Teknologia albisteak

Jokin Zaitegiren dokumentu-bilduma online

Erabiltzailearen aurpegia
Sustatu
atzo : 12:08

Euskaltzaindiak sarean jarri du Jokin Zaitegiren dokumentu-bilduma digitalizatua, berezko azpi-webgune honetan. Jokin Zaitegi (1906-1979) euskal idazle, itzultzaile, irakasle eta apaiza izan zen. Modu askotara sinatu zituen bere lanak: Udalaizpe, Artzai, Zaitegi´tar Iokin eta beste hainbat. Ohorezko euskaltzain ere izan zen.

Bere garaian mota askotako lanak egin bazituen ere, Jokin Zaitegi batez ere euskal kulturaren eragile eta bultzatzaile gisa nabarmendu zen. Euzko Gogoa (1950-1959) aldizkaria izan zen haren emaitza nagusia, baina ez bakarra, zeren ugariak baitira haren eskutik jalgitako fruituak: poesiak, saiakerak, artikuluak eta, bereziki, itzulpenak. 

Artxibo digital berria hiru ataletan banatzen da:

  • Gutuneria: garai horretako bildumarik aberatsenetakoa, orduko euskal idazle ia guztien gutunak aurki daitezke. Digitalizatuta eta hemen kontsultagai.
  • Euzko Gogoa aldizkarian argitaratutako artikuluen jatorrizko bertsioak eta bestelako materialak. Digitalizatuta eta hemen kontsultagai.
  • Zaitegiren beraren lanen jatorrizko bertsioak. Ez dago digitalizatuta baina Azkue Biblioteka eta Artxiboaren irakurgelan kontsultatu daiteke.

Lan horietan guztietan, bi elementu hauteman daitezke: euskaltzaletasun sutsu bat, fede kristau sakonarekin batera. Hirugarren elementu bat ere erantsi daiteke: Filosofia eta Teologiarako maitasuna. Izan ere, Zaitegiren euskaltzaletasunak herri xehearen hizkuntzatik edaten zuen, baina helburutzat zeukan elite euskaltzale bat sortzea, herria gidatuko zuen elite bat. Horretarako euskal unibertsitate bat behar genuen, alegia, goitik behera euskaraz funtzionatuko zuen unibertsitate bat, horra Euzko Gogoaren giltza, horra Sofoklesen, Euripidesen edo Platonen itzulpenen arrazoi sakona, euskal unibertsitate horretarako materialak sortzea, giro bat mamitzea euskaldunen artean. Zentzu horretan, esan daiteke haren bi saiakera nagusiak, Bidalien egiñak (1955) eta Platon´eneko atarian (1962) elkarren osagarriak direla. Eta esanguratsua da Sofoklesen Antigone (1933) izatea haren lehen itzulpen handia, eta bizitzako azken proiektua, Platonen elkarrizketak itzultzea, biak baitira teologo kristauen artean berebiziko interesa sorrarazi duten lanak. Platonena Euskaltzaindiak argitaratu zituen, sei tomotan (1975-1989).

Erantzun

Sartu