Teknologia albisteak

Flock, Antton Peña aramaioarraren start-up londrestarra

Erabiltzailearen aurpegia
Sustatu
2017-02-03 : 09:44

Antton Peña Londresen lanean ari den Aramaioko ekintzaile bat da. Bere bigarren enpresa proiektuan dihardu, eta lehen inbertsio txanda mamitsu bat lotu du bere start-up-erako, Flock-erako. Droneen hegaldien bideragarritasuna eta arrisku-maila neurtzeko proiektu bat da.

Flock, drone aldren kontrolerako....

Big Data analisitik abiatzen da Flock enpresaren kontzeptua. Droneen erabilpena dagoeneko nahiko hedatua dagoela argi dago, eta hazi egingo dela ere pentsa daiteke. Logikoki, segurtasun kezkak ere sortu izan dira, eta dagoeneko herrialde askotan, halakoak airean jartzeko prestakuntza berezia behar da, eta baita ere aseguru espezifikoak kontratatzea. Flock hitzak esan nahi du txori-aldra ingelesez, eta enpresaren zioarekin ondo lotutako izena da.

Hala ere, esparrua nahiko "birjina" dago, eta Flock-ek, hor, Big Data edo datu-kantitate erraldoi eta desberdinen analisia eskaintzen du, hegaldi edo ibilbide jakin baten segurtasun indizea kalkulatzeko. Informazio iturri publikoak erabiliz, Erresuma Batuan lurralde osoaren gainean egin dezakete kalkulu hori une honetan.

Eta bezeroa nor da? kasu honetan, aseguru etxeak. Asegurua ezinbestekoa denez, baina nola apenas dagoen arriskuen kalkulurako oinarririk, Flock-ek akordioak itxi nahi ditu aseguru etxe batzuekin, bezeroei hegaldi indibidualen araberako aseguru zehatzak eskaini ahal izateko.


Produktua apirilean edo maiatzean martxan jartzea espero dute, lehen hegaldi aseguratuak orduan gertatzea. Berriki, inbertsio txanda konpleto bat osatu dute, eta arrisku-kapitaleko fondo batez gain, hamaika inbertsore partikular (angel investor, esaten zaie) lortu dituzte. Pertsona hauek ez bakarrik dirua jartzen dute, baita ere esparru jakin batzuekin kontaktuak eta ezagutza espezifikoak. Adibidez, aseguruen munduarekin lotutako inbertsoreak dituzte, eta baita ere datu geografikoen analisiarekin esperientzia dauzkatenak.

Antton Peñak fundatzaile rola du Flock-en, eta sozietatean parterik handiena bat ere badu. Bere ondoren dago partizipazioan, Ed Leon Klinger CEO edo zuzendari nagusia. Une honetan sei lagun dira Flock-en, Klinger eta Peñaz gain, bi programatzaile ( “full-stack” garatzaileak biak, GIS edo programa geografikoetan esperientziadunak), eta bi bekadun, bata komunikazioetan eta bestea ikerketan, hauek ere biak ingeniariak.

Antton Peñaren ibilbidea

Antton Peña duela 26 urte sortu zen Aramaion. Diseinatzaile ikasketak egin zituen Mondragon Unibertsitatean, diseinu industriala eta produktu garapena, hain zuzen. Ikasketa horiek orain asmatu duenarekin daukaten erlazioaz galdetu diogu Peñari: "Diseinu hitzarentzant definizio asko dauden arren, nire aburuz produktu diseinatzaile bat produktu baten bidez arazo edo behar bati irtenbide bat aurkitzeko gai den profesional bat da. Produktuak zer egin behar duen, erabiltzailearen beharrak zeintzuk diren definitzen duen norbait. Hori da nik Flock sortzean egin nuena. Dronen alderdi teknologikoan behar bat identifikatu, eta arazo horri erantzuteko teknologia egokia aurkitu".

Peñak oroitarazi digu arrakasta handia izan duten produktu askoren atzean, diseinatzaile bat egon dela sarritan. "Flickr, Airbnb, Tumblr, Youtube, Twitter edo Square-ek (zerranda nonbait amaitzearren); guztiek dute diseinatzaile bat fundatzaile taldean. Askok uste dute informatiko edo garatzailea izan behar dudala Flock-en garatu duguna garatzeko. Teknologia baina, arazoari erantzuna izan behar da, ez produktuaren jatorria. Behin produktua zer izango den definituta, eraikitzen lagunduko dizuna aurkitzean dago gakoa, talde egokia sortzean."

Ikasketak amaitzearekin, praktiketan aritu zen automozio enpresa batean, kontzeptuzko autoetan konektaturiko autoen gaian denbora emanez. Ibilgailu asko, sarera konektatuta, gidari humanoekin edo autonomoekin, segurtasun kontuekin lotuta, trafiko kongestioak, bide optimoen kalkulua... Datu-multiplizitatea eta gailu jakin batzuen ibilbideen zehaztea: orain droneekin duen lehengaiak hortxe zeuzkan.

Connected vehicles delako mundu horrekin lotuta, 2011n Londresera joan zen ikasketak alor horretan sakontzera, eta 2013-15 tarteetan, master bat ere egin zuen. Londresko Imperial College eta Royal College of Arts delakoetan egin ditu ikasketa eta master horiekin.

Masterrekin formakuntza teknikoa osatzearekin batera, Londresko giroak bere lehen enpresa-abentura osatzera eraman zuen. Interneten bidez testamentuak egiteko zerbitzu bat da, Farewell (agurra, despedida) eta Will (borondate, testamentu) hitz ingelesen nahasketarik sortua: Farewill. Une honetan Peña ez dabil proiektu honen egunerokoan, baina enpresa partizipazioa edukitzen jarraitzen du.

Izatez, ekintzailetzarako interesa, Londresera joan aurretik ere bazuen Peñak. "20 urterekin hain zuzen, eta MUko gradua amaitzen geundela, beste hiru ikaskiderekin batera produktu bat merkaturatzen ahalegindu ginen (IGEX). Ez ginen oso urrun iritsi ordea", kontatu dio Sustaturi. "Hala ere, garaian ez nuen inola ere orain nagoen egoera irudikatzen. Produktu diseinu munduan interesatuta nengoen buru belarri, eta diseinatzaile esanguratsu batean bilakatzea nuen helburu orduan."

Galdera zail bat egin diogu elkarrizketa amaitzeko Peñari: Non ikusten duzu zure burua 5 urte barru?

"Ez da erantzuten galdera erraza, nire azken 5 urteek izandako ibilbide aurretik asmatu ezinezkoa ikusita", erantzun digu. "Hala ere, teknologia berrienak erabiltzaileen beharrekin lotzen dituen proiektuetan ikusten dut neure burua. Aukera handiak ikusten ditut iristear daude intelligentzia artifiziala (AI), autonomia, edo eta gauzen interneta (IoT) moduko teknologietan, baina egiteko asko dago oraindik hauek gizartearen egunerokotasunaren parte egiteko. Horretan ikusten naiz bost urteren buruan, eta ahal dela, Euskal Herrian hanka bat dudala egitea gustatuko litzaidake. Asko eman didan ingurunea da, eta zerbait bueltan ekartzea gustatuko litzaidake."

Erantzun

Sartu