PP alderdiak kanpaina bati ekin dio euskararen aldeko Jaurlaritzaren ebazpen bat kritikatuz. Atzoko Twiterreko bideo batean, Lorea izeneko gasteiztar batek udalaren ohar elebakar bat ikusi du, ura moztuko dela abisatuz, eta ezin ulerturik geratuko da. Disparateak erantzun barregarri batzuk eragin ditu, baina gaur PPk beste bideo batekin jarraitu du: Mikel gizajoak ez du isun bat ulertzen eta 3 euro azkar pagatu beharrean, 150 kenduko dizkiote.
Joxe Rojas txiolariak eta hari erantzun dioten batzuek telesaila idatzi dute, Lorea gajoaren peripeziekin.
Esate baterako, gidabaimena lortu zuen Loreak eta autoa erosi ere, baina abiatu zen errepidean, STOP zioen zeinua ikusi zuen, eta nola ez zegoen gaztelaniaz, aurrera jarraitu zuen autoarekin. Orain traumatologian sartua dago.
Lorea Wars bideoa sortu du batek.
Saga berri bat hasi da #Lorea #Loreagajoa #LoreaWars pic.twitter.com/pRMG3xsJIA
— Mikel Jedi Txikia (@JediTxikia) January 23, 2020
Beste hari interesgarri bat Oihan Txabarrik sortu du. Bertan, Lorea gajoak harrituta eta ezin ulertuta zur eta lur geratzen da hainbat gauzaren aurrean, adibidez, Iñigo Urkulluren txio baten aurrean, edo Pedro Sanchezek Euskaltzaindian sinatu zuen testuaren aurrean (egia esan, mezu horiek oso gutxik ulertu izan ditugu).
Kanpainaren helburua da "Euskadiko toki-erakundeetan hizkuntza ofizialen erabilera instituzional eta administratiboa normalizatzeko Dekretua", eta jomugan EAJ eta PSE-EE jarri ditu PPk. Dekretu horren alderdi teknologikoak aztertu genituen hemen, eta ez da horietarik ezer zehazki aipatzen bideoan, baina dekretuaren benetako ondoriorik ere ez: gaztelaniazko komunikazio publikoa bermatua dago.
Gainera, neurri ausartik proposatzen bada, horiek arnasguneen kontzeptuarekin lotzen dira, eta arnasgunea bera definitzen du dekretuak: "Eremu geografiko eta soziofuntzionalak zeinetan euskara dakiten pertsonen ehunekoa %80tik gorakoa baita, eta euskaraz aritzea ohikoa eta orokorra baita gizarte-harremanetan". Gasteiz, Lorea protagonistaren bizilekua, ez da kategoria horretan sartzen.
Esango nuke isun bat bere herriko hizkuntzan ulertzeko gai (omen) ez den "Mikel" gajo hori Aitor González González dela, EAEko NNGGko presidentea, Espainiako kongresurako azken hauteskundeetan (zeinetan Arabako PPk ez duen diputaturik eskuratu) 4. zihoana, Arabako Batzar Nagusietarako azken hauteskundeetan 14. zihoana, azken udal-hauteskundeetan Agurainen 1.a zihoana, 2011ko udal-hauteskundeetan Olaztin 1.a zihoana, Gasteizko AMVISA enpresa publikoko kontseilari izan dena... Alegia, bere herria (edo albokoa, edo albokoaren albokoa) kudeatu nahi duen tipo bat, bere herriko (edo alboko herriko, edo albokoaren albokoaren herriko) hizkuntza ezagutu gabe...