Autu zirraragarria da zinez euskalduntze edo baskonizazio berantiarrarena. Alabaina, eztabaida zientifikoa izanik, banago ez ote duen jendartera goizegi jauzi egin. Herri gartsu honetan mundua polarizatzeko seta oso barneraturik daukagu eta ortodoxian eta manikeismoan errazegi erortzen gara.
Euskalduntze berantiarraren gaia oso interesekoa dudan arren, bestelako ikerketek kendu didate azken bolada luzean hau hurbiletik jarraitzeko beharko nukeen denbora. Prentsako artikuluren bat da gehienez irakurri dudana eta hori ere azaletik. Eztabaidaren azken deriba eta zenbait adierazpen, ordea, oso kezkagarriak iruditu zaizkit. Manikeismoa ekarri didate gogora.
Orain ez asko, honekin batere zerikusirik ez duen gai bati buruz eman nuen hitzaldia Galdakaon. Euskalduntze berantiarraz galdetuko zidatela esana zidan antolatzaileen inguruko batek. Horrela izan zen, galderarik egiteko kasik denborarik ez zegoen arren, gai honetaz izan ziren galdera bakarrak, galderak baino gehiago teoriaren kontrako aldarrikapen itsuak. Holakoak heltzen zaizkit lagunengandik, zenbat eta lagun abertzalagoa izan, iritzi sutsuagoa.
Nik ere eman nezakeen neure iritzia gaiaz, baina kontu serioegia iruditzen zait horretaz arinkeriaz solastatzeko. Haatik, prentsan iritzi eta sinadura emandako gehienek zuhurtzia hori izan ez dutelakoan nago; ezta ere, segurki, ETBeko saio polemikoa programatu zutenek. Eztabaidak unibertsitatean egon beharko luke eta goizegi atera da bertatik. On beharrez, ETBeko saioan bi hipotesiak aurrez aurre jarri beharko zituzten. Nolanahi ere, telebista saio horri zer eskertua ere badago, hots: ia lozorroan zetzan eta arreta biziagoa merezi zuen eztabaida zirraragarria iratzartzea.
Zernahi gisaz, saioaren kontrako salaketa ideologiko hutsa egin da, euskalduntze berantiarraren teoriaren alde daudenak euskararen etsai gisa aurkeztuz, Sanchéz Albornozen parean jarrita. Hipotesiaren kontra egiten dutenek ez dituzte argudio zientifikoak baliatzen, argudio horiek gordinegi baitaude oraingoz. Horiek benetako berezilariei utzi beharko litzaizkieke momentu honetan. Gai sakon eta katramilatsua da, besteak beste arkeologia eta hizkuntzalaritza historikoaren elkarlanik finena eskatzen duena. Benetako berezilariek beharko lukete orain hitza hartu. Besteoi itxarotea dagokigu, errespetuz, erraietako sen eta konbikzioak zientziak erabaki behar ez dituen autuetara aplikatuaz, ortodoxia eta manikeismoaren kontra, kasu.
Euskararen aurrean ezer izatekotan, zaindari eta maitalea nauzue, euskararen etsaien etsaia, euskalduntze berantiarraren teoriaren alde zein aurka dauden beste hainbat bezalaxe. Euskara bezainbeste, alabaina, zientzia maite dut, hori baita ortodoxia, manikeismo eta erlijio ororen kontrako arma bakarra. Neure burua errukizko gezurrez engainatzea ez dut laket, are gutxiago besteak amarruz limurtzea. Euskalduntze berantiarraren teoria biziki interesatzen zait eta horretan sakondu nahiko nuke, arkeologoen eta diakronisten argudio zientifiko huts eta hotzak irakurrita, neure arrazoiak aldekoak ala kontrakoak diren erabaki ahal izateko. Bien bitartean, zain eta begira nago, ideia berriei zein zaharberrituei burua egarriz eta jakinminez irekirik eta ideologia zaharkituei arbuioz eta aiherrez itxirik.
Ni, askotan bezala, oraingoan ere bat nator Anderrekin, eta hitzez hitz sinatuko nuke nik ere artikulua. Betor eztabaida 'zientifikoa', ni ere ez naiz aditua hizkuntzen halako diakroniatan, baina bai jakin zalea.
Eta nire euskalduntasunak eta Euskal Herrian egun guztiz gutxietsiak / minorizatuak gauden euskaldunon aldeko aldarriak espainolaren eta frantsesaren aurrean, ez du ez askoz gehiago irabazten, ez galtzen, gure arbasoen hizkuntzak 1500 urte badaramatza gure mendebalde honetan, 15.000 urte baldin badaramatza, edota Atapuertako hizkuntza ere baldin bazen.
