Dagoeneko indarra ari da galtzen Karibeko ETA/Eta ekaitza. Haren izen bitxiaren zergatiaz informatu genuen asteburuko artikulu honetan, baina hurbilegao ere ekaitzen izendapenaren kontuak badu alderdi aipagarririk. Eta pronostiko bat egitera ausartu gaitezke, gainera: kostatuko zaigula Atlantikoaren alde honetan, Bizkaiko itsasoan, euskal izeneko ekaitzik topatzea,
Europan ere, bada ekaitzak izenez izendatzeko sistema bat baino gehiago. Bat ipar-mendebaldekoa, Erresuma Batuaren, Irlandaren eta Herbehereen artean adostua; eta bestea Bizkaiko itsasoa gehiago jotzeko aukera duten ekaitzena, Portugalek, Espainiak, Frantziak eta Belgikak adostua.
Herrialde hauen artean, meteorologia agentziek aukeratzen dituzte izenak txandaka. Orain arte ez dute Espainiako edo Frantziako agintariek euskarazko izenik hautatu. 2021ko iraila bitartean, izen hauek daude aurrikusita guri dagokigun eremuan.
Hemen irudian:
Belgikak edo Frantziak Karim bat sartu duela bada zerbait... baina ez dirudi Bizkaiko Itsasoko hizkuntza gutxituetan (galiziera, asturiera, euskara, okzitaniera eta bretoiera) geurea den izenik topa dezakegunik. Igual espainolek pentsatu dute Ignacio aniztasunaren seinale dela, batek daki.
Sistema britainiar-neerlandartarrean, berriz, jatorri zeltikoko izenak normaltasunez sartzen dituzte, tradizio gaeliko irlandar eta eskoziarrekoak, eta galesezkoak ere bai.
Hauxe izan zen 2019-2020 zerrenda: Atiyah, Brendan, Ciara, Dennis, Ellen, Francis, Gerda, Hugh, Iris, Jan, Kitty, Liam, Maura, Noah, Olivia, Piet, Roisin, Samir, Tara, Vince, Willow.
2020-2021 denboraldiko zerrenda hau da (artikulu hasierako irudia, Irlandako meteorologia zerbitzuak egina da, izen hauekin): Aiden, Bella, Christoph, Darcy, Evert, Fleur, Gavin, Heulwen, Iain, Julia, Klaas, Lilah, Minne, Naia, Oscar, Phoebe, Ravi, Saidhbhin, Tobias, Veronica, Wilson. Izen hauen artean, iruzkin ironikoak egon dira Heulwen izen galesak Eguzki-izpi esan nahi duelako, Eguzkiñe balitz bezala edo, ekaitz batentzat desegoki edo paradoxikoa delakoan.
Sistema britainiar-neerlandarrean 2020-2021 denboraldiko zerrendan euskarazko izen bat agertzen da: Naia. Espainia-Frantzian jai dugu, baina besteek hartzen gaituzte kontuan, antza! ;-)