Euskal Herrian Euskaraz elkartea 1979. urteko azaroaren 4an aurkeztu genuen jendaurrean. Durangoko Azoka aukeratu genuen lehen agerpena egiteko eta “Euskararik gabe, Euskal Herririk ez" lelopean ekin genion bideari. Egun hartan, euskaldunok osatzen dugun komunitatea eta lurraldea aintzat harturik, egun oraindik gure helburu izaten jarraitzen duena plazaratu genuen: Euskal Herri euskalduna erdiestea; eta horretarako izaera erreibindikatzailea eta borrokatzailea izango genuela adostu genuen.
Euskararen borroka herriz herri eta auzoz auzo biderkatzea ezinbestekoa da. Bai, borroka. Euskararen borroka. XXI. mendean euskarak bizirik badirau urteetan egindako borrokari esker izan da. Euskal Herriaren berreuskalduntze osora iristeko euskaltzaleok jarraitu beharko dugun borroka.
Herri Urratsen bezperarako plan bikaina antolatu du aurten ere EHEk. Larrun gainean, muga guztien gainetik euskaraz bizitzeko deia lau haizetara zabaldu dute makina bat euskaltzalek. EHEk beste hainbat elkarteren laguntzaz antolatuta, Sara-Larrun-Sara mendi irteera egin zuten larunbatean. Herri kirolez, musikaz eta pilota partidez gozatu ostean, Urrats gauarekin amaitu zuten eguna. Dama, Kalera eta Itziarren Semeak taldeek joko zuten, Gaztetxean.
Iazko ekitaldiak izan zuen arrakasta ikusirik, “Muga guztien gainetik, euskaraz bizi!” lelopean, Herri Urratsen bezperarako plan bikaina antolatu du aurten ere EHE-k.
Euskararen alde egotetik euskararen alde egiteko tenorean, euskaltzale andana bildu zen Euskaraz Bizi Egunean Otxandion. Mendi irteera, gaiteroak, trikitilariak, txistulariak, herri kirolak, ekitaldia, herri bazkaria, kale animazioa… festa eta aldarrikapena uztartuz, euskaraz bizitzeko herri gogoa erakutsi zuten bertaratutakoek.
Euskaraz Bizi egun oparoa antolatu du Euskal Herrian Euskaraz eragile euskaltzaleak. Aurten Otxandio izango da euskaraz bizi nahi duen herriaren erakusleiho. Heldu den larunbatean, apirilaren 18an, Otxandiok hartuko du Euskaraz Bizi Eguna. Argazki erraldoi baten bidez egin dute deialdia.
Aurten seigarrenez egingo den Euskaraz Bizi Eguna hartuko du Otxandiok apirilaren 18an. Euskararen alde egotetik euskararen alde egitera leloa eramango du egitasmoak eta herriko eragileekin elkarlanean sortutako egun osorako egitarau zabalaz gain, Luhartz, Gozategi eta Governors taldeen kontzertuak izango dira. "Izan, egin eta eraginez", euskararen alde egotetik alde egiterako urratsa egiteko deia egin du eragile euskaltzaleak.
'Euskaraz Bizi Solasaldi Zikloa: euskararen alde egotetik euskararen alde egitera' izenburupean hiru solasaldi eta mahainguru egingo dira Senperen, Urruñan eta Baionan hurrenez hurren, bertako EHEko taldeek antolatuta, heldu diren otsailaren 27an, 28an eta martxoaren 7an.
Iragan urte hasieran abiatu zuen EHEk Udalak eta biok, euskaraz / Herriko etxeak eta biok, euskaraz dinamika Euskal Herriko hainbat hiri eta herritan. Orain arte emandako urratsen eta bidean lortutako emaitzen balorazioa egin dute EHEko kideek Uztaritzen, eta dinamika egungo testuinguruan kokatu dute, aurrera begirako urratsen norabidea iragartzearekin batera.
Askapena erakunde internazionalistak eta EHE / Euskal Herrian Euskaraz eragile euskaltzaleak Euskararen Nazioarteko Egunerako (ENE) bideoa egin dugu auzolanean.
