Teknologia albisteak

Eneko Agirrezabal, Behobiako txapeldun, Egunean Behin-eko txapeldun

Erabiltzailearen aurpegia
2021-11-15 : 12:16

Eneko Agirrezabal (Segura, 1986), Txindoki Atletismo Taldeko korrikalaria, gailendu zen atzo ezustekoa emanez Behobia-Donostia lasterketan, Euskal Herriko kirol proba herritar ospetsuenean. Egunean Behin-eko kontutik zabaltzen badugu hau da Agirrezabal ezagutzen dugulako da, 2019ko abenduan egin zen gure jokoaren lehen finalean eta zuzeneko emanaladian, berak irabazi zuen! Azkarra da Eneko, dudarik ez.

Eneko Agirrezabal ez zen hautagai nagusienen zerrendan ageri Behobia lasterketan, baina irabazi du: Gaintxurizketako gainean jo zuen erasoa, gero lau lagun iritsi ziren azken metroetaraino, eta Kursaala baino lehentxoago jo zuen azken erasoa Agirrezabalek, bakarrik sartuz helmugan Bulebarrean. Emakumezkoen kategorian faborito nagusia gailendu zen, Nuria Lugueros espainiarra.

Fisika eta kimikako irakaslea da Agirrezabal Andoaingo Leitzaran institutuan. Beraz, amateurismo konpletotik egiten ditu lasterketak. Hala ere, entrenatzaile bat badu, Jon Etxeberria. Txindoki Atletismo Taldea da bere kluba.

Egunean Behin jokoan 2019ko abenduan egin zen zuzeneko lehen aproba eta finala, Azepitiko Sanagustin kulturgunean. 100 lagun inguru, gonbidapena eskatu zutenak, bertaratu ziren, eta txanda pare baten ondoren, 10 lagun onenek oholtzan jokatu zuten azken partida, horretan gailendu zen Eneko Agirrezabal. Hona Sustatun agertu zen kronika.

Eta bere emaitza:

Orduko beste pare bat kronika,Uztarrian eta Berriako bideo-kronika.

Eguneraketa, azaroak 17. Berrian galdetu diote Egunean Behin-eko garaipenaz, ea galderekin ere hain azkarra den. Etzez dio Agirrezabalek: "Ez. Zorte kontua izan zen. Nik badakit zein posturen bueltan ibiltzen naizen urtean zehar.".

Bestalde, anekdota polita Segurako korrikalariak Mundo Deportivon kontatu duena: Euskaldunon Egunkariaren sustapen lasterketa batean, Donostiako Antiguan, egin zuela debuta, bederatzi urterekin: “10 kilometro zituen eta bukatzea lortu nuen, aitak ere egiten zuen Behobia eta bera ikustera etortzen ginen, gainera anaia zaharragoak abiadura egiten zuen Ordizian... Horrela hasi zen dena”

Erantzun

Sartu