Teknologia albisteak
10

Ramon Etxezarreta: “Euskara hizkuntzagoa izan behar da sinbolo baino”

Erabiltzailearen aurpegia
2013-01-04 : 20:33
Ramon Etxezarretaren diskurtsoa urrundu da gehien orain artean egin diren bisitetatik, eta baita, erakusketaren beraren planteamendutik ere. Kritiko agertu zen erakusketaren zenbait aspekturekin, eta pena izan zen saioak duen denbora-mugaren ondorioz, bere ekarpenetan gehiago sakondu ahal ez izatea. Edonola ere, ados egon edo ez, eskertzekoa izan zen ikuspuntu berriak entzuteko aukera.

Bere post-it propioak ekarri zituen Ramonek. Zenbait idazlek idatzitako pasarteak irakurri zituen bisitan zehar, bere jardunerako sarrera egin edo hori osatzeko; erakusketan zehar dauden post-it ek Badu Bada osatzen duten era berean.

Hala Kirmen Uriberen Mussche eleberritik ateratako pasarte bat irakurriaz hasi zuen bisita Ramonek. Pasarte horretan gutun bat bidaltzen dio erbestean dagoen pertsonaia batek hemen dagoen beste bati, eta hori zein hizkuntzatan idatzia izango ote zen pentsarazi zion Ramoni. Hizkuntzen inguruko gogoetarako abiapuntu.

“Elebiduna ez den gizarte batean, nere ustez, euskerak ez luke etorkizunik”

“Kondizional gehitxo daude hemen” esan zuen Ramonek hirugarren aretoan. “Elementu pasibo gehiegi daude. Tratamendu kolektiboa dauka, baina norbanakoak bere egiten ez badu, jai du euskerak”. Ekintza horiek jendea bereganatzeko izan behar dira horregatik izan beharko luke areto honetan esaten denak ezberdina, “maite bazaitu, balio badizu…” adibidez.

Saretik etorri zen Ramonen bigarren post-it-a. 31 Eskutik blogean Juan Luis Zabalak idatzitako artikulu batek sortu duen zalaparta ekarri zuen Badu Badara: Elebakartasunaren aberastasuna. Hor idazleak berak, eta iruzkinak egin dituzten hainbat bisitarik elebakartasunak dituen abaintailez eta desabantailez mintzatzen dira. Ramonek argi du: “elebiduna ez den gizarte batean, nere ustez, euskerak ez luke etorkizunik”, horregatik “elebakartasunaren aldeko aldarria zilegi da, baina ez da reala gaur egun”.

Elebitasunaren gaia behin baino gehiagotan ateratzen da Badu Badan, ezin baitugu ahaztu gure eremuaren errealitatea dela. Bederatzigarren aretoan erakusten da hori bere espresio dramatikoenean. Estres linguistikoaz hitz egiten denean.

“Ez dakit oso ados nagoen ni bideo honekin. Eta ados nagoen edo ez nagoen erabakitzera behartuko banindute, seguru aski, ezetz esango nuke”. Bere ustez, ez da egia elebiduna denak halako estresa sufritzen duenik. “Bi hizkuntza dakidanaren erosotasunean bizi naiz, bakarra jakitea estresanteagoa da bi jakitea baino”. Eta adibide gisa jarri zuen, prentsan (Diario Vascon) zutabeak euskaraz idazten dituenean jende gehiagok esaten diola ez duela ulertzen, gazteleraz idazten duenean baino, eta beraz, elebakarrari sortzen zaiola arazoa, ez elebidunari.

Iban Zaldua  ekarri zuen erakusketara puntu honetan Ramonek. Iban baino gehiago, berak idatzitako azken liburuaren pasarte bat, Idazten ari dela idazten duen idazlea.

Lege aldetik inoizko egoerarik onenean dago euskara

Euskal Herriko mapa erakusten da seigarren gunean, baina hirutan banatua, egungo banaketa administratibo-politikoari erreferentzia eginez. "Oraingoz ez du beste ilustraziorik", horregatik, “errepresentazio honestoa” da Ramonen hitzetan. “Egia da zatitze hori hizkuntzaren kaltean doala, baina, lege ikuspuntutik inoiz izan degun egoerarik onenean gaude, horrek ez du esan nahi hobetu behar ez degunik, baina hori onartu egin behar degu”.

