Teknologia albisteak

Euskaldunen berezitasun genetikoaz datu berriak

Erabiltzailearen aurpegia
Sustatu
2021-03-29 : 08:35

Euskaldunen berezitasun genetikoaren inguruko beste ikerketa bat argitaratu berri da. Gutxi gora-behera aurreko datu eta ikerketek esandakoa berresten du ikerketa honek, baina nonbait arrabots handiagoa lortu du hedabideetan. Funtsean, berezitasun genetiko argi bat dagoela erakusten du ikerketak, eta euskara hitz egin izan den eremuetan zentratzen da. Ikerketak zehazki nabarmendu duen detailea hauxe: duela 2.000 urteko isolamendu baten ondorio dela berezitasun hori, eta inguruko populazioek duten eragin genetiko erromatarra falta dela euskaldunongan.

Azterketak gaur egungo pertsonen 190 genoma aztertu ditu. Mapa honetako puntu bakoitzak 10 edo 11 pertsonako multzo bat adierazten du, eta euskararen lurraldeko eta ingurune "peri-Basque" deritzon bat bereizi dute. Periferia erdi-basko horietako bat Euskal Herrian kokatu dute, Karrantzan, baina gainerakoak kanpoan daude.

Ikerlariak Bartzelonako IBE (Institut de Biologia Evolutiva) zentrokoak dira, Pompeu Fabra unibertsitateko adar batekoak. David Comas biologoak zuzendu du ikerketa, baina zenbait sinatzaile ditu artikulu zientifikoak; tartean Beñat Oihartzabal hizkuntzalari eta euskaltzainarena (beste izenpe euskaldun itxurakorik ere bada). Artikulua Current Biology aldizkari zientifikoak argitaratu du, eta libreki kontsultatu eta jaitsi daiteke. Izenburua da Genetic origins, singularity, and heterogeneity of Basques; "Euskaldunen jatorri genetikoak, singulartasuna eta hetereogeneitatea".

Azterketan halako puntu batzuk ikusi ditugu, aipamena merezi dutenak. Talde peri-baskoen eta baskoen artean badago desberdintasun bat, baina hurbiltasun bat ere bai. Talde baskoetan, Estatuetako bereizketa egin duten Iparralde eta Hegoaldeko laginekin (bi berde desberdin goiko mapan), baina emaitza bertsuak dira.

Emaitza horietan, argi bereizten da populazio euskaldunaren berezitasun genetikoa. Grafiko honetan, ezkerreko muturrean daude datu euskaldunak.


Eta gertutasun bat nabari da, aurreko azterketa batzuek nabarmendu bezala, sardiniarrekin (parametro batzuetan, peri-baskoak gertu dauden aurren, sardiniarrak gertuago daude, izatez). Hona grafiko honetan, NROH eta SROH aldaeretan ikusten da euskaldun eta sardiniarren hurbiltasuna:

Bestalde, beste azterketa batzuetan ikusitako datu bat ere aurkitu dute: Anatoliako populazio neolitikoekin gertutasun handiagoa euskaldunengan, beste populazio europarretan baino (alde oso nabarmena ez dela zehazten duten arren). Honetaz sakontzeko, Wikipediako atal honetan datu eta erreferentzia ugari.

Era berean, gaurko populazio euskaldunaren markatzaile hauek iraganeko Iberiako beste populazio batzuen antzekoak direla. Hau 2019ko Iñigo Olalderen ikerketak nabarmendu zuen (ikus erreferentzia Elhuyarren eta originala Science aldizkarian), nola burdin-aroan Iberiako zenbait populaziok zeukaten patroi genetiko bertsu bat, eta euskaldunak populazio multzo hartan bat gehiago edo ahaide hurbilekoak izan zitezkeen. Baina Erromaren etorrerak oro aldatu zuen zeharo: burdinaroko beste iberiar haien arrastoa diluitu da, eta euskaldunena ez. Honako grafikoak erakusten du hori:

Batetik, burdin-aroko Europako genoma tipikoa berdea bada... Euskal Herrian kontserbatu da berdeen. Morez markatuta genoma erromatarra, Euskal Herrian eragin eskasena du; eta hirugarren mapan marroixkaz agertzen bada Ipar Afrikako genomen eragina (musulmanen Iberiaren kolonizazioagatik) horren arrastorik ere ez da Euskal Herrian (musulmanak Ebro haranean eta Nafarroan kokatu eta iraun izana historikoki dudaezina den arren).

Erromak Europako Mendebaldea garaitu zuenean aldaketa genetiko nabarmenak gertatu zirela agerian uzten du beraz, ikerketak. Eta 2.000 urtetan, burdinaroko argazki genetikoa gorde bada nagusiki Euskal Herrian, euskararen traba linguistikoa izan zitekeela horretarako motibo aipatzen dute ikerlariek.

