Google Meet euskaraz eta dohainik dagoela iragarri genizuen atzo, baina ez da bideo-dei edo telekonferentzien alorrean aste honetan izandako albiste bakarra: Irontec enpresak Jitsi sistemaren euskarazko bertsioa egin du, eta instantzia batean erabiltzeko moduan jarri du, meet.irontec.com helbidean.
Jitsi software librea da, eta telekonferentziak antolatzeko dagoen sistemarik erosoenetakoa da. Zerbitzari batean, hala nola meet.jit.si delakoak sortzen duzu URL bat, hala nola meet.jit.si/sustatu eta hara sartzen direnak telekonferentzian daudela ikusiko dute.
Gainera, hori da instantzia bat, baina zerbitzari batean Jitsi instalatzeko gauza den sysadmin batek erraz antolatuko du bere zerbiztu propioa. Esate baterako, Sustatu egiten duen CodeSyntax enpresak Jitsi partikular bat erabiltzen du aste hauetan telelanerako, eta bezeroekin elkarketa egiteko.
Irontec-ek jarri duen instantzian berez euskarazko bertsioa dago aktibatuta. Bisitatu meet.irontec.com eta "sortu bilera berria" sakatu. Irekiko da URL bat ausazko letra batzuekin, eta hori partekatu nahi duzunarekin, bideo-deia egiteko. Interfazeko agindu eta aukerak, euskaraz:
Jitsiren itzulpen prozesuekin gora-beherak izan dira azken hilabeteetan, baina badirudi bideratuz doala gauza. Irontec-ek egin duen egokitzapena dagoeneko badago Jitsiren Github-eko biltegian, eta bertatik jaitsi eta instalatzen baduzu, jada euskarazko instantzia bat jartzeko aukera daukazu.
Probatu Jitsi euskaraz meet.irontec.com helbidean.
Albiste bikaina, mila esker! Nik ere maiz erabiltzen dut jitsi, eta hura euskaraz erabiltzeko gogoa nuen (itzulpenean parte hartzen ere saiatu nintzen, baina, artikuluan diozuen bezala, arazoak bide zeuden, blokeatuta zegoela-edo...). Ezaugarri baten falta nabaritzen dut, hala ere, jitsin, antzeko beste plataforma batzuen aldean: txat-saioa gordetzeko aukera. Orain arte, hori egiteko modu bakarra solasgunea «eskuz» kopiatu (ctrl/cmd + C) eta beste nonbait itsastea da, ezta? Ala bada beste modurik?