Teknologia albisteak

Antton Peña aramaioarraren Flock ibilgailu autonomoak aseguratzera zuzendu da

Erabiltzailearen aurpegia
Sustatu
2021-08-25 : 10:26

Duela lau urte aipatu genuen Sustatun Flock, Antton Peña aramaioarrak Londresen sortutako start-up-a. Droneen hegaldiak aseguruekin babesteko sistema bat zen Flock nagusiki orduan. Orain, gidaririk gabeko automobilentzako aseguruak egiteko negoziora igaro dira, eta inbertsio gehigarria lortu dute.

Hemen albistea Techcrunch tekno-albistegian, non Flock-en bi fundatzaileak ageri diren argazkian Ed Leon Klinger CEO edo zuzendaria eta Antton Peña euskalduna. 17 milioi dolarreko inbertsio bat erakarri dure oraingoan, aurretik 5 milioikoak zeuzkatenean. Chamath Palihapitiya inbertsorek gidatzen duen inbertsio funtsa da dirua sartu duena, eta kontuan hartzekoa da Palihapitiya badela baten bat Londresko negozio zirkuluetan, Virgin Galactic enpresako presidentea baita. Virgin Galactic, hain zuzen, Richard Bransonen espazio-bidaien enpresa hori.

Flock-en negozioa big data datu analisian oinarritzen da, eta aseguruen mundura aplikatzen du. Goiko ilustrazioa beraien webgunetik atera dugu eta beraien eboluzioa adierazten du. Denbora errealeko datu handien analisitik, droneen hegaldien aseguruak kalkulatzera, eta orain auto edo lurreko ibilgailu autonomoen mundura jauzia. Kontua zera da, drone zein ibilgailu autonomoek ere asegurua behar dute, baina faktore ez-gizatiarren mende daude neurri handi batean beraien hegaldi edo ibiliak, batez ere auto autonomoen kasuan. Segun eta ze ibilbide, inguruko trafiko faktoreak, eguraldia eta abar, ibilgailu autonomo baten arrisku eta errore faktoreak neurtzean datza Flock-en negozioa; horren araberako aseguru sistema bat eskainiz. Bitrteko zerbitzu bat da alde batean erabiltzaileak eta ibilgailu autonomoen egileak dituena, eta beste aldean aseguru konpainiak, zeinak merkatu berri batekin topo egin duten, eta ebaluazio sistema berriak behar dituzten.

Antton Peñak 30 urte ditu, eta Aramaiokoa da izatez. Diseinatzaile ikasketak egin zituen Mondragon Unibertsitatean, diseinu industriala eta produktu garapena, hain zuzen. 2017an adierazi zigun bezala, ez da harritzekoa diseinatzaile bat teknologo bilakatu izana: "Begira Flickr, Airbnb, Tumblr, Youtube, Twitter edo Square-ek (zerranda nonbait amaitzearren); guztiek dute diseinatzaile bat fundatzaile taldean. Askok uste dute informatiko edo garatzailea izan behar dudala Flock-en garatu duguna garatzeko. Teknologia baina, arazoari erantzuna izan behar da, ez produktuaren jatorria. Behin produktua zer izango den definituta, eraikitzen lagunduko dizuna aurkitzean dago gakoa, talde egokia sortzean."

Erantzun

Sartu

Publizitatea

Jarraitu sustatu.eus

E-postaz, mezuz mezu:

E-postaz, eguneko buletina:

  • rss ikonoa

»» Aukera gehiago