Teknologia albisteak

Benetan iritsi dira Branson eta Bezos espaziora?

Erabiltzailearen aurpegia
Sustatu
2021-07-21 : 11:08

Joan den asteburuan Richard Branson, eta atzo Jeff Bezos, iritsi omen dira espaziora. Tira, batak lurretik 80 kilometroko altuera erdietsi du; besteak 100 kilometrokoa. Nor iritsi zen lehena? Branson. Nor gorago? Bezos. Asko jota, espazioaren ertza da hori, zero grabitatearen antza duen sentsazio bat igartzeko zonalde bat, espazioren beltza zein lurraren kurbatura argitsua aldi berean ikusten diren ingurune bat, eta batak zein besteak bizpahiru minutu egin zituzten hor.

Milioitsuak dira biak, "espazioko turismoa" egin nahi omen duten enpresen sortzaileak. Richard Branson Virgin enpresaren sortzaile da, eta musikaren negoziotik beste hainbat alorretara igarotakoa da: telekomunikazioak (Euskaltel zerbitzuaren berdina Espainian Virgin izenarekin merkaturatzen da), hegazkinak, eta espazioaren kontuan Virgin Galactic.

Jeff Bezos Amazon inperioaren sortzailea da. Liburu fisikoak online saltzetik, 25 urtean edozer saltzera eta beste hainbat produkturen jabe izatera igaro da Amazon: AWS azpiegitura informatikoen zerbitzua, Twitch zuzeneko bideon sare soziala edo Whole Foods AEBetako janari dendak; espazioaren alorrean, Blue Origin da bere enpresa.

Virgin Galactic eta Blue Originen artean bada desberdintasun bat. Virginen asmo nagusia turismoa edo hegaldi partikularrak egitea da, eta ez dauka, dirudienez, Lurreko orbitatik irteteko asmorik. Segmentu turistiko bera du Blue Originek bere asmoetan, baina horrez gain espaziountzien negozio handiagoan (sateliteak orbitan jartzen, adibidez), NASArako kontratuetan eta ilargian bertan jarrita dituzte begiak.

Aste honetako hegaldien eta espaiountzien desberdintasunak ikus daitezke grafiko honetan. New Shepard deitzen da Bezosen ibilgailua, eta VSS Unity edo Virgin Unity 22 esan izan zaio Bransonenari.


Ezkerretan, Blue Originen kohete tradizional samarra; modulo bat muturrean duela irten zen, eta moduloa gorantz askatu ondoren, kohete nagusiak bertikalkui lur hartu zuen, eta moduloak 100 kilometroko altuera hartu ondoren, paraxuten bidezko lurreratzea izan zuen. Goragoko irudi nagusian, irudikapen bat nola ibili zen Bezos modulo horren barruan, atmosferaren ertzean hiru bat minutuz.

Virgin Galactic Bransonena hegazkin formako gailua da. Erregai aski izateko, ezin da bere kasa aireratu eta beste hegazkin handiago baten sabelean zeruratzen da. Hegaldian zehar askatu, gora igo, eta 80 kilometroko altueran une batzuk egin ondoren, jaisten da aireportu batean lur hegazkin normalek bezala hartzeko.

Hurrengo itsatsi ditugun bideoak, biak dira bi ordu eta erdikoak. Egin aurrera lasai... Zuzeneko gisa grabatu ziren, espaziountziak lurrean zeudenetik gizonezko aberats horiek lurrera iritsi arte.

Branson eta Virgin Unityren hegaldia:

Bezos eta New Shepard-en hegaldia:

Koadrila honetan hirugarrena Elon Musk da (Tesla auto elektrikoen miliotsua). Honen SpaceX enpresa, Blue Origin bezala, proiektu komertzialetan dabil NASArekin-eta, eta ez du turismo egitasmo berezirik, ez bada bat oso oso anbiziotsua: gizakiak Marten jartzea. 100 kilometroraino baino, haraino iritsi nahi omen du Muskek. Dena dela, diotenez, ondo konpontzen ei da Musk Virgin Atlantic-ekin eta Richard Bransonekin, eta honen hurrengo hegaldietako batean eserleku txartela erosia omen du...

Erantzun

Sartu