Heldu den apirilaren 5ean jaia eta aldarrikapena Gasteizeraino eramango dituen Euskaraz Bizi Eguneko egitarauak protagonista asko izango ditu. Porrotx pailazoak botako duen txupinazoaren ostean, kale animazioa, herri bazkari erraldoia, Akelarrea, elektrotxaranga, eskalada topaketak, azoka, umeentzako tailer eta jolasak, eta abar izango dira. Iluntzean Gose, Tximeleta eta Dantza Plaza taldeen kontzertuak hasi aurretik "Ez gara espaloitik jaitsiko. Euskaraz bizi!" lelopean Nazio Manifestazioa eta ekitaldia izango dira.
EHEko Asier Díazek eta Nestor Estebanek agerraldian hurrenez hurren irakurri duten testua:
"Heldu den apirilaren 5ean izango da Euskaraz Bizi Eguna, hementxe bertan, Gasteizen. Bertako eragileekin auzolanean antolatu dugu jaia eta aldarrikapena uztartuko dituen egunaren egitaraua “Ez gara espaloitik jaitsiko! Euskaraz bizi” lelopean. Egitarau zabala zinez, Euskal Herriko euskaldun eta euskaltzale oro euskararen alde egotetik euskararen alde egitera eramateko apustuan sakontzeko.
Goizeko 11:00etan Porrotx pailazoak botako duen txupinazoarekin emango diogu hasiera egunari Matxete plazan. Ordutik aurrera kale animazioa izango da protagonista eta Gasteizko Alde Zaharretik gira eta bira ibiliko dira trikitilari, dultzainero eta abarrak. Urtxintxa aisialdi taldeko lagunen eskutik umeentzako tailer eta jolasak izango dira goizean zehar Matxete plazan. Horrekin batera, Herri Kirol erakustaldiak, erakusketak, eragileen txokoak eta artisauen azokak hartuko dute aipatu plaza. Eskalada topaketak izango dira Otsogorrigaina Mendi Elkartearen eskutik, euren lokalean. Aipamen berezia egin nahi diegu EHErekin batera eskuz esku egun honen antolaketan dabiltzan Hala Bedi irratiko kideei. Apirilaren 5ean Gasteizera etorri ezin dutenek ere Euskaraz Bizi Egunaren berri izan dezaten irratsaio berezia ari dira antolatzen besteak beste.
Eguerdiko 14:30ean, aldiz, ehunka lagunentzako herri bazkariko giroa izango da protagonista. Bazkarikoa, eta bazkalostekoa ere bai, noski, hor ere ez baita faltako animaziorik, Izaki Gardenak taldekoei esker, besteak beste.
Arratsalde partean, Andra Mari Zuritik 18:00etan atera eta eguneko leloarekin Gasteizko kaleak zeharkatuko dituen Nazio Manifestazioa eta ondoko ekitaldia izango dira protagonista. Euskaldun izateaz harro agertu eta ez garela espaloitik jaitsiko adieraziko dugu herritar andanak mobilizazioaren bitartez. Bertan parte hartzeko dei berezia luzatu nahi diegu hemendik euskaldun eta euskaltzale guztiei.
Hala ere, azken honen aurretik eta ostean ere izango da zertaz gozatu kalerik kale. Akelarre ikusgarria, Ttek elektrotxaranga eta abar izango baitira giroa berotzen iluntzeko 20:00etatik aurrera Dantza Plaza, Tximeleta eta Gose taldeen kontzertuak hasi bitartean.
Etxarri-Aranatzen bidea egiten hasi eta Gernika-Lumo, Donostia eta Agoitzetik pasa ostean aurten bosgarrenez egingo den Euskaraz Bizi Eguna euskaraz bizitzearen aldeko hautuari behar duen bultzada emateko eguna dugula esan dugu sarritan; norbanako zein komunitate, euskaldunok sasi artetik salto egin eta garenaz harro gaudela, euskaraz bizi nahi dugula erakusteko eguna dugula Euskaraz Bizi Eguna; herri euskaldunaren eta euskararen alde egotetik harago, horren alde egiteko prest gaudela adierazteko eguna dugula Euskaraz Bizi Eguna.