Etimologikoki “euskaldun” euskara duena da, baina ez zen esanahiak dituen ñabarduretan sartu (Iñaki Perurenak eta Harkaitz Canok bai eman zituztela beren ikuspuntuak horren harira). Baina ados agertu zen “euskaldun” eta “euskal herritar” adieren ezberdintasunarekin. “Euskaldun eta euskal herritarren arteko ezberdintasuna onartu egin behar da, baina nekez ukatu inori euskalduntasuna, eta hori egiten da”.

Euskararen iraupenari lau aditzekin erantzuten dio Badu Badak: erabili, maitatu, ikasi, irakatsi, baina arrazionalitatean gehiago sinisten du Etxezarretak. Horregatik da erabili, ikasi eta irakastearen aldekoagoa, maitatzearen aldekoa baino. “Maitatu norberak egin behar du, maitasuna kolektibo batean delegatu da, eta hori egiten denean beste arazo batzuk sortzen dira…”.

Besteak beste, horregatik ere, erakusketak dituen aretoen ordena aldatu egingo luke Ramonek, eta Gozatu, Jolastu, Maitatzearen aurretik jarri. Lehen bi aditzak baitira funtsezkoagoak euskararentzako. “Topikoa bihurtu da euskarak umorea behar duela, baina azkenaldian eskatologiko xamarra ari da bihurtzen euskarak duen umorea. Hori findu egin behar da”. Izan ere, umorea eta ironia dira hizkuntza bat hitz egitearen azken fasea. Nolabait, hizkuntza hori menperazten duzunaren seinale.

Sortzaileen beharra

Kultura, euskarazko sorkuntza da Ramon Etxezarretari satisfakzio gehien ematen diona. Akaso, horregatik, kontentu ikusten zitzaion Murgiltzearen aretoan. “Euskera hizkuntzagoa izan behar da, sinbolo baino, eta horregatako sortzaileak behar ditugu, jende jantzia”.

Ikuspegi horretatik egin zuen ere euskaltegiek, batez ere, beren hasierako urteetan egin zuten ekarpenaren balioa. “Euskara ikasten hastea, kultur aportazioa izan zen askorentzat. Euskara ikastetik hasi, eta gero beste formazio mota batzuk jasotzera animatzen zen jendea”.

Ez adiorik kritikarik gabe

Ezin erakusketa amaitu, azken kritika egin gabe. Bertsotan eta Atxagaren bideo batekin agurtzen du Badu Badak bisitaria. “Txarrerako eta onerako inebitableak diren bi elementu dira. Atxaga oso idazle ezaguna da hemendik kanpo ere, nahiz eta hemengo askok gazteleratik bueltan ezagutzen duten.

Hala ere, bertsolariekin ikusi zuen arazorik handiena. “Euskaraz ematen da agurra, eta gainera, euskarak duen elementu ulergaitzenarekin. Erdaldunek eta bertsoak ulertzen ez dituzten askok ez dute agurra ulertzen. Problema hori ikusten diot honi”. Beste ikono batzuk nahiago lituzke Etxezarretak gune honetarako.

Gaizki hezitakoa al da erakusketa erdaldunekin?

Erantzunak

2013-01-07 : 10:11

Erabateko interesez, erabateko desadostasunez.

2013-01-07 : 11:59

“Elebiduna ez den gizarte batean, nere ustez, euskerak ez luke etorkizunik” dioenean, Andoni Sarriegiren artikulua etortzen zait burura http://kanalak.berria.info/euskara/kolaboratzaileak/127/euskaldun_eleanitzak.htm.

Euskarak menpekotasunik gabe bizirauterik ez duela sinestarazi nahi digute. Nire ustez gezur borobila.

