Jende dezente ari zen hurbiltzen eta 10:30ean hasi behar izan genuen txangoa. Ibilbidean zehar 80 lagun pasatxo elkartu ginen, haur, gazte eta ez hain gazte, handik eta hemendik etorrita. Arabatik, Gipuzkoatik, Lapurditik, eta, batez ere Bizkaitik eta Nafarroatik hurbildu ziren asko. Larrungo Tren Ttikian igo ziren hainbat lagun.
Eguzkia lagun, bi ordu eta erdiko ibilaldia egin genuen bertatik Larrun gaineraino. Ordu erdiko atsedenaldiaren ostean, ekitaldi txiki bat egin genuen, tokiko paisai linguistiko erabat erdaldunari egokitu ostean, eta jarraian duzuen testua irakurri zuen EHEko kide Nestor Estebanek bertan. Honek bukatu ostean, beheranzko bidea hartu genuen Trabeniaraino.
Kotxe karabana luzea egin genuen Ziburuko Baltsan elkarteraino. Eguerdiko 15:00etarako prest zegoen luntxa, doan, mendi-irteeran parte hartu dutenentzako.
Eguneko plantxoari bukaera emateko, aldiz, herri kirol eta jolasak egin ziren Ziburuko frontoian.
Nestor Estebanek egin duen hitzartzeko testua:
Sasi guztien gainetik, euskaldun eta burujabe! Muga guztien gainetik, euskaraz bizi!
“Euskaraz bizi!” esaten dizuegu, bokatiboan. “Bizi zaitezte euskaraz”, alegia, eta ez hori bakarrik. Euskaraz bizi garela ere esaten dizuegu bi hitz horiekin, edo nahi dugula, edo ahal dugun neurrian euskaraz bizitzeko hautua egin egiten dugula eta saiatu saiatzen garela bederen (euskaraz bizi ezin bagara ez dela euskaraz bizi nahi dugunon arduragabekeria kontua). Euskaraz egiten jarraitzen dugulako segitzen dugula herri gisa bizirik helarazten dizuegu ere hala, eta euskarak ere ematen digula bizia; eta euskaraz biziko den herrirantz ari garela ematen pausoak bizi-bizi, ziztu bizian ez bada ere. Hori guzti hori adierazi nahi dizuegu bi hitz horiekin, eta ez hori bakarrik.
Euskararen alde egotetik euskararen alde egitera mugiarazi nahi ditugu herritarrak, norbanakoak eta taldeak, enpresak eta erakundeak, erdaldun, euskaldun eta euskaltzaleak. Euskaldun izateaz harro gaudelako, edo euskararen aurkako eraso gehiago onartzen ez dugulako, edo euskaraz bizi den herria eraiki nahi dugulako, edo ez dugulako euskaraz bizi zen herria betirako galtzen utzi nahi, edo lanerako, norbere burua aberasteko, lagunak egiteko edo ligatzeko balioko digulako. Zuk aukeratu euskaraz bizitzeko zure motibazioa. Guk badugu geurea, eta nik neurea. Zuek aukeratu zuenak, eta zerorrek zeurea, berak ez bazaitu zerori aukeratu ja.
Esanda eta esan gabe doa, guk badugu, baditugu geureak. Euskararen eta euskaldunon aurkako sorgin ehizari aurre egitea da bat, beste askoren artean. “Nola? ‘Sorgin ehiza’… kar-kar!” esango du hemen batek edota han besteak: “inoiz baino euskaldun gehiago dago-eta! Euskararen aldeko legeak ditugu baina… Ze sorgin ehiza?”. “Aspaldian aspaldiko eraso erdaltzaleenak gaur bertan pairatzera garamatzana, zein bestela?” da gure erantzuna. Bai, noski, duela 150 urtez gaindi sortu zuten gaur bertan Hendaia, Beskoitze eta abarreko ikastolen proiektuak geldiarazteko mehatxua ekarri digun Falloux legea. Eta hori bezala, beste asko. Ala posible al da, gaur eta hemen, euskaraz ikastea? Posible da, gaur eta hemen, ogasuneko inspektorearekin, pediatrarekin zein erizainarekin, atariko segurtasunekoarekin, ofiziozko abokatuarekin edo epailearekin, kiroldegiko monitorearekin, eskolako liburutegiko zaindariarekin, edozein herri lanetan dabilen obrako buruarekin, isuna jartzera edo zerbaitetan laguntzera datorren poliziarekin eta abar guztiekin euskaraz egitea, aritzea eta bizitzea? Bada, kasurik onenetan, segun eta non, agian.
