Teknologia albisteak
2

Berdintasuna zine emanaldietan: azpititulu bikoitzak (noizbait egin beharko da ba!)

Erabiltzailearen aurpegia
2013-11-19 : 16:45
Aste honetan Donostian ikus daitekeen zine-ziklo bat. Autore angloa da (Vincent Sherman), baina filmak gaztelaniaz emango dituzte salbu eta bat, ingelesez: gaztelaniazko azpitituluekin, hori bai. Normala da egoera hau 2013. urtean, herrialde ofizialki elebidun batean? Ez. Bada garaia norbait saia dadin herrialde elebidunetan egiten den metodoarekin: atzerriko zinea bertsio originalean, azpititulu bikoitzak, bi hizkuntzatan.
Hori da egiten dena Bruselan (hiriburu ofizialki elebiduna Belgikan, Wallonia eta Flandria elebakarrak baitira), Israelen (hebrairaz eta arabieraz), Estonian edo Letonian (txio truke batzuetatik zuzen gogoratzen bagara). Nonbait Finlandian suedieraz mintzo diren eskualdeetan ere bai. Pantaila gehiago jaten dute hizkiek halako proiekzioetan, baina zine-zaletasuna herrialde horietan beste toki batzuetan baino txikiagoa den susmatzeko ez dago motiborik. Hizkuntzen ezagupenean (bereziki ingelesarekin) aurrera egiteko balio diela dudarik ez, ordea.
 
Herrialde horietan, azpititulu bikoitzak areto komertzialetako araua dira. Euskal Herrian, areto komertzialetan, batetik, bikoizketa da nagusi, eta azpitituluak egoten direnean, gaztelaniaz izaten dira. Tira, merkatu pribatua da eta elebidunen eskubide linguistikoak merkatura zabaltzeko hemengo administrazioen borondatean ezin da konfiantza asko eduki. Baina bestelakoa izan beharko litzateke egoera ofizialki babestutako edo zuzenean administrazioak antolatutako zine emanaldi edo zikloetan. Hor ez dago ez merkatuaren aitzakiarik ez besterik: gaztelania hobesten bada, euskara baztertzea dakar horrek. Horixe da Donostiako Koldo Mitxelenako zikloaren kasua: erakunde publiko batek antolatu du, Gipuzkoako Foru Aldundiak azken batean.
 
Azpititulu bikoitzen soluzio honek ez du gaztelania baztertzen: berdintasuna irakurketarako. Inoiz egin da hau Euskal Herrian? Uste dugu ezetz. Norbait hasi beharko litzateke. Eta helburua, epe labur edo ertainera, politika hau diru publikoz babestutako zinemaldietara eramatea izango litzateke: ez euskara emanaldi bakan batzuetarako gorde Donostiako Zinemaldian, baizik eta sistematikoki film guztietarako egin azpititulu bikoitzak. Berdintasuneko posizio bat da hori. Eta inbertsioen aldetik, azpitituluen itzulpena ez da langintza zail bat. 
 
Bide batez, euskarazko azpitituluen ondarea ere osatzen joango zen, eta erakunde publikoen kasuan, logikoa dirudi Filmazpit ekimena bultzatzen inbertitu bada, gune hori azpititulu gehiagorekin hornitzen joatea. Filmoteka unibertsal historikoa, pittinka, euskaraz osatua eduki ahal izan dezagun.
 

Erantzunak

2013-11-21 : 11:14

Operako emanaldiak, Bilbon behintzat, halaxe ematen dituzte, beraz badaukagu horretan aurrekaririk. Ederra litzateke filmak ere jatorrizko hizkuntzako audioan eta bietako azpidatziekin ikusi ahal izatea. Bestalde, lehen aipatutako azpidatziok, operakoak, eginda daude dagoeneko eta ez dakit nola eskuratu litezkeen. Nik iaz La Bohème halaxe ikusi nuen, goian euskaraz kolore batez eta behean gaztelaniaz beste batez. Arriagan ere halaxe ikusi nuen Tim Robinsen 1984ren adaptazioa.

Azpidatzion egile eskubideak ez dakit itzultzailearenak edo OLBErenak izango diren. Beharbada entera gintezke horretaz, eta, itzultzaileenak badira, haiengana jo eta eskatu, hasteko.
Bide batez, eta Luistxoren betiko eskaria berrituz: zergatik ez daude eskuragarri EITBk urteetan egindako azpidatziak, telebista publikoa bada, eta, beraz, zergadun guztiona? Agian ihes egiten didan arrazoiren bat egongo da, baina hor sekulako lana eginda dago, eta euskaldunok beti gaude hutsetik hasten, sekulako desgastearekin.

2014-01-13 : 16:56

Azpititulu bikoitzak sortzeko teknika batekin aprobak egin ditugu, eta bi filmekin emaitzak lortu ere bai. Emanaldiak ordenagailuz eta proiektore-kainoiz egitekotan, arazorik gabe. Hemen informazioa:

http://azpitituluak.com/euskaraz/1389521994

Era berean, aipagarria Urtzi Urrutikoetxea azpititulu bikoitzen aldarri egiten ari dela:

http://urruti.blogspot.com.es/2013/12/azpidatziak-anekdotatik-harago.html

Eta baita Mondragon Unibertsitatekoek egiten dutena:

http://sustatu.com/joxearanzabal/1388395465


Argazkiak.org | Toy Story 3 azpititulu bikoitzak © cc-by-sa: Luistxo.F

Erantzun

Sartu