“Hiztunetik Hiztunera…” ikastaroko testigantza hunki jakingarriak EHUko Udako ikastaroetan, eta gure sumisio linguistikorako aurredisposizioen anekdota adierazgarriak (?)
Anekdota adierazgarria (?)
Azken egunean hitz egin zigun, ondo interesgarri, Joan Pujolar Cos, Bartzelonako Universitat Oberta de Catalunya-ko doktore filologo eta hizkuntzalariak, gaur eguneko Kataluniako ‘gazteen’ artean sumatu litezkeen hainbat ohitura, eta garai batekoen aldean, desberdin gertatzen diren zenbait fenomenoren inguruan, espainolaren eta katalanaren erabilerei dagokienean hainbat gizarte esparrutan.
Nire harridurarako hitzaldia espainolez eman zuen (Egunon eta Eskerrik asko-edo euskaraz esan eta gero, hemengo ohitura ondo sustraitua dugun legean), nahiz eta gero pantailan erakutsitako zenbait testu, katalanez edo ingelesez ere egon, eta hauek ere berak itzuli zituen espainol argira.
Ondoren dozena-erdi iruzkin edo galdera-edo egin zitzaizkion jendartetik Joan katalanak esanari, eta berriro hauek denak ere ‘erabateko edukazioz’, espainol hutsez, nahiz hiztunak euskaldunak izan, eta baita ere han entzuten geunden beste ehun pertsona guztiak. Dozena-erdi hiztunok ere nolanahi, denak hasi zitzaizkigun euskaraz agurra eginez (guri eta Joan katalanari): Egunon, Eskerrik asko… ohiko lez, espainol argian jarraitzeko.
Hala ere, lehen egunean sarrera hitzaldia ingelesez irakurri zitzaigun -pisu egia esan, eta nahiz hizlari estatubatuarrak espainola ere mintzatzen bide zuen-. Euskararako bat-bateko itzulpena eskaini zitzaion nahi zezanari.
Harritu ninduen katalanarekin baliabide bera ez erabiltzeak. Eta amaieran zergatiaren galdera egin nien, bai, Joan irakasleari, eta bai antolatzaileei, bide batez nire harriduraren, eta are haserrearen, zergatia azaldu nahiz -ez dakidan arren arrazoiak azaltzea lortu nuen, edota soilik haserrea-.
Joanek berak zein antolatzaileek aitortu ziguten antolatzaileek beraiek eskatu ziotela Joani hitzaldia zuzenean espainolez emateko. Ez zuten antolatzaileek zergatia azaldu, eskatu zitzaien arren. Joanek argitu zigun bere bizitza osoan (48 bat urte) huraxe zuela lehen aldia-edo halako hitzaldi bat espainolez ematen zuena. Bestela erdi eta erdi aritzen omen da katalanez eta ingelesez. Eta ‘ilusioa’ eta guzti ere egin omen zion bere buruari ‘proba’ hori pasarazi behar izanak (Noren, eta gure eskutik! Hamaika ikusteko...!).
Ni kexatu egin nintzaien antolatzaileei, beraiek ere, kontzienteki -gaizki-, edota kontzientziarik gabe -okerrago?-, han bildutako 100 euskaldunoi berriro ere ‘espainola’ inposatzeagatik inongo beharrik gabe. Hizlariaren hizkuntza bakarra edo aukerakoa espainola izan balitz, eta hala ere zuzenean entzutea mereziko baligu, ulertuko nuke hitzaldia espainolez ematea (nahiz beste parte-hartzaile batek esan bezala, halako kasu batean euskararako itzulpena ere ziurtatu beharko litzatekeen, iparraldekoen ‘izenean’ -are ‘espainol gehiago’ jasan nahi ez dugunonean ere ahal izanez gero-).
Ikastaroko ‘Hizkuntza ofiziala: euskara.’ dio oraindik ere egitarauak. Baina antolatzaileek, errespetatu ez guri katalanera hurbiltzeko edo katalanaz gozatzeko aukera (eta katalanetik euskararako itzulpena ere eskaini -diru hori aurreratu bide du antolakuntzak!-). Hizlaria bere hizkuntza zapaltzen diharduen estatuko hizkuntza politika glotofagiakoak -Espainietako dibertsitate linguistikoa inondik ere ezagutu nahi ez duen politikak- ezarritako hizkuntza giristino bakarrean mintzatzera behartu, eta gu entzule euskaldun gizajook berriro ‘espainola’ gure ezinbesteko hizkuntzatzat gurtzen, inongo beharrik ez den kasuan ere.
