Sei txupina aireratuz, goizeko 11:00ak pasatxo ekin zioten VI. Euskaraz Bizi Egunari. Izan ziren egunari lehenago ekin diotenak, goizeko 09:00etarako Mirugain mendi-taldeko deialdiari erantzunez hainbat lagunek ibilaldia egin baitzuten Bizkaiko txoko eder honetan barna.
11:00etatik aurrera ez zen aspertzeko betarik izan. Gaiteroak, txistulariak eta trikitilariak goizean zehar Otxandioko kaleetan ibili ziren giroa jartzen. Puzgarriak eta tailerrak izan ziren txikientzat eta bertan pasa zuten goiza gurasoen begiradapean. Aldi berean, gero eta jende gehiago joan zen biltzen herriko plazaren bueltan jarritako artisauen azokan. 12:30ak iristerako hasi ziren Soinubilekoak kantu-poteoan. Ondoren, koadrilen arteko “herri-kirol-jolasek” Euskaraz Bizi Egunera bertaratu direnen artean giro bikaina sortu zuen. Horiek bukatzean, EHEko kideek ekitalditxoari ekin zioten.
Izan, egin eta eragiteko deia
Udaletxeko balkoitik hitz egin zuten eragile euskaltzaleko kideek. Hitza hartzen lehena Otxandioko EHEko eta Otxandioko Euskaldunon Amarauneko kide Mikel Ortiz de Zarate izan zen. Otxandioko udalak hartutako neurriek Carlos Urquijoren helegiteak ekarri dituztela salatu ondotik, herrian euskaraz bizitzeko dituzten oztopoak gainditzeko egiten ari diren lana azaldu zuen. Zera gogorarazi zien bertaratutakoei: "gutako bakoitzak hizkuntza asko izan ditzake; euskarak, gu baino ez".
Jarraian EHEko Nestor Estebanek hartu zuen hitza. Lehenik eta behin, EHEk 35 urte hauetan Euskal Herri euskaldunaren eraikuntzan egindako lana goraipatu zuen. Hala ere, aurretik “lan mardula” dugula gogorarazi zuen. Salatu zuenez, “euskaldunok, oraindik ere, bigarren edo enegarren mailako herritarrak baikara geure herrian bertan, edo hala nahi gaituzte behintzat”. Horren erakusgarri, “ezin dugu euskaraz ikasi, ezin euskara bera ikasi eskolan, ezin euskaraz jardun medikuarekin, poliziarekin…”.
Egonean egoera onartu baino honi aurre egiteko deia egin zuen: “ez gara jaio menpeko izateko. Bagara nor, badugu zer bultzatu, indartu eta egin”. Horretarako, “herritarron gogoa, nahia, ahalmena da aldaketak eragiteko ezinbestezko gakoa”.
"Ukaezina zaiguna lortu eta onartezina dena geldiarazteko ordua" dela iritzita, bidea eginez egiten dela gogorarazi zuen. Adierazi zuenez, "autodeterminazio ariketa indibidual zein kolektiboa egin" eta "egin egin behar dugu, indarrak eta grinak batu, gogoak martxan jarri, euskaldunak ahaldundu eta herri euskalduna mugiarazi".
500 lagunetik gorako herri bazkaria egin ostean, arratsaldean egunaz gozatzen jarraitu zuten. Gibelurdinek taldeak hasi zuen musika eta dantzaren tartea euren folk doinuekin. Urduri dantza taldekoek dantza erakustaldia egingo zuten eta segidan Batukotx batukadaren emanaldia hasi zen. Luhartzek erromeriaren eskaini zuen, eta, hauek bukatzean, Governors eta Gozategik kontzertua jo zuten.
Egunari bukaera emateko, DJ Elepuntok goizeko ordu txikiak arte jarri zuen musika Gaztetxean.
(argazki gehiago euskalherrianeuskaraz.eus web orrian)
Erantzun
Sartu