Sustatu logoa Teknologia albisteak

Telebista publikoaren hizkuntza ereduak; kanpoko adibideak, eta gurea berdefinitzeko garaia

azuberogoitia
2012-10-05 10:10

Euskal Herriko Unibertsitateko ikus-entzunezko komunizikazio eta publizitate sailaren 2. nazioarteko kongresuan nago (atzo eta gaur, urriak 4-5). Aurtengo gaia: Krisia eta politikak; irrati-telebista publikoa ikusmiran. Lehen egunaren kronika uzten dizuet hemen, telebista publikoaren hizkuntza ereduaz Josu Amezagak esan dituenak bilduz batik bat, eta banoa jardunaldiaren bigarren saiora.

Berandu samar iritsi nintzen eta Enrique Bustamante madrildarraren ponentzia entzun, baina egur dezentekoa eman ei dio PPko gobernuaren ikus-entzunezko politikei. Gainerakoan, nik aditutakoetatik Josu Amezaga EHUko irakaslearen ekarpena izan da interesgarriena.

Amezagak dio ETB, bere sorrera-legeak hala xedatuta, helburu birekin jaio zela: euskara eta euskal kultura sustatzea batetik, eta euskal gizartea informatzea eta kohesionatzea, bestetik. Bere ustez, ETB 2 sortuz geroztik, eradarazko katearen zeregin esklusibotzat utzi zen bigarren xede hori, eta euskal hiztunei produktuak eskainiz euskara sustatzera mugatu zen ETB 1.

 
Haatik, dio Amezagak, garaia da ETB 1ek 2. xedea ere bere gain hartzeko. Oraintxe da ETB berdefinitzeko garaia haren irudiko. Amezagaren iritziz bidea izan behar da telebista bat nagusiki euskaraz diharduena (ez soilik euskaraz, baina bai hizkuntza horren nagusitasun nabarmenarekin) eta euskal gizartearen (eta ez soilik euskaldunen)  informazio- eta kohesio-tresna nagusi bihurtuko dena.
 
Zelan egiten da hori ordea? BBC Scotland-en adibidea aipatu du berak. Han 90.000 gaeliko-hiztun baino ez dira, eta gobernuak TB horri sostenguaren truke jarritako baldintza da 250.000 ikusletik gora izatea... eta lortu egin dute. Zelan? Ingelesezko azpitituluen bidez. Galesko S4C-k eta Finlandiako suediera-hiztunen telebistak ere politika hori jarraitzen ei dute, emaitza onekin gainera.
 
Horrela jokatuta, euren hizkuntza-komunitatearen mugak gainditzea lortu ei dute hiru ereduok, eta ETBk ere bide hori jorratzea proposatzen du Amezagak: euskaran zentratutako TB eleanitz erreferentziala, azpitituluez, soinu dual-az eta gisakoez baliatuko dena euskararik ez dakien jendea ere erakartzeko.
 
(hitzaldiaren momentu batean Azpitituluak.com-en adibidea ere aipatu du praktika on modura: 300 film baino gehiago euskaratuta dagoeneko, eta 4.000 lagun inguru dagoeneko hor kontsumitzen ibili direnak)   
 
Ez dakit zuei, baina niri behintzat planteamendu interesgarria begitandu zait. Gainerako hitzaldi eta komunikazioetan, apartekorik ez (Twitterren jarri ditut entzuniko konturik azpimarragarrienak, inork interesik balu kontsulta ditzan).
 
Tira, ea gaur saioak zer ematen duen...

Erantzunak kargatzen...

Jarraitu gaitzazu