Beheko suaren epelean hartu gaitu Pello Rubiok Txillarren, urteetan Arnaldo Otegi Batasuneko bozeramailea eta Jesus Egiguren PSE-EEko presidentea batu ziren egurrezko mahaiaren bueltan. “Beheko suak giro atsegina sortzen laguntzen du”, dio. “Hori izan zen Txillarreko bileretan nire papera: hemen hizketarako giroa sortzea”, gehitu du. Argazkirako, hiru liburu ekarri ditu mahaira. Jesus Egigurenen ETA, las claves de la paz, Fermin Munarriz kazetariaren El tiempo de las luces elkarrizketa liburua eta Imanol Murua kazetariaren Loiolako hegiak. “Jesus eta Arnaldo dira hemen protagonistak, eta ez ni”, argitu du elkarrizketa hasi aurretik. (BARREN astekariak eginiko elkarrizketa: http://www.elgoibarren.net/content/view/3864/1/)
•‘Su txikian’ antzezlana taularatuko dute gaur iluntzean [azaroak 16] Elgoibarren. Patxi Gonzalezek betetzen du zure rola obran. Antzezlaneko Pello Rubio hori zara? Zer iruditu zaizu obra bera?
Fikziotik dezente dauka nire pertsonaiak. Gizartearen eta politikarien arteko zubia naiz, istorio honetako notarioa-edo. Akta liburu bat idazten dut obran, eta azkenean, mahai gainean laga eta han jasotakoari heltzeko erronka botatzen diot gizarteari. Narratzaile antzeko bat naiz, nolabaiteko hari bat. Egia esan hasieran larregiko protagonismoa eman zidatela ere iruditu zitzaidan, baina era berean egia da ni ez banintz beste norbait sartu beharko luketela istorioan, huts-hutsean hiru-lau politikari hizketan jartzea ez delako erakargarria. Eta bai, gustatu zait antzezlana. Joan den ostegunean (azaroak 8) hemen izan ziren aktore guztiak bazkaltzen. Babajana egin genuen hamahiru bat lagunek, baserriko energia positiboa transmititzeko.
•2000. urtean hasi zineten zuek hiru lagun Txillarren batzen. Paco Egea, Arnaldo Otegi eta zu zeu. Zerk bultzatuta? Zertarako?
Oso modu naturalean izan zen. Ezkutuko bilerak izanda eta zerbitzu sekretuak tartean egonda, nik ez dakit jendeak zer uste duen izan zela hau, baina benetan: hau oso modu naturalean egin genuen hasieratik. Neuk batu nituen biak, eta urtebetez ia hilero bildu ginen hemen, hitz egiteko; politikaz eta politika ez zenaz hitz egiteko. Aspaldiko lagunak ditut biak, Elgoibarko lagunak. 17 urte zituenetik ezagutzen dut nik Arnaldo [Otegi], Francoren garaian borroka askotan eta batzar askotan egokitu ginen-eta elkarrekin. Juan Paredes Manot Txiki eta Angel Otaegiren fusilatzeen ostean ere, a barricada limpia ibili ginen kalean. Ni ez naiz behin ere ezker abertzalekoa izan, LKIkoa (Liga Komunista Iraultzailea) baizik, troskista-edo. Baina Francoren garaian, Franco kentzea zen lehentasuna. Paco Egea ere 18 urte zituenetik ezagutzen nuen, lantokitik, eta harreman ona mantentzen dugu.
•Eta ez zegoen motibazio politikorik bilera haien atzean?
Ez, ez. Ez genuen hitz egitea beste helbururik.
•Hala joan zen 2000. urtea, eta 2001. urte hasieran Jesus Egiguren batuko zaizue. Nork gonbidatuta?
Paco Egeak berak proposatu zigun 2000. urte amaiera aldera, eta Arnaldok gustura hartu zuen. Eta halaxe 2001. urte hasieran hasi zen etortzen Jesus. Baina helburua ez zen bakeaz edota ETAz hitz egitea. Mahai batean bueltan solastea baizik. Jesus etortzen hasi eta hilabete batzuetara, ia Pernando [Barrena] gonbidatuko genuen galdetu zigun Otegik. Eta halaxe, bostok hasi ginen batzen.
