Teknologia albisteak

2024 urteko hitzak: Klima-aldaketa, kakazte, oldarraldi (berriro?)...

Erabiltzailearen aurpegia
Sustatu
2025-01-02 : 12:40

Aurreko urteetan bezala, abenduan jakinarazi zuten UZEIk eta Euskaltzaindiak zein izan zen, beraien aburuz, 2024ko hitza: Klima-aldaketa. 2023an hitz zerrendatxo bat jakinarazi zuten (beef eta oldarraldi tartean), eta 2022an zorioneko izan zen. Berria egunkariko euskara taldeak 2023ko hitz haietako bat erabaki dela 2024koa: oldarraldi judiziala. Eta aukeraketa partikularrak ere egon dira hortik.

UZEIk eta Euskaltzaindiak zabaldutako oharrean nabarmendu zuten Klima-aldaketa ez dela 2024an sortutako kontzeptua: urteak dira askoren ahotan dabilela. Halere, azkenaldian, gero eta maiztasun handiagoz erabili da komunikabideetan, jendaurreko solasaldietan eta sare sozialetan. Eta euskaraz, bestalde, "aldaketa klimatiko" esamoldeak, aldiz, ez du halako erabilera zabalik izan, eta izan ere klimatiko adjektiboa ez dago hiztegi batuan.

Klimarekin lotuta, Espainian eta gazteleraz dana hitza aukeratu dute, sigla izatetik izen arrunt bilakatuz, eta Iñigo Aranbarrik haren euskarazko baliokide bat proposatu zuen zutabe honetan: Goidi edo GOIDI, "Goi-geruzetako depresio isolatua". Izatez euskarazko Wikipediak tanta hotz proposatzen du.

Beste hitz bat proposatu du Joxe Rojas blogari eta komunikatzaileak: Kakazte. 2023an asmatu zuen edo atera zuen txisteratik enshittification hitza Cory Doctorow teknologia aditu eta idazle angloak. Interneteko zerbitzu edo enporio komertzial handienek beren funtzionamendu eta tresnak irabazien alde desbideratu eta desitxuratzeko duten joera da, labur esanda. Ingelesez 'enshittification' berria izan daiteke, baina euskaraz kakaztu eta kakaztea termino ohikoak izan dira lehendik ere, eta adiera teknologiko honetara nola egokitzen diren euskaraz Rojasek berak azaldu du ondoen: hementxe azalpen batzuk bere blogean. 2024an ezerk agerrarazi badu kakaztearen paradigma da X/Twitterren gainbehera; 2025aren atarian, Donald Trump (eta haren eskutik X-ren jabea, Elon Musk) AEBetako presidentziara iritsitakoan erradikalizatu daitekeen joera.

Irudia, Joxe Rojas Kakaztea azaltzen topaketa batean. 

Erantzun

Sartu