Covid ziurtgairi europar ofizialen ezaugarriez eta haiek lortzeko moduaz jardun izan dugu Sustatun. Orain, beste tresna interesgarri pare baten berri: ziurtagiriaren baliogarritasuna ziurtatzen duten tresnak daude jada libreki, sarean. Ondorio interesgarri bat: tresna hauekin edonork antola dezake ziurtagiria aurkeztea eskatzen duen ekitaldi bat.
Euskal Herrian osasun edo segurtasun arduradunek ziurtagiriak ziurtatzeko sistemarik darabilten ez dakigu, baina denon esku dagoen teknologia bat da. Suitzako Gobernuak bere aplikazioa libreki zabaldu du sarean eta bere kodea Github-en libre dago. Android bertsioa, Google Play bidez, hemen duzue:
Aplikazioa instalatuta, kamera erabiltzeko baimena eskatuko dizu, eta gauza bakarra egin daiteke ondoren: Covid ziurtagiriaren QR kode batera zuzendu kamera, eta aplikazioak erantzungo gizu ea ziurtagiria balekoa den, eta pertsonaren izen-deiturak eta jaiotza data gehituko ditu. Hau da, eskaneatu duzun ziurtagiria ez dadila izan beste pertsona batena, zure nortasun agiri bat erakutsiz osa daiteke operazioa (izena eta jaiotza data balizotatzeko).
Aplikazio honekin posible zaigu edonori ekitaldi pribatu batean ziurtagiriak kontrolatzea. Ilaran jartzen direnei eskatu ziurtagiri inprimatua edo telefonoan QR irudia erakusteko, eta atezainak QR kodeen bidez ziurta dezake kontua. Esan bezala, nortasun agiri batekin osatuko litzateke ziurtatzea-
Beste pertsona batek web bidezko aplikazioa egin du. Kamera duen ordenagailuaren bidez edo mugikorrarekin bisitatu webgune hau eta...
Erakutsiozu QR kodea, eta bere baliagarritasunaz informatuko zaitu. Era berean, identitate datuak ere bertan daudela ikusiko duzu eta kasu honetan gainera, beste datu batzuk ere bai: esate baterako, badirudi ziurtagiriak 2024ko maiatzean iraungitzen direla, batek daki zergatik. Era berean, txertoaren egilea zein den eta ziurtagiria nork eman duen ikusten da.
Hemengo irudietan, Sustatu egiten dugun CodeSyntax enpresakoen bi ziurtagiri-irakurketa. Aplikazioaren bidezkoan, argazkia atera dugu ze aplikazioak blokeatzen ditu pantaila-kapturak. Beste kasuan, webgune bidez ziurtatu dugu Mikelen QR kodea. Bere informazion gehigarrian, Comirnaty txertoa jaso duela (Biontech-ek egina, baina hauxe da izatez Pfizer izenarekin ezagutzen duguna Euskal Herrian), eta baita ziurtagiria Eusko Jaurlaritzarena dela.
Goi-goiko irudia, covid-pass-verifier.com webgunekoa da. Honen kodea ere askatu du bere egileak Github-en.
Erantzun
Sartu