Euskaldunon hizkuntza eskubideak gure gaurko eskubide demokratikoak dira, eta hala ziurtatu behar dizkigu / lizkiguke gure gaur eguneko gizarteak.
Atapuertan euskaraz orain dela 1.000 urte egiteaz gain, orain dela 15.000 urte ere egiten zen, edo ez, jakitea, eztabaida zientifikoa da / behar luke. Eta oso interesgarria, noski. Interesgarria den / litzatekeen bezala jakitea, noski...
... nondik eta nola iritsi ziren gure arbaso euskaldunak orain dela 5 edo 15 edo 45.000 urte mendi Akitaniara eta Pirinioen alde hauetara,
... ea benetan pentsatu ote litekeen Europako birpopulazioa azken glaziazio hondar gogorraren ondoren Kantabria eta Pirinioetako babesgune hauetatik (ere) abiatu ote zen,
... birpopulazio hori antzin-euskararen baten sustraietan egin ote zen eta benetako substratu baskonikoa utzi ote zuen Europa iparraldeagoko lurretan,
... edota kostalde atlantikoan hasi Landetatik, Bretaina, Britainia, eta Irlandaraino, edota are Ipar-Ameriketako ekialdeko lurretaraino zabaldua bide den kultura,
... zein zerikusi izan lezaketen euskarak eta zein diren oraindik oso ondo ez dakigun herri 'zelten/kelten' hizkuntzekin edo hizkuntzetako batzuekin,
... ANDERE hitza (eta beste hainbat) gureganik hartu ote duten Europako ondorengo hizkuntzek edo gure arbasoek hartu ote zuten herri 'kelta' hauen ondaretik,
... edota orain bi mila urteko Hispanian zabaltzen zen hizkuntza iberiarraren eta euskararen arteko harreman / zerikusi ziurren artean.
Zer ikertua eta ikasia badugu noski, eta oso interesgarria da kontua Europako edo Eurasiaren mendebaldeko giza sustraiei begira, eta hauen balizko lotureik zibilizazio mesopotamikoekin, eta aurretiko Afrikatiko irteerekin (edota Eurasian garatu bide ote ginen lehen gizakiak, azken urte(ot)an zabaltzen ari diren zenbait hipotesik haizatzen ari diren duten modura?).
Gai zirraragarriak guztiak, ikerketa sanoa eskertzen dutenak.
Eta zerikusirik ez dutenak gaur egungo euskaldunon hizkuntza eskubideekin, ikerketek alde bat azpimarratu edo beste bat azpimarratu. Edota maiz askotan gertatu ohi den bezala, gaur alde bat azpimarratu, eta bihar beste bat, eta etzi bi horiek eta hirugarrenik... Atzo Arkaitz Zarragak zioskun haritik: Eskerrik!
Ados, Rafa. Argudioak badira bateko eta besteko teoriaren aldekoak eta kontrakoak. Neurri handi batean, alabaina, gordinegi daude, froga sendoagoen beharrean daudenak. Horregatik nioen berezilariek eztabaidatu beharko dutela lehenago eta zerbaitean ados jartzen direnean kontua plazaratu, eta ez lehenago. Gauza asko daude esplikazioa behar dutenak. Esan nahi nuena zen euskalduntze berantiarraren defendatzaileei erasotzeko argudio ez-zientifikoak haizeratzen ari direla, ideologikoak azken batean, gaiaz ideia sendorik ez duen jendeak boteak haietariko asko eta asko. Oso gogor batzuk ikusi ditut sare sozialetan, traizioa, espainolkeria eta holakoak. Ez diogu euskarari mesederik egiten honelako eztabaidak politizatzen eta ideologizatzen baldin baditugu.
"Hipotesiaren kontra egiten dutenek ez dituzte argudio zientifikoak baliatzen, argudio horiek gordinegi baitaude oraingoz."
Ez, Ander; badira bestelako argudioak ere, eta euskalduntze berantiarraren hipotesiak berekin dakarren euskalkien arteko bereiztea --bereizte ezin bizkorragoa-- ezinezkoa dela diotenik ere bada. Latinak 2.000 urtean 5.000 km-an barrena pairatu zuen bereiztearen aldean, Euskal Herriaren mendebaldera iritsitako euskara zahar hark 1.400 urtean eta 150 km-an berezite bortitzagoa pairatu zuela defendatzen du teoriak. Inkongruentzia handia da mintzairen eboluzioaren abiadura ikaragarri hori, arloan ditugun datuekiko, eta esplikazio gehigarri bat eskatzen du horrek, orain arte inork proposatu ez duena.