TBX jaio da. PuntuEus bat da, eta te-be-ixa ahoskatzen da. Euskaldunok sarean ikusten ditugun bideoen sailkapen automatiko eta jarraitu bat da. Lehen bertsio honetan, eguneko, asteko, hilabeteko eta urteko ranking aldakorrak eskaintzen ditugu. Besteak beste, sareko euskarazko bideoei bisibilitatea ematea da proiektuaren helburuetako bat.
TBX-ren sortzaileak CodeSyntax gara. Algoritmo propio bat garatu dugu bideoak eta kanalak detektatzeko, eta haien ikusgarritasuna edo arrakasta erlatiboa antolatzeko. Euskarazko bideoak sailkatzeko dago prestatua TBX, baina euskaldunok sare sozialetan komentaturiko erdarazko bideoak (edo hizkuntzarik ez dutenak) ere sartzen ahal dira zerrendetan. Bideo bakoitzarekin, informazio apur bat, aberasten joan daitekeena: funtsean, zein kanaletatik etorri den, eta zein posizio duen une honetan rankinean:
2010. urtean Umap sortu genuen, Twitterreko euskarazko txioen batzaile gisa. Euskarazko txioen eta hitz-gakoen iragazki baten gisa hasi zenak, harrezkero beste hainbat gauza eman ditu: saretik detektatutako estekekin albistegi bat egin dezakegu Sustatun, eta sareko euskarazko aktibitatearen analisi soziolinguistikoak eta rankingak eskaini ere bai. Antzeko itxaropenak jarrita dauzkagu TBX-n: orain, 2017ko udaberriarekin, unean uneko Youtubeko euskarazko bideoen batzaile bat da, aurrerago Youtuber komunitate baten bilgunea izan daiteke, artxibategi historiko bat.... auskalo, mila gauza. Telebista bat, agian (zerbaitegatik jarri diogu TBX izena, azken batean).
Oraingoz, Youtube-ko bideoak dira TBX-n agertzen diren guztiak, zerbitzu honen API-a delako automatioki ustiatzeko aukera ematen diguna. Beste bideo-zerbitzu batzuk ere kontsultatu nahi genituzke (bereziki Vimeo eta Facebook), baina ez dago oraingoz erraztasun teknikorik horretarako. CodeSyntax-ek landutako Robsoc i+G proiektuaren eta Umap zerbitzuaren teknologia ere badago TBX-ren tripetan.
Youtuberra zara eta zeure bideoak TBXn agerrarazi nahi dituzu? Zeure euskarazko bideoek ikuskatze asko edukitzea da koxka. Ez dago sekretu handirik horretatik aparte, eta guk ezin dugu algoritmoa mesedeak egiteko eraldatu. Hala ere, aholku eta pista praktikoak emateko prest gaude, idatzi lasai tbx [a bildua] tbx.eus e-posta helbidera.
Postontzia irekita dago gainerako iradokizun eta proposamenetara ere, eskerrik asko.
Nire etxeko telebistan TBX ikusteko ariketa. Hain konplikatua ere ez da, baina prozesu hau sinpletzea helburu.