Teknologia albisteak

Google bilaketetan, agian Wikipediako euskarazko emaitzak berriro aurretik daude

Erabiltzailearen aurpegia
Sustatu
2023-08-29 : 09:54

Azken egunetan detektatu dugu, Googlek euskarazko emaitzak azpira bidaltzeko joeran aldaketa sumatu daiteke, behintzat Wikipediako emaitzekin. PCko web bilaketetan, euskaraz zuzen konfiguratutako ordenagailuetan baieztatu dugu nahiko modu orokortuan. Mugikorrarekin, zuzen konfiguratutako Android euskaratu batean, bai Firefox nabigatzailearekin, baina ez Chrome ohikoan hobetsiarekin.

Euskarazko emaitzak Googlen diskriminatuta zeudela iaz detektatu genuen, katalanek antzeko zantzuak ikusi ondoren. Euskarazko Wikipedian nabaritzen ziren ondorioak batez ere, bisita jaitsierekin hainbat orritan, eta kasu askotan, euskaldunen intereseko gaietan ere, gaztelaniazko emaitzak hobesten (bertsolarien bilaketen kasuan). Honen errudunak, neurri batean, erabiltzaile euskaldunak gara ez dugulako euskarazko konfigurazio egokirik erabiltzen gure ordenagailu eta mugikorretan (ikasi eta ikusi, lehenhitza.eus webgunearen bidez); baina 2022tik egoera okertu zuen Googlek sistematikoki muzin egiten hasi zelako erabiltzaileen konfigurazioari, gaztelaniazko emaitzak hobetsiz erabiltzaile katalan zein euskaldunentzako.

PuntuEus elkarteak ere baieztatu du joera kaltegarri aurtengo udan, hemen jaso genuen bezala.

Orain bederen, badirudi egoera aldatu egin dela, behintzat Wikipediako emaitzen kasuan. Ikusi bilaketa hauek, Andoain, Maya Angelou, Linus Torvalds Maialen Lujanbio... Test haiek egiteko, terminoa erdaraz zein euskaraz berdina izatea komeni da, horregatik aukera horiek. Baina Angelou eta Torvalds sartu dugu Euskal Herritik kanpoko adibide gisa, hor ere gertatzen dela ikusteko.

 

Hala ere, Wikipediako edukiez kanpo, badirudi arazoak jarraitzen duela. Portugalete edo Andoain herrien kasuan, Udalaren orriari dagokionez, hobesten du Googleren emaitzak erdarazko orria aurretik jartzea. 

Horregatik, uste dugu Wikipediako edukiak sailkatu eta aurkezteko moduan egon dela aldaketa bat, baina ez bestelako parametro batzuetan. Atento jarraituko dugu.

Batez ere zera gogoratu: zuzen lehenbizi agertzeko Wikipediako euskarazko edukia, behar duzuna da, 

  • zure ordenagailua zuzen euskaraz konfiguratuta eta euskaraz hobetsita eduki: Lehenhitza.eus webgunean ikas Lehen Hitza Euskaraz egitren.
  • Wikipedian euskarazko edukia ere egon beharko da... ez badago Angel Vilda delakoaren orririk euskaraz, sortu arte ez da emaitzarik egongo, adibidez. Wikipedia egin egiten da, eta ez berez, euskaldunon lan eta ekarpenekin baizik.

Erantzun

Sartu