Luzetik dator euskararen kate hautsia. Luzarotik baita, euskarari jarritako kate hautsiak. Herritarrok, garaian garaiko euskal hiztun komunitateak, herri euskaldunak eman baitio euskarari arnasa; oztopoak, erasoak eta mugak muga. Ez dira gutxi izan orain artean, eta ez dira gutxi izango etorkizunean hizkuntza ordezkapenaren bidez herri hau azpiratzeko, mendean hartzeko egindako saiakerak, hartuko diren neurriak. Helburua garbia da: euskara inoiz ez normalizatzea. Betirako izatea hizkuntza gutxitua. Hala, euskara eta euskaldunok beti izango baikara normalak ez garenak, gutxiengo gutxitu eta gutxietsia.
Zientzia fikzioa da oraindik euskaldunon hizkuntza eskubideen bermea. Are fikzio groteskoagoa euskararen etorkizuna euskaldunon esku dagoela esan, euskararen erabilera urria berau erabiltzen ez dugun euskaldunoi leporatu eta euskara ofizial ei den administrazioetan euskara erabiltzen uzten ez digutenen kasuan.
Alta, horiek, lotsarik izan ez arren badute arrazoi puntua: herri euskalduna, euskal hiztun komunitatea osatzen dugun norbanakoongan, gure baitan dago giltza. Baina ez errua. Gure esku dago txipa aldatuz burujabe jokatu eta norberarenarekin batera ingurukoen jarrerak aldatzea. Euskararen alde egotetik euskararen alde egitera dagoen jauzian, euskaraz bizitzeko hautu pertsonal eta kolektiboan hasten da dena.
Botere politiko eta administratiboak euskararen normalizaziorako paus egokiak emateko prest ez egotea ez da aitzakia euskaraz biziko den herriranzko bidean urratsik ez egiteko. Gure oinetan hasten baita bidea.
Horretarako etorri gara gaurkoan Larrun gainera. Ez gatoz euskararen eta euskaldunon aldeko neurri konkretu bat irabaztera. Ez gatoz inorekin lehiatzera. Ez gatoz ezer eraiki edo haustera. Gure aldetik jarri ezkero bide luze, latz eta malkartsuen gainetik euskararen aldeko urratsak egin ditzakegula erakustera gatoz. Euskararen alde egoteaz harago horren alde egiteko eta ekiteko prest gaudela adieraztera gatoz Larrun mendiko tontorrera. Euskal Herria zatitu nahi duten mugak desagertzearekin batera Euskal Herri osoko tontor eta ortzi-mugak azaleratzen diren muinera gatoz, oztopo eta sasi guztien gainetik euskaldun eta burujabe jokatuz, malda eta muga guztien gainetik euskaraz biziko den herria irudikatzera.
Europako Hauteskundeak ditugu gainean. Aberri Eguna eta Nafarroaren Eguna fresko-fresko atzean. Erabakitzeko eskubidearen aldeko ekimen garrantzitsuak epe motzean. Zer garen eta zer izan nahi dugun adierazi eta erabakitzeko uneak dira denak. Halarik ere, esan bezala, lehen erabakia hartzea norberari dagokigu, eta, zentzu horretan, egunero da D eguna.”
2014ko maiatzaren 10ean,
Larrun mendiko tontorrean
Euskal Herrian Euskaraz (EHE)
Erantzun
Sartu