Teknologia albisteak

Eneko Agirrezabal segurarra, Egunean Behin Finaleko irabazlea

Erabiltzailearen aurpegia
2019-12-14 : 17:56

Egunean Behin jokoaren Finala jokatu dugu gaur Azpeitiko Sanagustin kulturgunean 101 lagunen artean, eta lehia bizi, interesgarri eta are zaratatsu baten ondoren, Eneko Agirrezabal Segurakoa gailendu da. CodeSyntax-en asmatutako jokoaren denboraldiko berritasun nagusia, denok aldi berean partida berak jokatzeko aukera, primeran integratu da aplikazioan, eta bertaratutakoek zein antolatzaileek primeran pasatu dugu. Azpeitiko Udalaren, Kulturaz Kooperatibaren eta Domusa etxearen babesa eskertzekoa izan da.

Izena emandakoen artean, 101 bat lagun bertaratu dira azkenean finalera. Horien artean, erdiak-edo postuagatik sailkatuak, eta besteak gonbidapena eskatu zutenak. Azkenean irabazle izan zenak, Eneko Agirrezabalek, astean batean 3. postua lortua zuen, eta halaxe sailkatu zen.

Finala bi fasetan garatu da, lehenbizikoan bertaratutako guztiek parte hartu dute, 40 galderari lau txandatan erantzuten. Kike Amonarrizek bikain animatu du txanden jokoa, batean erantzunen estatistikak komentatzen eta bestean oker irrigarrienak kritikatzen. Lehen eta bigarren txandetan 100 puntu banatu dira bakoitzean, 3.ean 200 eta 4.ean 300 puntu. Hau da: pattal hasi arren, aukera zegoen txanda aurreratuagoetan gorantz egiteko. Hain zuzen ere, finaleko 10 onenetan sailkatu den Joseba Barandiaran ekonomilariak aitortu du 2. txandan 2 bakarrik asmatu dituela eta aukerarik gabe ikusi duela bere burua orduan...

Lau txanden amaieran, lehenak geratu diren 10ak oholtzara igo dira, zortzi gizonezko eta bi emakumezko, eta haien artean bakarrik jokatu da lehiaren amaiera. Gainerako ikusleek pantailaren bidez jarraitu dute orduan, eta horrela ere finalak interesa duela iruditu zaigu. Aurretik ere, jokoan ari ziren 100 lagunez gain, beste horrenbeste edo gehiago izango ziren ikusle, eta ez dirudi aspertu direnik.

Amaierako hamarrek batazbesteko 6.7 erantzun asmatu dituzte azken txanpa horretan, eta irabazleak 9 asmatu ditu. Galderak mota askotakoak izan dira, batzuk jokoan ohikoak, babesleek proposatuak, besteak gai berriak (moda, gastronomia), baten batzuk bereziki gaiztoak (zenbaki erromatarren zopa-letra, adibidez, edo Mozambikeko banderarena), eta bat bederen ikusleak aretoan inplikatu dituena: Sanagustineko kupulako arkuak kontatu behar izan dituzte.

Azkenean, sailkapen honetan hiru lehenek saskia eraman dute (Eneko Segurakoak handiagoa), beste 3 saski banatu dira zozketaz partehartzaile guztien artean, eta lehen azpeitiarrak (22. postuan sailkatu den Xabi urrestildarrak) sari berezi bat ere eraman du Udalak emana.

Finala joan da beraz, baina espero dugu zuzeneko horrelako ekitaldi gehiago egin ahal izango ditugula 2020an. Jokoak berak ez du denboraldia amaitu, aste honetako Arnasa Gara ekimenaren babesletzak jarraitzen du bihar arte, eta beste bi babeslerekin ere beste bi astez lehiatuko gara aurten oraindik, abenduaren 29a arte, Eguberri giroa ere aprobetxatuz. Gero, etentxo bat urtarrilean, eta martxa bizian itzuliko gara 3. denboraldian.

Eskerrik asko guztioi!

 

Erantzun

Sartu