#3
2013-01-09 : 17:20

“elebiduna ez den gizarte batean, nere ustez, euskerak ez luke etorkizunik”, horregatik “elebakartasunaren aldeko aldarria zilegi da, baina ez da reala gaur egun”.
Reala bada. Ez da ba izango?
Zenbat elebakar erdaldun daukagu Euskal Herrian, bere elebakartasunaz harro eta gozo-gozo? Zenbat hizkuntza dakizkite Patxi Lópezek, Aresek, Basagoitik, Oyarzabalek, Azcunak, Anasagastik eta beste askok? Eta etorkizuna bermatuta izateko besteko soldatak jasotzen dituzte, gainera. Ez du ematen euren elebakartasunak gehiegi kezkatzen dituenik.
Kontua oso bestelakoa da. Kontua da euskarak ez duela etorkizunik... Espainiaren eta Frantziaren menpe.
Nire aiton-amonak, euren garaiko beste asko bezala, elebakarrak (euskaldunak) izan ziren urte luzez; helduaroan, Espainiar aginteak eta sistemak behartuta, espainieraz ikasi behar izan zuten arte, isuna gora eta mehatxua behera, nire aitak eta izekoek bezalaxe.
Kontua da, duela 40 bat urtera arte guztiz euskalduna zen gure herrian, euskaldun elebakar izatea bazela. Gaur egun, Espainia handiari eskerrak hori ez da posible, baina gure herrian berean, posible da idazten jakin ez, euskaraz egun on esaten jakin ez, baina espainieradun elebakar izatea.
Horra Unionismoaren abantaila handiak!

2013-01-10 : 12:44

Bi hizkuntza jakinda eroso bizi da Ramon. Ni ere pozik nago elebiduna izateaz. Baina bi horietako batean bizi nahi izatea ez zait batere erosoa egiten.
Gauza asko esan litezke ni bezalakoen esperientziaz, aldekoak eta ez hain aldekoak: bizigarria eta gogo-betegarria dela, edota nekagarria eta etsigarria... Baina “erosoa”, inola ere ez. Eroso, gaur eta hemen, Jonjo Agirrek aipatzen dituen horiek bizi dira, beren eguneroko elebakartasun praktikoan goxo.

#5
2013-01-10 : 13:10

Hain zuzen ere.
Errealitatea da, espainieradun elebakarra jaun eta jabe dela hemen eta egun, eta askok eta askok, halaxe jokatzen dutela, ugazabak bailiran.
Errealitatea da, euskaldunak estresari ihes egiteko sumisioaren bideari heltzen diola gehienetan.

Errealitatea da Ertzainei euskaraz egin ala ez, oso ondo pentsatu beharra dagoela, adorea bildu eta aldarterik gozoenarekin jardun, badaezpada ere... Hori bai, Benemeritarrei ez zaigu burutik pasa ere egiten euskaraz egitea... adibidez.

Errealitatea da espainiar askok Euskal Herrian edo Kataluñan, Galizan..., haurrak espainieraz matrikulatzeko eskubidea ozen exijitzen duela, baina euskaldunoi ez zaigula euskaraz matrikulatzeko eskubide hori inolaz ere aitortzen Espainian... ezta Euskal Herriko bazter askotan ere. Eskerrak Ikastolek zutik dirauten!

Errealitatea da Eusko Legebiltzarrean espainieraz gozo-gozo aritu ohi direla bateko eta besteko legebiltzarkideak, baina Espainiako Parlamentuan DEBEKATUTA dagoela euskaraz jardutea. Eta luze jarrai genezake, ezta?
Hori da errealitatea, Ramón.

Hemen estress guztia, edo gehien-gehiena, euskaldun elebidunen bizkar doa. Espainieradun elebakar gehienek ezer ez dakite, eta ezer ez dute jakin nahi euskaldunon errealitateaz. Hara non, ondo ezagutzen duzun Patxi López berak ere elebitasunaren onurak aipatu izan ditu behin baino gehiagotan... bera elebakarra izanik.

Ondo izan, eta estresik ez dezazula jasan.

2013-01-10 : 13:47

elebitasuna? hizkuntza baten ezagutza derrigorrezkoa den bitartean eta bestearena borondatezkoa, bigarren horrek jai dauka. Lehenengoa beti izango da "noranahikoa" bermaturik baitu komunikaziorako ahalmena gizartekide guztiekin.

Gizarte elebiduna izango da, baldin eta hizkuntza bien ezagutzak estatus berekoak badira, eta baldin eta erabilerarako guneak bermatzen badira; bitartean galerak galgatzen baino ezingo gara ahalegindu.

Benemerita diozue? are okerragoa eta kezkagarriagoa iruditzen zait Osakidetzako egoera!!

