Gaurdanik Euskal Herri osoan Covid ziurtagiria eskatzen delarik hainbat tokitara sartzeko, Hego Euskal Herriko agintariek ez dute txintik esaten nola egin behar den egiaztapena. Katalunian, bai, https://verificacovid.gencat.cat web bidezko egiaztapen-sistema jarri dute martxan, eta informazio orri bat. Nafarroan ez dio ezer Osasunbideak, eta Osakidetzaren informazio orria ere barregarria da, ahazten baitzaie aipatzea nola egin ziurtagirien egiaztatzea.
Hauxe da Osakidetzak dioena. Non eta nola exijituko da EAEN? dio epigrafeak. Non azaltzen da bertan, baina nola ez. COVID ziurtagiria eskatu behar den establezimenduetarako informazio-kartel bat egin da (hemen PDF bertsioan), baina hor ere nola esplikatzea ahaztu zaie.
Pixkat barregarria ere bada informazio orriko elipsia, ziurtagiria benetakoa dela egiaztatzeko txintik esaten ez denean. EHAA buletinean gaur argitaratu den xedapenean ere berdintsu, zabaldutako irudian esaten dena errepikatzen da: "Establezimenduetako jabeek nahiz agintaritzaren agenteek noiznahi eskatu ahal izango diete establezimenduetan dauden bezeroei lokalera sartzeko aurkeztutako dokumentazioa erakusteko, benetakoa dela egiaztatu ahal izateko." Baina nola egiaztatzen da? begi kolpez igual... "ummm, QR kode honek benetakoa dirudi, aurrera!"
Non eskatuko duten badakigu ordea. Gutxi gora-behera.
Publikoari aisia- eta dantza-jarduerak eskaintzeko establezimenduetan, besteak beste diskoteka, dantza-areto, ikuskizunak ematen dituzten jai-areto, musika-taberna, karaokeetan. Zehazki, dekretu honetako arabera III. eta IV. taldeetan sartzen diren guztietan. (baina ez dugu ondo ulertu non dagoen talde zerrenda hori dekretuan).
Dekretuko III. taldean sartzen diren pub eta taberna berezietan, 22:00etatik aurrera. Berriro ere, III. talde horrek ze pub eta taberna zehazten dituen ez dugu ulertu 2019ko dekretua irakurrita.
Eta, azkenik, 50 mahaikidetik gorako jantokiko plazen edukiera baimendua duten jatetxeetan.
Hori toki zerrenda gaur indarrean sartzen dena, baina aurrerantzean ziurtagiri eskaera toki gehiagotara zabaldu litekeela iradoki zuen atzo Jaurlaritzak LABIren bileraren ondoren. LABIren arabera, "Balioesten ari gara Covid ziurtagiriaren derrigortasuna espazio itxietan egiten diren ekitaldietara zabaltzea, batez ere publikoa zutik dagoenean. Baita ostalaritzako eta jatetxeetako beste esparru batzuetara ere. Era berean, gimnasioetan eta jarduera fisikoa egiten den barruko beste espazio batzuetara ere. Baita aztertzen ari gara ospitaleetan eta zentro soziosanitarioetan egiten diren bisitetan eskatzea ere."
Nafarroako Foru Komunitateari dagokionez, ziurtagiria aurkeztu beharreko areto zerrenda pixkat desberdina da.
Zalantzarik izanez gero, galdera-dokumentu (FAQ) bat kaleratu du Nafarroako Gobernuak, baina hor ere ez da esaten nola egin ziurtagirien ziurtatzea.
Gorago aipatu bezala, Kataluniako Gobernuak jarri du martxan katalanez dabilen sistema, beraz mugikorrarekin https://verificacovid.gencat.cat helbidea ireki eta horrela egin dezakezu. Aplikazioa katalanez dago, eta ikusi dugunez beste hizkuntza batzuetan ere bai, baina ez euskaraz.
Valentziako Komunitatean garapen propiorik egin ez, baina Luxenburgoko Covidcheck.lu erabiltzea gomendatu dute. Ingelesez eta frantsesez bakarrik dagoela, eta kexak agertu dira prentsan (diotenaren kontra, alemanez eta luxenburgeraz ere badago). Kataluniakoa erabiltzea okurritu ere ez, katalanez dago, ez valentzieraz!
Sustatun aurretik aipatu izan dugu Suitzako Gobernuak zabaldutako Covid Certificate Check aplikazioa. Ondo dabil, ez da intrusiboa (ez du daturik gordetzen). Ipar Euskal Herrian https://sanipasse.fr/ webgunearen bidez egin ohi dela ematen du.
Noski, euskaraz ezer ere ez ziurtagirien egiaztapen sistema hauetan. EAEko edo Nafarroako Gobernuek ez dute sortu. Nola egiten den ere baitute informatzen, pentsa!
Epa hor.
Swiss Certificate Check delakoa F-Droid.en ere badago: COVID Certificate (Swiss COVID certificate) - https://f-droid.org/packages/ch.admin.bag.covidcertificate.wallet helbidean.
Horrela ez gara pasatu behar Google.en dendatik.