Duela 2.000 urteko gertaera genetiko berezi baten berri eman zuen beste azterketa genetiko batek iaz (Sustatun jasoa / Biorxiv-enorijinala). Gaur egungo populazio euskaldunak orduan gertatutako "botila-lepo" efektu fundatzaile baten marka daukala ikusi zuten, oso efektu markatua gainera. Hau da, egungo populazio euskaldunak duela 2.000 urte oso konpaktu eta txikia izan behar zuen talde batean du jatorria, eta gainera haien ondorengotza nolabait nahasmen gutxirekin garatu da harrezkero (oraingo ikerketak ere horixe dio).

Ikerketaren irakurketa politiko batzuk argitaratu dira egun hauetan hedabideetan Egileetako batek ustez asmo artistikoz egindako irudikapen bat ere argitaratu da:

Hor ez dago datu genetikorik, akuarela bustidurak mapa gainean baizik: pentsa nola den asmatua, non itsasoan ere kolore markak ageri diren.

Beste ikerketa bat martxokoa

Ikerketa genetikoak ez dira horren bakanak, eta euskaldunen gainean interesekoak ere ez. Baina batzuek beste batzuek baino oihartzun handiagoa lortzen dute.

Martxo hasieran, adibidez, Nature aldizkarian euskaldunen arteko Y haplotaldeen azterketa bat argitaratu zen: The Y chromosome of autochthonous Basque populations and the Bronze Age replacement. Azterketa zehatz horretaz hemen idatzi genuen, baina berriro ekarriko dugu hona bere muina. Ezaguna da berezitasun bitxi bat dagoela gizonezko euskaldunen Y kromosoman: euskaldun gehienek R1b haplotalde tipikoki indoeuropearraren aldagai bat dute Y kromosoman (zeina aldatu gabe transmititzen den patrilinealki). Iraganeko gertakari historiko-demografiko handi baten aztarna izan behar du horrek.

Natureko ikerketak jatorrizko oker tonto bat zuen, bakarrik Bizkaia, Araba eta Gipuzkoako laginekin egin dutelako, baina hala ere, oso datu zehatzak eman ditu:

  • R1b haplotaldea oso oso hedatua dago gizonezko euskaldunongan, beste inon ez bezala.
  • Jatorri indoeuroparrekoa dela dudarik ez denez, inbaditzaile gizonezkoek populazio indigena batean ordezkapen maskulino ia erabateko bat egin zutela dirudi.
  • R1b haplotaldearen barruan Euskal Herrian aurkitutako aldaera desberdinak, espezifikoki hemengoak dira, eta oso sakonak denboran.
  • Ezarpenaren data, duela 5.000 urte inguru gertatu zen; orduan ezarri zen R1b delako haplotaldea oraingo euskaldunen arbasoen artean. Eta harrezkero, aldagai indigenetan eboluzionatu dute aldaera desberdinekin.
  • Y kromosoma "dagoeneko euskaldunen" hauek (duela 5000 urtetik hemen badaude...) antz handiena dutena beste Y kromosoma batzuekin: egungo irlandarrekin. (hori erakusten duen grafikoa jarraian).

Azterketa batzuetatik eta besteetatik, oro har, ez datoz datu kontraesankorrak. Gaur egungo eta antzinako europarren eta euskaldunen genetikatik, laburbilduz, sakonera historiko handiko zenbait gertaera nahiko baieztatuta daude. Funtsean hauek:

  • Duela 7.000 urte, Anatoliako nekazari neolitikoen ondorengoek ezarri zuten nekazaritza eta abeltzaintza Europan, eta horrek eraldaketa genetiko oso handia ekarri zuen, aurreko populazioen ordezkapen handi batekin (bereziki lerro patrilinealen ordezkapena).
  • Anatoliako nekazari inbaditzaile haiekin gaur egunean antza genetiko handiena duten europarrak dira sardiniarrak eta euskaldunak (Anatoliako gaur egungoak askoz desberdinagoak dira).
  • Duela 5.000 urte (Brontze-aroan) indoeuropear herriak zabaldu ziren Europan, eta ordezkapen genetiko handia egon zen, bereziki lerro patrilinealena, eta bereziki, baita ere, gaurko euskaldunen arbasoen artean, zeinetan Y talde maskulino indoeuropearrak guztiz nagusitu ziren.
  • Ondorengo Burdin-aroan, bi edo hiru mila urtez, Iberiar penintsulan bederen herri indoeuroparrak eta ez-indoeuroparrak bizi izan ziren, eta genetikoki berdintasun handia nabari da populazioen artean (badirudi talde horien artean, euskaldunak antzeko bat gehiago zirela, Iberian koka zein Pirinioetatik iparraldera koka).
  • Duela 2.000 urte Erromaren konkistarekin, inguruko populazioen eraldaketa genetikoa gertatu zen, baina ez euskaldunena: aurreko burdin-aroko egitura genetiko berdintsuarekin jarraitu zuen talde batek bazter hauetan. Litekeena da halaber, populazioaren "botila-lepo" estu bat ere gertatzea garai berean.

Erantzun

Sartu