Zentzu horretan, eta iazko edizioan “Ez zaitez espaloitik jaitsi!” leloarekin abiatu genuen bideari jarraiki erantsi diogu aurtengo Euskaraz Bizi Egunari “Ez gara espaloitik jaitsiko!” leloa.
Aukeratu genitzakeen euskal jendartean ezagunago diren edota atxikimendu handiagoa lortzea erraztu zezaketen bestelako leloak, baina berau aukeratu eta leloaren atzean dagoen ideia herritarrongana zabaltzean indar berezia egitea erabaki dugu. Hortaz, zergatik jarri diogu lelo bitxi hau? Nondik atera dugu? Bada, Etxarri-Aranazko EHEk bertako udaleko Euskara Batzordearekin abiatu zuen “Ez zaitez sekula espaloitik jaitsi” egitasmotik, hain zuzen ere. TELP (Taller d'Espai Lingüístic Personal edo norbanakoaren hizkuntza espazioarentzako tailerra) saioen sortzaile Ferran Suayk idatzitako “Bahamarren edukazio ona” deituriko testua hartu zuten aipatu egitasmoaren oinarri bezala. Testu horretan Apartheid garaian Bahamar uharteetan gertatzen zena kontatzen da. Laburbilduz, finean, bertako herritar beltzak espaloitik jaisten ziren zuriak zirenekin gurutzatzean (euren artean gurutzatzean ez ordea). Suayk katalanen hizkuntza jokabideekin lotzen du Bahametan gertatzen zena. Istorioa Euskal Herrira ekarriz, esan dezakegu hemen ere berdin jokatzen dugula euskaldun gehientsuenok. Erdaldunekin topo egitean, espaloitik jaitsi eta erdaren errepidera egiten dugula salto, alegia.
Zenbat aldiz eskatu zaigu euskaldunoi ustezko errespetu edota edukazio delako baten izenean euskararen espaloitik jaitsi eta erdaren errepidera salto egitea? Zenbat aldiz esan zaigu euskara bizikidetzarako tresna dela? Bizikidetza, errespetua edo edukazioa aldarrikatu al daitezke pertsona bati bere hizkuntzan aritzea eta bizitzea galarazten zaion aldi berean? Ezetz uste dugu. Ze errespetu, edukazio edo bizikidetza dago bada euskara eta euskaldunak menpekotasunera kondenatzen dituen jarrera batean? Ez dago.
Horregatik aldarrikatu nahi dugu jendartean eman beharreko aldaketak eragiteko norbanakootan daukagula lehen giltza. Norberegandik hasita eman nahi baditugu aldaketak, nahitaez egin behar dugu euskaldunok espaloitik jaitsi ez eta euskaraz bizitzeko hautua. Bahamarrek bere garaian egin zuten gisara, Rosa Parksek 1955ean bere lekua gizon zuri bati utzi ez eta autobusaren atzealdera joateari uko egin zion gisara, edo munduan zehar makina bat langilek, emakumek, homosexualek eta abarrek zapalkuntzari gainditzeko egin duten gisara.
“Ez gara espaloitik jaitsiko!” leloaren atzean dagoen istorioa zabaltzea, baina, ez da hain erraza, eta ipuina segidan aurkeztuko dizuegun eta Euskaraz Bizi Egunera deialdia egiten duen ikus-entzunezko spot batean jasotzea pentsatu dugu, euskaldunok bizi dugun zapalkuntzaren kontzientzia hedatzen joateko; euskaldun eta euskaltzale orok ipuinean jasotzen den ideia bere egin eta bere inguruan zabaltzeko. Gu ez gara espaloitik jaitsiko. Eta zu?
Euskal Herrian Euskaraz (EHE)
Gasteizen, 2014ko martxoaren 18an
Erantzun
Sartu