•Garai zailak ziren. Batetik, ETAk hautetsi sozialistak zituen atentatuetako jomugan, eta bestetik, Espainiako Auzitegi Nazionala egurrean zebilen ezker abertzaleko egituren kontra.
Bai, hala da. Eta, gainera, Espainian PPk agintzen zuen. Pentsa! Horrek erakusten du hemen biltzen zirenak beti egon direla negoziatzearen alde. Arnaldo Otegi da horren adibide garbia. Beti egon da hizketarako prest, beti jende berriarekin biltzeko prest, gai honi irtenbide bat emateko.
•Jesus Egiguren lehenengo eta ondoren Pernando Barrena gehitu zitzaizkizuenean Txilarreko bilerek kutsu politiko handiagoa hartuko zuten, ala?
Ez pentsa. 2001etik 2005. urtera bitartean 40 bat bilera egingo genituen. 40 bat bazkari edo afari. Ez genuen egutegi finkorik. Batzuetan gosaltzeko batzen ginen, hurrengoan bazkaltzeko, eta beste zenbaitetan afaltzeko; haien agenden arabera. Eta benetan, ez genuen helburu jakinik. Aldaketa nabarmena 2004ko martxoaren 11n Madrilen izan ziren atentatuen ondotik etorri zen [talde islamista batek lau lehergailu zartarazi zituen bidaiariz betetako lau trenetan. 191 lagun hil zituzten]. Mahai honetako inork espero ez genuen zerbait gertatu zen orduan. Inkestek PPri ematen zioten garaipena, baina besteak beste, PPkoek atentatu haren harira esan zituzten gezurrak direla-eta, Jose Luis Rodriguez Zapaterok irabazi zituen Espainiako hauteskunde orokorrak, eta aukera berri bat zabaldu zitzaigun begien aurrean. PSOE Gobernura iristearekin batera, Jesusek Txillarren egosten ari zenaren berri eman zion Zapaterori Patxi Lopezen bidez, eta honek beste abantada bat hartu zuen. Egigurenek negoziaziorako aukera bat ikusi zuen, eta hala hasi zen. Ordura arte, Patxi Lopezek bakarrik zuen hemengoaren berri [PSE-EEko idazkari nagusia zen orduan], bera ere egona zelako urte horretan hemen, babajan batean.
•Esan duzu Zapatero Gobernura iristearekin batera beste abiada bat hartzen duela kontuak. Eta bai, ETA ere hitz egiteko prest azaltzen da-eta.
Bai. ETAren aurreneko gutuna ere hona iritsi zen, Txillarrera. Gobernuarekin harremanetan jartzeko prest agertzen da ETA gutun horretan, eta mugimendua hasten da. Hortik sortzen da Genevako lehenengo bilera [2005]. Egigurenek ia lagunduko nion galdetu zidan, eta neronek eraman nuen. Bi-hiru egunean egin genuen Genevara joan-etorria. Dunant zentrokoekin geldituta zegoen han [Henry Dunant Elkarrizketa Humanitariorako zentroa] hotel batean. Bilera haietan Egigurenek bide-orri bat adostu zuen Josu Urrutikoetxearekin [ETAren ordezkaria] eta gero etorri zen ETAren su-etena. [2006ko martxoaren 22an iragari zuen su-eten iraunkorra]
•Nolakoak izaten ziren bilerak?
Oso naturalak. Gizartean tentsio uneak zirenean ere, hemen oso natural eta errespetuz jardun zuten. Arnaldo ondo ezagutzen nuen, baina niretzat istorio honetan deskubrimendua Jesus izan zen. Benetako politikaria da Jesus, eta hori Arnaldok berak ere aitortzen du berari egindako elkarrizketa liburuan [El tiempo de las luces]. Liru horretan agertzen dena Arnaldo da %100ean. Emazteari esan nion eta berari ere esango diot, hilero bisitatzen dut eta. Gaur egunean politikari txarlatan asko daude. Gogoan daukat 18 urterekin Elgoibarrera etorri nintzenean Plaza Txikian [Aita Agirre plaza] txarlatanak izaten zirela. Euria egiten bazuen aterkiak saltzen zituzten, baina gai ziren hurrengo egunean hozkailuak edo beste edozer saltzeko. Jesus, baina, benetako politikaria da, Aizarna bertakoa, eta ezker abertzalekoak gertuko ditu. Eta hori oso garrantzitsua da. Inportantea da haien azalean jarri eta gauzak ulertzen saiatzea. Jesusen lekuan beste bat balitz hona etortzen hasi zena aspaldi ziren hemengo bilerak eten. Pertsona handia da. Esaten duena barru-barrutik esaten du, eta bizitzan apustua egin du.
