Teknologia albisteak
1

"Egunean behin", tribial estiloko jokoa argitaratu dugu Android eta iPhonerako

Erabiltzailearen aurpegia
2019-03-13 : 13:15

Mugikorrerako aplikazio berri bat argitaratu dugu aste honetan. Egunean Behin deitzen da, eta tribial estiloko galdera-erantzunen joko bat da. Erabiltzaileek 10 galderako galdetegi bat erantzun beharko dute (egunean behin, egunero partida bat), ahalik eta denborarik laburrenean. Astean zehar jokatutako 7 partidetan onena izan denak oparia jasoko du igande gauero; eta astelehenetan partida berria hasiko da. Euskaratik eta euskaraz sortutako 50.000 galdera daude gehituta datu-basean. Jaitsi eta probatu, Android eta iPhonerako dago garatuta.

Aplikazio berri bat garatu dugu Codesyntaxen, galdera-erantzunen joko bat: Egunean Behin. Bakarka edo taldean jokatzeko prestatua dago eta oso dinamika errazeko jokoa da. Izenak berak dioen bezala, egunean behin partida bat jokatzeko aukera izango duzu. Partida bat, eta bakarra. 10 galdera erantzun beharko dituzu, ahalik eta azkarren

Get it on Google Play

Behin aplikazioa jaitsi eta instalatuta, Egunean Behin jokatuko duzu; egunean partida bat, alegia. Tribial itxurako 10 galderako sorta bat da (kultura, kirola, matematika, geografia, literatura,...), eta izan dituzun emaitzen arabera puntu gehiago edo gutxiago jasoko dituzu. Zenbat eta gehiago asmatu, eta zenbat eta bizkorrago, bada, puntu gehiago! Sailkapena, astekoa izango da. Astelehenero lehiaketa berria ipiniko da martxan, eta igande gauean puntu gehien dituenak oparia jasoko du.

50.000 galdera, automatikoki sortuta eta euskal erreferentzietatik abiatuta

Duela aste batzuk irakurri genion Urtzi Urkizuri Berrian, une honetan ez dagoela euskarazko lehiaketarik euskarazko telebistetan. Horrek dakartzan ondorioen artean dago, besteak beste, gure erreferente ludiko eta kulturalak erdarazkoak ari direla bilakatzen, poliki-poliki baino arrapaladan. 

Tira, gure aldetik, behintzat, hutsune handi hori betetzen hasteko ahalegin txiki bat da Egunean Behin, bederen. Euskaldunei euren hizkuntzan jokatzeko (eta gozatzeko) aukera berri bat eskaintzea, guztia ere euskaraz eta euskarazko unibertsotik sortutako galderekin. Izan ere, badira mundu mailako galderak, baina galdera geografiko eta kulturalak Euskal Herrikoak dira: euskarazko liburu eta idazleak, Euskal Herriko geografia, euskal kazetari eta kirolarien inguruko galderak, gure hizkuntzarekin lotutako hainbat galdera, eta abar. Nola esaten da limoia iparraldean? Zenbat biztanle ditu Durangok? Non jaio zen Loli Astoreka euskal aktorea? Zein da argazkiko euskal pilotaria?

Egunean minutu pare bat euskaraz jokatzeko aitzakia ematen badizugu, gu, pozik. 

Esan bezala, berrogeita hamar mila galdera baino gehiago prestatu ditugu jokorako, baina gure asmoa da galdera berriak egiten jarraitzea, tematika eta logika desberdinekoak eta, ahal dela, euskarari, gure erreferentziei eta gure imaginarioari lotutakoak. Galderak automatikoki sortu dira iturri desberdinetatik. Euskarazko Wikipedia (eta atzeko dbpedia) izan da iturri nagusienetakoa, hango informazio egituratua erabili delako galdera asko eta asko sortzeko. Baina bestelako iturriak ere erabili dira, hala nola Literaturaren Zubitegia, Panoramio (2016. urtean itxi zuten Googleren zerbitzua), Twitterreko mikroipuinak, eta abar. Galdera bakoitzaren alboan erakusten da galdera bakoitza nongo iturri libreak erabilita sortu den.

Hemen duzu jaitsi eta probatzeko aukera:

Get it on Google Play

 

Erantzunak

2019-10-20 : 10:54

Aupa, nire aplikazioa jokatzera noan bakoitzean itxi egiten da. Android daukat. Galderak erantzuten hastera noanean itxi eta berriro irekitzen dudanean jada jokatu detela dio. Jakin dezazuen.

Erantzun

Sartu