Teknologia albisteak
1

Eraldaketa prozesua: nola eta zertarako?

2012-07-14 : 12:32

Eraldaketa. Parte-hartzea. Motibazioa. Pertsonak. Inplikazioa. Azken urtebete honetan hitzetik hortzera erabili eta entzun ditugu hitzok. Baina, nola eragiten da benetako eraldaketa? Hori lortzeko, nola motibatu pertsonak erabakietan eta prozesuetan inplika daitezen? Galdera horien gakoak argitzen saiatu gara Eraldaketa-prozesuak: zer, zertarako, nork, nola... liburuan. Nicola Foroni aholkulariak eta Elhuyar Aholkularitzak osatu genuen idatzia eta Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Sailak eman zuen argitara, 2011n. Orain, herritarren parte-hartzea sustatzeko lanean ari zareten eragileokin partekatu nahi dugu liburuxka horren pdf fitxategia, lagungarri izango duzuelakoan. Gure webguneko gune honetan aurki dezakezu (erreparatu eskuinaldeko menuko pdf fitxategiei).

Izan ere, liburuaren sarreran dioen bezala, etenik gabeko eraldaketa-prozesu batean bizi gara; inguratzen gaituen errealitatea aldatuz joaten da gizakion zuzeneko edo zeharkako ekintzen ondorioz. Gaur egun, sektore sozial, politiko eta ekonomiko gehienok gure jarduna hobetzen saiatzen gara. Eta horretarako, era guztietako planak sustatzen ditugu, betiere aldez aurretik egindako diagnostikoak erakutsi digun abiapuntua aldatzea helburu.

Normalean, eskuratu nahi ditugun helburu, emaitza eta xede oso zehatzak eta interesgarriak zehazten ditugu, eta horiek oso epe laburrean lortu nahi izaten ditugu, ahalik eta bitarteko nahiz jende gutxiena baliatuz. Baina plan gehienak gauzatzeko garaian, errealitate jakin bat agertzen da: helburua lortzeko, plan horrekin zerikusia duten pertsonengan zuzenean eragin behar da, eta, are zehatzago, pertsona horien jarreretan eragin behar da.

Sarritan, plan horien arrakastaren gakoa lotuago dago pertsona horien motibazioarekin, inplikazioarekin eta ekintza kontzientearekin, planaren “diseinu ona”-rekin baino. Eta plan horiek errealitate horrekin egiten dute talka. Eta nola lantzen dira pertsonen jarrerak? Motibazioa? Inplikazioa? Nola egiten da? Gara al daitezke eraldaketa-prozesu kontzienteak eta planifikatuak, pertsonen etorkizuneko jarreretan eragingo dutenak?

Eraldaketa-prozesuak Reflect Ekintza izeneko ikuspegi metodologikoarekin lantzen ditugun pertsonok eta erakundeok baietz uste dugu, egin daitekeela. Eta badakigu gauzak egiteko modua dela, hain zuzen ere, haien emaitzan eragin zuzena eta erabatekoa duena.

Dokumentu honetan, galdera horiek erantzuten lagunduko diguten zenbait ideia planteatzen saiatu gara. Badakigu jakin ere, bestalde, dokumentu honen berezko mugak zein diren. Izan ere, eraldaketa-prozesu kontziente bat nola orientatzen/bideratzen den barneratzeko beharrezkoa da aldez aurretik prozesua bizitzea.

Prozesua lehenagotik bizitu baldin bada, irakurriko diren gauza asko hobeto ulertuko dira, bestela sinpletzat joko zirenei eta begi bistakoak ez direnei balioa emango zaie; beren benetako dimentsioan ikusiko dira eta haien inplikazio guztiak ulertzeko ahalmena izango dugu. Nolanahi ere, horrelako prozesurik bizitu ez duen bati ondorengo orrialdeak irakurtzeak eraldaketa-prozesua bizi izateko gogoa edo gai honetan sakontzeko interesa sortuko balio, ez litzateke gutxi.

Erantzunak

2012-07-17 : 15:27

Oso ekarpen egokia. Milesker!

Erantzun

Sartu