•Zein hizkuntzatan izaten ziren bilerak?
Gaztelaniaz, Paco Egeak ez zekielako euskaraz. Bilera bakarra egin zuten euskaraz, Iparraldekoak gonbidatu zituztenean; Xabi Larralde eta Frantxua Maitia etorri zirenean.
•Egigurenek bizkartzainak erabili ditu urteetan. Hona ere lagunduta etortzen zen?.
Bai, baina etxe barrura sekula ez ziren sartu. Ares etortzen hasi zenean, etxe barruan geundenak baino bizkartzain gehiago izaten zen hemen kanpoan.
•2000. urte amaieran hasi zineten batzen, eta bost urtean inor ez zen ezertaz enteratu. Isilean gorde zenituzten bilerak. Diskretoak edo zuhurrak behintzat bazarete. Nola egiten zenuten?
Isilean ibili beharra zegoen-eta! Geure neurriak hartzen genituen. Azkenerako ezkutuan ibiltzera ere ohitu egiten da bat. Gogoan daukat askotan neronek joan behar izaten nuela furgonetaz Jesusen bila. Arnaldo ere igo izan dut kaja artean sartuta. Saiatzen nintzen enkarguak aurrez aurre ematen, eta ez telefonoz. Txoferra, sukaldaria, telefonista, errekadista... nintzen ni. Horixe zen nire papera. Baina hori baino garrantzitsuagoa zen hemen giro ona sortzea, hemen zeuden bitartean gustura, eroso, egon zitezen hizketan. Garrantzia handia eman nion nik horri lehenengo egunetik azkenekora, eta beheko suak berak lagundu zidan horretan. Hortik antzezlanari jarri dioten izenburua bera ere.
•Elgoibarren izango zen Txillarreko bileren berri zuen bakarren bat. Ez duzu uste?
Ez. Elgoibarren ere ez. Jakina, publiko egin ondoren, denek esaten zuten bazekitela zerbait, baina nik beti esaten dut kiniela ostiralean egin behar dela, eta ez astelehenean, igandeko partiden emaitzen berri dakigunean. Benetan: inork ez zekien ezer.
•Bost urte horietan une gogorrak ere bizi izan genituen Euskal Herrian. Legez kanporatzeak eta atxiloketa ugari batetik, eta bestetik, ETAren atentatuak. Juan Priede eta Froilan Elespe Orioko eta Lasarteko zinegotzi sozialistak eta Joseba Pagazaurtundua Andoaingo udaltzainburua, esaterako, urte horietan hil zituen ETAk. Nola bizi izan zenituzten gertaera horiek Txillarreko mahaian?
Ez ziren une errazak izaten, eta halakoak gertatzen zirenetan saiatzen ziren aldi batez bilerarik ez jartzen. Hala ere, gertatzen zena gertatzen zela, hizketan jarraitzeko konpromisoa hartua zuten aurrez, eta bete zuten hitza. Argi zegoen zein zeinen izenean ari zen. Arnaldo Otegik ez zuen ezker abertzalea ordezkatzen, eta Jesus Egiguren ez zen sozialisten izenean ari. Nork bere izenean hitz egin zuen hemen. Idatziz ere jaso zuten, 2002an [Agiri originala atera du erakusteko. Gaztelaniaz dago idatzia, Prolegómeno para un diálogo político dauka izenburua eta bilera hartan parte hartu zutenek sinatuta dago: Barrena, Otegi, Egea, Egiguren eta Rubio bera. Pernando Barrenak idatzi zuen ordenagailuz, Txillarren bertan].
