak guztiak, baina kontua da nahiko genukela bizkaitarrok gipuzkoara joan, eta gipuzkoarrak bizkaira, behin eta berriz lapurreta egiten digutelako sentimendu eta konstatazioarekin bidaiatu gabe).

Erantzun

Sartu