Ez ditugu agidanean nahikoa, bestela ere gu guztiongana etxeko zopataraino bizitzako segundo guztietan heltzen zaizkigun espainolaren bidezko mezuak, ehunka telebista, irrati, egunkari, hezkuntza sistema, sare sozial... eta abar guztien bitartez.
Gipuzkoako Foru Aldundiko (Euskara saileko) lankidetza ere behar du nonbait. Utikan!
Kike Amunarrizen txiste bat: “Ehun euskaldun euskaltzale bilduta, tartean gure hizkuntza politikan adituetakoak, bilkura antolatu dutenak, itzulpen sistema egokia eskueran, eta katalan bat.
Galdera: Ze hizkuntzatan mintzatuko dira bilera? Ze hizkuntzatan mintzatuko da katalana? Ze hizkuntzatan mintzatuko da euskaldunetako bakoitza?
Erantzuna: Ez dakigu. Txillardegiren soziolinguistika matematikoaren eredua ez da 99ko taldeetara baino iristen.”
Txarra. Barkatu biezat Kike Amunarrizek. Ez dakit Txillardegik ulertuko zidan.
Saioko iruzkinak egiten espainolez aritu zitzaizkigun euskaldunak ziren Gipuzkoako Foru Aldundiko Euskara saileko arduraduna, Soziolinguistika Klusterreko lehendakaria, aurreko egunetako hizlari...
Nik, azaldu nahi izan nuen horixe zela sumisio linguistikoa. Han egiten ari ginen horixe. Gipuzkoako Foru Aldundiko Euskara saileko arduradunak, Soziolinguistika Klusterreko lehendakariak, aurreko egunetako hizlariak... agertzen ari zuten horixe. Eta galdetu nuen, nora ote gindoazen, gu gure artean horrela arituta, gero ‘kaleko hizkuntza ohiturak’ aldatu nahian, euskaldunak beste euskaldunei erdaraz, espainolez edo frantsesez, mintzo zaizkienean, gu gerok horrela ari garenean baldintza guztiak geure alde ditugunean.
Noiz hasi behar dugu intsumiso linguistiko izaten? Noiz hasi behar dugu nukleo gogorrekoak izaten, euskaldun zorrotzak, ‘katalan akutuen’ pare? Beti irudi ote zaigu besteak direla hizkuntza ohiturak aldatu behar dituztenak?
Ondoren esan zidan bakarren batek, azkenean haserre bukatuko zuela nirekin -seguru asko ez da lehen aldia halako tenka batean gertatu dena nirekin-. Egon zen ere, niri erantzuten, eta beste hitz batzuekin bazen ere, gutxi gorabehera ‘psikiatrarengana’ bidali ninduenik nire ‘haserreak’ konpontzera, hor denen aurrean adierazten ibili beharrean... Edo ‘bidali gintuenik’, ze plurala zerabilen… Agian errukizkoa.
Agian maiz bezala, nire moduak ez ziren izango egokienak nire iritziak azaltzeko. Seguru. Ni ez naiz batere ona halako kontuetan ere. Bestela ez lioke jende batek nire behatz atzapartu gaixoari begiratuko, hatz, atzamar, eri edo dena delakoa. Ez zen hori nire asmoa. Oraingoan ere, nire aztaparrak, ongi edo gaizki, agian zaunka, baina ilargi bat markatu nahi zuen, txinpartatxo bat. Beste handi barik.
Baina, ez dakit, Foru Aldundi honek antolatu ordez, aurrekoek antolatu izan balute, halako kontsiderazioek, nirea bezalakoek, bide leunagoa izango ote zuketen. Agian ez.
Barkatu gaizki esanak.
Iritzi gehiago ere gustura entzungo nukeelakoan…
Ondo izan
Bittor
Erantzunak kargatzen...