•Lehenengoz ‘Tiempo’ aldizkarian aipatu zituzten Txillarreko bilerak.
[Ale bat ekarri du. 2005eko maiatzaren 2ko data dauka]. Uste dugu Pernando Barrenari segika iritsi zirela hona. Dena den, informazioa ez da zuzena. Adibidez, Rafa aipatzen dute, baina Rafa [Diez] ez zen behin ere egon hemen.
•Euskal Herrian baserri gehiago ere badira esan zuen horren harira Otegik.
Tiempok publiko egin ostean beste baserri batzuetan ere egin genituen bilerak, bagenekielako hau oso zainduta egongo zela. Larraskandan egin genuen bileraren bat, artzain txabolaren baten ere bai,... Bazkaria hartuta joaten ginen Txillarretik.
•Zelatariren gaia aipatzen du, bai, Imanol Muruak Loiolako Hegiak liburuan. Kontaiguzu.
Liburuko gertakari hori 2005ean izan zen. Auzoko emakume bat etorri zitzaidan esanez hemen atzeko arbola artean pertsona bat zebilela mikrofono batekin eta kamararekin. Somatu genuenean, berehala desegin genuen bilera, eta jakina, hartu beharreko prebentzio neurriak ere hartu genituen, gizon hura argazkiaren atzetik zebilelako. Egun horretan neuk eraman behar nuen Jesus Egiguren Donostiara, eta errepidean behera hartu beharrean, gorantz hartu genuen. Eta hara, Azkoitiko errepidean hantxe zegoen gizon haren autoa aparkatuta. Oinez jaitsi zen Txillarreraino, arbola artean behera. Argazkia ez zuten inoiz lortu, nahiz eta El Mundok eta beste batzuek bazutela esan. Ipuinak ziren horiek. Hori esanda, guk zerbait esatea nahiko zuten.
•Makina batek ezagutuko dute honezkero zure etxe buelta hori.
Asko ibili dira hemen bueltaka, bai. Behin gogoratzen dut hor parean, Karakate magal horretan, hiru ordu egin zituela auto batek aparkatuta. Bi lagun ikusten nituen han jarrita, eta berotu nintzen, hartu nuen autoa eta bertara joan nintzaien ia zer demontretan ari ziren galdetzera. Matrikularen zenbakia hartu eta etxera bueltatu nintzen. Ez nuen zeintzuk ziren jakiterik izan, baina kazetariak izango ziren ziurrenik. Mikrofonoak ote zeuden jakitzeko aparatuak ere ekarri izan ditugu hona, baina ez dugu ezer topatu. Beste behin, Azkoititik barrena Jesusekin etxera nentorrela, konturatu ginen auto bat segika genuela. Gelditu genuen kotxea, irten ginen biok sututa, eta bidali genituen. Jesusek uste du ertzainak zirela.
•Egoera horretan ez zenuen inoiz beldurrik sentitu? Ez zenuen Dena ETA da arrazoitzen zutenen zakuan jausteko arriskurik ikusi?
Ez, beldurrik ez dut inoiz sentitu. Gainera, bizitzan arrisku batzuk hartu egin behar dira. Begiratu Arnaldo non dagoen! Badakigu, estatu espainola nolakoa den, baina operazio honetan parte hartzearen arriskua hori zen. Beldurrik ez, baina Madrilgo tertulianoak giroa berotzen ikusten nituenean kezka antzeko bat izaten nuen, bai: eskuin muturrekoek kezkatzen ninduten. Hona etorri eta edozer egiteko gai ikusten nituen. Gertatu izan zait telebista piztu eta Zaplana entzutea parlamentuan Txillarre aipatzen, eta inpresioa egiten du, ez pentsa!
•Mahai honen bueltan eseri zenetako bat, Otegi, kartzelan dute preso, eta bestea, Egiguren, politikako lehen lerrotik aldendu da, bere hitzetan urteetan “zorotzat” hartu dutelako eta horrek “hustu” egin duelako. Zer sentitzen duzu halakoetan?
