Teknologia albisteak

ETA urakana Karibean: izen berezi samar baten azalpena

Erabiltzailearen aurpegia
Sustatu
2020-11-01 : 12:15

Karibeko ekaitz eta urakanen sasoiko azken ekaitz tropikalak ETA du izena, eta une honetan arriskuz ari da hurbiltzen Nikagaraguarantz. Txantxa linguistikoetarako eman dezakeenaz aparte, errealitate berri gordin samar baten adierazgarri da urakanaren izena. ETA letra grekoaren izena hartu du, alfabeto latinozko izenak duela zenbait aste agortu zirelako 2020ko sasoi honetan.

Ekaitz tropikal edo erraldoiak izen propioekin izendatzeko ohitura 20. mende hasierakoa da herrialde anglosaxoi batzuetan. Bereziki, Estatu Batuetako eguraldi zaintzako erakundeek Ipar Atlantikoko ekaitz tropikalei emandako izen-sistema egin zen ezaguna 20. mendean. Karibeko uharte eta kostaldeak, eta AEBetako hego-ekialdea astintzen duten urakanak dira horiek.

Honetan datza izen-sistema A-tik hasita, emakume eta gizonezko izen zerrenda txandakatua osatzen da denboraldi hasiera bakoitzean, izen sorta batekin. 20. mendean nagusiki izen angloak erabiltzen baziren, 21. mendean dibertsitate gehixeago sartu dute. QUXYZ hizkiak salbuetsita daude, eta hortaz, 21 aukera geratzen dira, eta denboraldia hasi aurretik jakinarazten da zerrendan. 2020ko denboraldian hauek izan dira:

  1. Arthur
  2. Bertha
  3. Cristobal
  4. Dolly
  5. Edouard
  6. Fay
  7. Gonzalo
  8. Hanna
  9. Isaias
  10. Josephine
  11. Kyle
  12. Laura
  13. Marco
  14. Nana
  15. Omar
  16. Paulette
  17. Rene
  18. Sally
  19. Teddy
  20. Vicky
  21. Wilfred

Kontua da normalean ez dela espero hainbeste ekaitz tropikal Ipar Atlantikoan, ze 20tik gora fenomeno ez da espero. Batzuetan izenak "alferrik" igarotzen dira, ekaitz baten hasiera fasean ematen zaiolako izena fenomeno jakin bati, baina gero ez da garatzen ezta ekaitz gisa ere. Baina tira, urtero 21 izen aukerekin nahikoa izan ohi da.

Hala ere, izenik gabe geratzekotan, pentsatua dago zer egin, alfabeto grekora jotzen da: ez alfabeto grekoarekin hasitako izenetara, baizik eta zuzenean, alfabeto grekoaren letren izenak ematen zaizkiela ekaitzei.

Bi aldiz bakarrik gertatu da hori, 2006an, eta nabarmenki, 2020 honetan, non, oraingoz, ekaitz hauek izendatu dituzten:

  1. Alpha
  2. Beta
  3. Gamma
  4. Delta
  5. Epsilon
  6. Zeta
  7. Eta 

Anekdotatik haratago, zenbaketa izugarria aldaketa klimatikoarekin lotuta egon daitekeela beldur dira zientzialariak. Gero eta urakan gehiago eta indartsuagoak eragiten dituelakoan beroketa globalak.

Informazioa:

Erantzun

Sartu