#7
2013-01-10 : 14:02

Osakidetza (osaquidecha), Eroski-Carrefour-Netto-Leclerq-Alcampo etabar, espainierazko 40 Telebista kateak eta euskarazko bakarra, irratiak, internet, prentsa eta kioskoak oro har, liburugintza eta udal-liburutegiak, jostailuak, kultur eskaintza... Elebakarrek jesukriston estresa jasan behar izaten dute!
Gorago aipatutako horietan gehienetan, noiz behinka, noiz edo noiz, tarteka-marteka bada ere, euskarazko adieraren batekin egiten dute topo (adibidez: egunón-buenosdias, Radio Euscadin), eta a zer ikarak halakoetan!!!
Estres mortala!

2013-01-10 : 14:31

“Elebiduna ez den gizarte batean, nere ustez, euskerak ez luke etorkizunik” Gaztelerak bai?. Baiezkoa bada argitu beharko luke zergatik.
Beste kontu bat gizarte elebidunaz ala elebidun orekatuaz ari da? Gizarteak gutxitan dira elebidun eta are gutxiago orekatuak. Pertsonak ere gutxitan dira elebidun eta, are gutxiago, eleaniztun orekatuak.
Elebiduna baino euskaradun herri hirueleduna da.Gizarte elebakarrak Eskal Herrian frantsesdun/gazteleradun gizartea ondo bizi da bere horretan. Zer esan nahi digu Ramon Etxezarretak, diglosiak/menpekotasunak bizi gaituela?
“Bi hizkuntza dakidanaren erosotasunean bizi naiz, bakarra jakitea estresanteagoa da bi jakitea baino”. Honetan bai ez natorrela bat Ramonekin. Sentitzen dut baina elebakartasunean jaio ginenok ez genuen estres linguistikoa pairatu euskara ikasi genuen arte. Nire inguruko elebakarrak beste gauza batzuek jota ikusi ditut estresatuta, ez elebakartasunak.
Hala ere, egia da parte batean, neu ere eroso (pozik esango neuke nik) bizi naizela bi hizkuntza jakinda eta beste bitan hastapenak eginda.

2013-01-11 : 00:35

Etxezarretak legeez esaten duenak ere, merezi du erantzuna.
"...lege ikuspuntutik inoiz izan degun egoerarik onenean gaude, horrek ez du esan nahi hobetu behar ez degunik, baina hori onartu egin behar degu”.
Onartuko beharko du Etxezarretak ere, oraindik ere erdaldunen menpeko egiten gaituela Legeak EAEn, hirugarren mailako Nafarroan eta hori ere ez, Iparraldean.
Onartu beharko luke Etzezarretak, Nafarroan euskaldunek jasaten duten bazterketa PSN-PSOEko bere alderdikideen laguntzaz burutzen dela.
Onartu beharko luke Etzezarretak ez dagoela hizkuntza bat normalizatzerik menpekotasunetik, eta PSE ez dela nabarmendu sekula euskararen aldeko lanean, alderantziz baizik.

2013-01-16 : 20:37

euskarak etorkizun askoz hobea luke gizarte elebakar batean (demagun euskaldun guztiak Islandia moduko irla batean sartu eta hantxe estatu bat sortzea). besterik da egungo euskal lurraldean, egungo gizartean, elebakartasuna defendatzeak zer lekarken. are gehiago, estatu independienterik gabe.

legez inoizko egoera onena? bai, baina orohar? zenbat balio du lege babes horrek praktikan? prehistorian, erromatarren garaian edo are, erdi aroan bertan, legezko inongo babesik gabe ere, euskara bizi bizi mantendu ziteken printzipioz, erasoak eraso.

egungo euskal gizarte ia erabat erdaldunduan, lege babesak lege babes, elebakarrak daude erosoen; eta euskaraz bizitzen tematzen direnak, ezerosoen.

transizio garaian euskarak zenbaientzat izan zezaken erakargarritasunaren kontrara, destaina, arduragabekeria eta mespretxua ere bihurtu da hainbat euskal eremutan gaur egun.

eta finean, askatasunaren izenean, euskara gaztelaniari inposatzen zaion kontua haizatzen du hainbatek, gaztelania/frantsesa praktikan derrigorrezko diren jakitun, euskara erabateko borondatekotasunera kondenatu nahiz.

Erantzun

Sartu