Irlandan ere gertatu zen hori, eta mahai honetan jardun izan dugu horren inguruan hizketan. Prozesuari emandako gizonak dira biak, eta Jesusi gertatu zaiona da bere etxean eman diotela egur handiena. Eta, jakina, 40 urtean gauza baten atzetik ibili eta behin lortu dutenean, hori egitea... Nola liteke, baina? Frustazio ikaragarria izan behar da. Otegik, berriz, jakin du ezker abertzalearen masa osoa beste bide batera eramaten. Maria Antoniari [Maria Antonia Iglesias kazetaria] ere esan nion behin. Otegik itsasontzi osoa eraman nahi zuen beste portu batera, eta horrek denbora eta esfortzu handia eskatzen du. Espainiako Gobernuak, dela PSOE egon edo PP egon, nahiago luke bidean itsasontzi hori zatituko balitz, baina itsasontzia oso-osorik ari da portura iristen. Bata, kartzelan dute, eta bestea, kalean, baina pasatu dituenak pasata. Ez dago eskubiderik, ez dauka zentzurik.
Egea, Otegi, Egiguren eta Barrenaz gain, politikari gehiagok ere ikasi dute Txillarrerako bidea.
Bai. 2005era arte, horiek eta Patxi Lopez. Blokeo egoera batean geunden hemen, eta mahai honi babesa emateko etorri zen Lopez, PSE-EEko idazkari zela. Zapatero Gobernura iristen denean, mahaiko jendea aldatu egin zen, baina. Rodolfo Aresekin batera etorriko da Egiguren, eta ezker abertzaletik Rufi Etxeberria eta Olatz Duñabeitia etorriko dira Otegirekin. ETAk su-etena eman arte, negoziazio luzeak izan ziren. Gauza asko gertatu ziren bilera horiek iraun zuten denboran. Anoetako proposamena, Zapateroren bisita Donostiara... Kursaalean, Otegi bake gizona zela esan zuen Zapaterok, adibidez. Hemen egositakoaren ondorio dira horiek, hein batean. Bilerek beste seriotasun bat hartu zuten. Egutegi bat zehaztu zuten, eta tarte horretan Otegik iparraldekoak gonbidatzea eskatu zuen. Eta Xabi Larralde Batasunekoa eta Frantxua Maitia sozialista gonbidatu zituzten.
•Garaian garaikoa da baserritarren leloa. Eta orain zer tokatzen da? Zein da zure apustua?
Futbol partidaren bigarren zatia jokatu behar da. Martuteneko kartzelatik irten zenean halaxe esan zion Arnaldok Jesusi. Nik uste dut lehenengo eta behin presoen gaiari irtenbide bat topatu behar zaiola eta bitartean elkarbizitza landu behar dela. Dena den, nik uste dut elkarbizitza hori berez etorriko dela, ez dela Irlandan bezain zaila izango hemen. Izan ere, hemen denok batera bizi izan gara. Baliteke tirabira askoko harremanak eduki izana gure artean, baina hemen ez gara Irlandan moduan bi hormak bereizita egon. Elkarbizitzan asko hobetu dugu eta hori oraindik Arnaldo preso dutela, presoen gaia ez dela konpondu... Estatuak etekin handia atera dio ETAri, eta orain ez dagoela, noraezean dabil. Argi gelditu da hemengo gatazka ez dela ETAren borroka armatura mugatzen, eta irtenbide bat bilatu behar dugu, Katalunian egiten ari diren bezala. Politika egin behar dugu.
•Argia ikusten duzu beraz.
Bai, gai honi bai. Gizarteari, baina, ez. Gizartea, eta sistema bera, kristo bat eginda daude. Sistemaren kontrakoa naiz ni %100ean. Antisistema.
•Zuk zer paper betetzen zenuen Txillarreko bileretan?
Lehenengo urteetan neuk ere ematen nuen iritzia, baina jakina, nik nire iritzia izan arren, saiatzen nintzen beti erdibidetik jotzen, bi aldeak elkarrengana gerturatzen-edo. Esango nuke hemen giro atsegina jartzea izan zela nire egiteko nagusia. Aurrera egin beharra zegoen, eta nik uste dut hamabi urtean iraun izanaren sekretua hori dela. Bigarren fasean, bilerek beste seriotasun bat hartu zutenean, Ares-eta agertzen direnean, ni alboratu egiten naiz apur bat. Han bertan egoten nintzen, baina entzuten. Bi-lau orduko bilerak izaten ziren normalean.
