Teknologia albisteak

Muga guztien gainetik euskaraz bizitzeko deia egin dute Larrunen

Erabiltzailearen aurpegia
2015-05-11 : 14:07

Herri Urratsen bezperarako plan bikaina antolatu du aurten ere EHEk. Larrun gainean, muga guztien gainetik euskaraz bizitzeko deia lau haizetara zabaldu dute makina bat euskaltzalek. EHEk beste hainbat elkarteren laguntzaz antolatuta, Sara-Larrun-Sara mendi irteera egin zuten larunbatean. Herri kirolez, musikaz eta pilota partidez gozatu ostean, Urrats gauarekin amaitu zuten eguna. Dama, Kalera eta Itziarren Semeak taldeek joko zuten, Gaztetxean. 

Tontorrean egin zuten ekitalditxoa. “Muga ororen gainetik euskaraz bizi nahi dugula aldarrikatzera Larrun gainera” igo direnei eskerrak emanez ekin zioten. Eskerrak eman ondotik, euskaraz bizitzeko ditugun mugak ekarri zituen gogora EHEko Nestor Estebanek. Ez aspaldikoak, “gaurkotasun bizikoak baizik”. Besteak beste, 1850eko Falloux legearen gerizan ikastolen aurrerabidearen urraketa, ikasketak euskaraz bukatzeko ezintasuna edota Baxoa euskaraz pasatzea ezinezko bihurtu izana salatu zituen. Horren aurrean, “herritarron hizkuntza eskubideen bermatzaile beharko luketen administrazio publikoek eskubide horien urratzaile nagusiak izaten” jarraitzen dutela gaitzetsi zuen.

Euskaraz bizitzeko eskubidea “ukatzen diguten neurriak eta legeriak gero eta errealitate krudelagoak” direla arbuiatu zuen. “Teoria hutsetik eta paper bustitik harago babestuko gaituen legerik” ez dugula kontutan izanik, “bide honetatik mendeak beharko direla euskara normalizatzeko” ohartarazi zuen. UNESCOren arabera, bi mende baino gehiago, kasurik onenean.

Horren aurrean, euskaraz bizitzeko ezintasunaren errua euskaldunoi egozteko saiakera ororen kontra agertu zen. Alor horretako erronka ere “itzela” dela jakinik, “egunez egun euskararen alde lanean, egoten eta egiten, kemena lagun euskaraz bizitzeko nahiari hauspoa ematen, irribarrea soinean euskaldun izatearen harrotasuna hedatzen eta espaloitik ez jaisteko hautuari eusten” ari direla goraipatu zuen.

“Euskaraz bizitzeko autodeterminazio ariketa indibidual eta kolektiboa egiten” jarraitzearen beharra azpimarratu zuen, legedi arrotzek eta gutxiagotze estrategiek ezingo baitute herri-gogoa makurrarazi. “Euskaldun izateaz harro gaudelako, edo euskararen aurkako eraso gehiago onartzen ez dugulako, edo euskaraz bizi den herria eraiki nahi dugulako, edo ez dugulako euskaraz bizi zen herria betirako galtzen utzi nahi, edo lanerako, norbere burua aberasteko, elkar ezagutzeko edo dena delakorako nahi, behar edo balio digulako” izan, muga guztien gainetik euskaraz bizitzeko deia eginez eman zion amaiera ekitaldiari.

Erantzun

Sartu