UZEIk erakundeak aurreko urteetan urteko hitzak izendatu izan ditu, baina aurten urrats bat aurrera emanez, Euskaltzaindia komentzitu dute akademiak berak ere urteko hitza izenda dezan: aldaera da hautatua, 2021eko euskarazko hitza, Euskaltzaindiaren arabera.
Komunikabideak arakatzen dituzte bi UZEIk eta Euskaltzaindiak elkarlanean, "lexikoa eguneratua izatea ezinbestekoa baitzaio hizkuntza naturalaren prozesamenduan oinarritutako tresnetarako". Eta eguneroko jarraipen horretan oinarrituta hautatu dute aldaera. "Izan ere, Izan ere, aurten ere COVID-19a izan da albiste nagusienetako, besteak beste birusaren aldaera berriek pandemiaren beraren bilakaeran duten garrantzia dela eta."
Aldaera urte hasieran ere aipatu genuen Sustatun, urtarrilaren 12an, baina beste berba bat aukeratu genuen, 'anduia', biderik egin ez duena 2021ean zehar. Kontua da 2021 hasieran cepa/souche esaten zela gehiago gure inguruko erdaretan, eta hortik andui atera guk. Ondoren, variante/variant esaten hasi ziren erdaraz, eta nagusitu da aldaera, izatez ezagunagoa euskaldun gehienentzat andui baino. Era berean, B117 delako izenak ere ez zuen aurrera egin, horren ordez, aldaera britainiarra nagusitu zen lehenbizi, eta gero letra grekoekin adierazi izan dira: B117 delako hari Alpha aldaera deitu zitzaion, baina laster desagertu zen albisteetatik. Fama gehiago lortu zuten gero Delta aldaerak, eta orain gainean dugunak, Omikron aldaerak.
Azken batean, andui edo aldaera, ez ote gaude honetan ere maileguen mendean?
Erantzun
Sartu