•Horixe falta da herri honetan: erdibidea erakutsiko duen norbait, muturrak gerturatuko dituen norbait.
Hala da, eta antzerkian agertzen da hori. Ezin dugu sufrimendua luzatu. Ni beti erdibideen aldekoa izan naiz, nire izateko era da, eta uste dut enpresan egin nituen urteetatik datorkidala, hein batean. Enpresa-batzordean egon naiz beti, sindikatuen bueltan... Bizitzak erakutsi dit hori. Gure eginbeharra dela sentitzen dut, gainera. Gure belaunaldiak sortu zuen ETA, adibidez, eta gure belaunaldiari zegokion amaitzea, konponbiderako pausoak ematea. Pentsa ezazu zenbat urte galdu ditugun egin diren astakeriengatik!.
•Beheko suak giro atsegina sortzen laguntzen zuela diozu. Inoiz tokatu zitzaizun, baina, suhiltzaile lanak egitea?
Behin ere ez. Jakina, horrek ez du esan nahi bakoitzak bere posizioa defendatzen ez zuenik! Baina errespetuz aritu ziren beti. Hemengo eskema gizartera eramaten asmatu behar dugu orain. Beheko sua, bazkaria... denak laguntzen zuen. Eta bada beste gauza bat. Hona etorritako guztiak barazkiz betetako otar batekin joan dira beti etxera! Baserriko ohitura da.
•Noiz arte iraun dute Txillarreko bilerek?
Orain gutxira arte. Arnaldok Martuteneko kartzela utzi ostean ere jarraitu zuten hemen biltzen. Beste bost-sei bilera egin zituzten Arnaldok eta Jesusek, harik eta Bateragune auzian Arnaldo berriro atxilotu zuten arte. Ez zuten errenditu nahi. Datu bat emango dizut: [2007ko ekainean 6an] su-etena eten zuela iragarri aurretik, ETAk Barajasko aireportuko T-4 terminala txikitu zuen [2006ko abenduaren 30ean]. Bada, goiz horretan bertan, Arnaldok eta Jesusek bilera egin zuten Txillarren. Gabon zahar feria zen Elgoibarren, eta ni 6:00etatik azokan nengoen, baina Arnaldo bera etorri zen giltzaren bila eta han egon ziren biak, nire etxean, ni gabe. Jakina, bilerarako hitzordua aurretik zuten lotuta, ez zutelako Madrilen gertatu behar zenaren berri. Jesusek deitu zidan niri telefonoz. Hortik aurrerakoa gogorra izan zen, ikusi zutelako apurtzen ari zela ordura arte egindako lan guztia. Bateragune auzian atxilotu aurretxora arte jarraitu zuten batzen, eta gero kartzelara ere eraman dut nik Jesus, Otegi bisitatzera. Maria Antonia ere eraman nuen behin, Txillarren egonak ginelako hirurok babak jaten eta politikaz hitz egiten. Otegi Bateragune auzian atxilotu ostean ere egin izan dituzte hemen bilera batzuk.
•Euskal Herriko etxe askotan debekatuta dago otorduetan politikaz berba egitea.
Hemen kontrakoa. Bazkariak hizketan jarraitzeko giroa sortzen laguntzen zuen.
•Zerbait gehituko zenuke?
Faltan botatzen dudala Arnaldo, kontu honetan guztian bera delako, Jesusekin batera, protagonista nagusia. Egoera honetara iristeko, pieza klabea izan da Otegi, eta egin duen guztia eginda, ulertezina da kartzelan preso izatea. Besarkada bat Arnaldorentzat, eta izan dezala lehenbailehen antzezlan hau ikusteko aukera, gustatuko zaio-eta.
Testua: Ainara Argoitia
Argazkiak: Asier Orbea.
Oso interesgarria elkarrizketa. Zorionak elkarrizketatzailari.
Gaur gaztelaniara itzuli eta blogean jarri dut jada.
http://www.javierortiz.net/voz/iturri/txillarre-proceso-de-paz-a-fuego-lento