Euskal Herrian Euskaraz (EHE) herri mugimenduko eragile euskaltzaleak 2014-2015 lan urterako egitasmo eta lan ildo nagusiak jasotzen dituen Nazio Plangintza eztabaidatu eta onartu ditu Lakuntzan (Nafarroa Garaia) egin duen Nazio Batzarrean. Euskal Herriko dozenaka auzo eta herritatik bertaratu diren EHEko talde ezberdinetako ordezkariak izan dira gaurkoan protagonista. Plangintza onartzearekin batera, EHEren mezua momentu politikoari uneoro egokitzen joateko norabide ideologikoan egin beharreko moldaketak eztabaidatu eta onartu dituzte.
Uztaritzeko Herriko Etxeak ofizial izendatu berri du euskara, eta urrats historikoa egin du euskaldunon hizkuntza eskubideen aitorpen ofizialik ezaren aurrean. EHEk zenbait galdera luzatu dizkio Uztaritzeko hautetsi eta Hizkuntza Politikarako Delegatu If Matxikoteri. Kontseiluak eta Euskal Konfederazioak deituta elkarretaratzea egingo da gaur, 18:00etan, Uztaritzeko Herriko Etxearen aitzinean.
Kutxabankeko arduradunek entzungor egin ondoren, aurreko ostiralean egin zuten agerraldia. Kutxabankek hizkuntza eskubideak urratzen dituela salatu eta hori ekiditeko neurri har ditzan eskatu zieten. Hasteko, bete dezatela legea. Bihar Osoko Bilkuran eztabaidatuko dute gaia.
“Sasi guztien gainetik euskaldun eta burujabe! Muga guztien gainetik, euskaraz bizi!” lelopean ibilbide ederra egin zuen dozenaka euskaltzalek Larrun gaineraino. Kontu asko irudikatu nahi izan zituen EHEk larunbaterako deitu zuen ekimenarekin. Horien artean, bat: “Euskaraz bizitzeko jartzen dizkiguten oztopo eta muga guztien gainetik, gugan dago gako nagusia, eta bota beharreko lehen horma”
Maiatzaren 10ean egingo da eta Larrun gainera igoko dira. Ondoren luntxa eta herri kirolez gozatzeko aukera izango dute bertaratuek. Europako Hauteskundeen atarian, zer garen eta zer izan nahi dugun adieraziko parada bikaina izango da.
Porrotx eta Porrotxinek txupinazoarekin ekin ondotik, trikitilari eta dultzaineroek bere egin zituzten Gasteizko kaleak. Umeentzako tailer eta eskalada txapelketa ere egin ziren. 400 lagundik gorako bazkarian bapo jan ondoren, Nazio Manifestazioa egin zen “Ez gara espaloitik jaitsiko! Euskaraz bizi” lelopean. Euskaltzale andana bildu zen bertan. Akelarrea eta Ttek Elektrotxarangak kaleak girotu ondoren, kontzertuak egin ziren Euskaraz Bizi Egunari behar bezalako amaiera emateko.
Bihar egingo da festa eta aldarrikapenerako parada eskainiko duen eguna. Porrotxen txupinazoarekin ekin ostean, herri bazkaria, Nazio Manifestazioa eta kontzertuak izango dira, besteak beste.
Heldu den apirilaren 5ean jaia eta aldarrikapena Gasteizeraino eramango dituen Euskaraz Bizi Eguneko egitarauak protagonista asko izango ditu. Porrotx pailazoak botako duen txupinazoaren ostean, kale animazioa, herri bazkari erraldoia, Akelarrea, elektrotxaranga, eskalada topaketak, azoka, umeentzako tailer eta jolasak, eta abar izango dira. Iluntzean Gose, Tximeleta eta Dantza Plaza taldeen kontzertuak hasi aurretik "Ez gara espaloitik jaitsiko. Euskaraz bizi!" lelopean Nazio Manifestazioa eta ekitaldia izango dira.