Teknologia albisteak

Urteko hitzak: muga-zerga eta slop

Erabiltzailearen aurpegia
Sustatu
gaur : 08:14

'Muga-zerga' 2025. urteko hitz hautatu dute Euskaltzaindiak eta UZEIk. Donald Trumpek iragarri dituen muga-zerga berriei buruzko albiste ugariek termino hori finkatzen lagundu dute. Hain zuzen ere, espainolezko urteko hitza aukeratu ohi duen Espainiako Fundeu fundazioak ere termino bera hautatu du: arancel (gaztelaniazko sinonimoa). Ingelesez ohitura bera duen Merriem-Webster hiztegiak, aldiz, slop terminoa hautatu du, ingelesezkoa noski, baina euskaraz ere erabiltzen hasi dena. Eta hemen, Sustatun, horrekin lerratzen gara, sloparekin, ez terminoarekin, baizik eta 2025erako hautuarekin.

Euskarazko hautaketari dagokionez, muga-zerga eta aduana-zerga, biak jasoak ditu Euskaltzaindiak bere hiztegian, biak ere ‘atzerriko produktuei aduanan ezartzen zaien zerga’ adierarekin. Baina aduana-zerga askoz gutxiago erabili izan da aurten hedabide euskaldunetan.

Muga-zerga marraz edo bereiz idatzi daiteke: muga zerga ere ondo dago. Baina orduan... 2025eko urteko hitza, bi hitz dira?

Ingelesezko slop hitza, berriz, zera da, adimen artifizialarekin sortutako eduki zaborra, estilo gutxikoa idatzian bada, estetikoki erdeinagarria grafikoa denean. Sustatun, hain zuzen ere, 2025 hasi genuen, urtarrilaren 10ean, slop aurkeztuz irakurleoi: Spam arotik irten ez, eta sartu gara jada Slop aroan. Euskarazko aipu bat egun bat lehenago aurkitu genuen Mastodonen, hemen. Euskarazko Wikipedian ere badago: Slop.

Hauxe da slop grafikoaren adibide bat (PP alderdiren kanpaina batekoa):

Eta hau slop testuala edo informatiboa, adimen artifizialarekin hedabide ustez serioetan idatzitako tontakeriak:

Aurreko urteetako UZEI eta Euskaltzaindiaren urteko hitzak izan dira:

Erantzun

Sartu