"On 27 November 2019 the free multilingual automatic translator for computers and mobile phones was made available to the public: itzultzailea.eus. Then the system made translations between five languages (Basque, Spanish, French, Catalan and Galician) and now we have added a sixth language: English." Euskarazko testu baten ingelesezko itzulpen automatikoa da hori, tresnak berak emana.
Itzultzaile automatikoen belaunaldi berrian (itzultzaile neuronalen aroan), Elhuyarrek garatutakoak, Itzultzailea.eus delakoak, beste urrats inportante bat eman du gaur seigarren hizkuntza gehitutakoan: ingelesa. Aurreko bertsioan bost hizkuntzen arteko itzulpenak egiten zituen (euskara, gaztelania, frantsesa, katalana eta galegoa), baina euskara ez ziren horiek erromantzeak ziren, eta bazen euren artean lotura bat. Ingelesarekin jauzi koalitatiboa egin du tresnak.
Elhuyarren prentsa oharra gaur banatu da, eta testu horretako lehen ahapaldia hartu dugu Joseba Abaitua Deustuko Unibertsitateko irakaslearen metodoa aplikatzeko: "itzultzaile automatikoen iragarpena pasatu itzultzaile automatikotik, ea nolakoa den". Garai batuan halamoduzko emaitzak izaten ziren, baina aro berriko itzultzaile hauekin emaitzak, itxura batean, oso onak dira. Artikulu honetako sarrera ingelesez horrela lortu dugu. Zorionak, Elhuyar, itxura bikaina du tresnak.
Itzultzailea.eus karaktere edo itzulpen saio mugatu batzuk bete arte erabil daiteke doan. Itzulpen bolumen handiagoetarako, Elhuyarrek zerbitzu komertziala eskaintzen du. Aplikazio baten bidez ere erabil daiteke mugikorrean, iOS eta Android bertsioetan.
Doako erabilera mugagabea da. Aldiko 100 hitz itzul daitezke, baina nahi adina aldiz sar daiteke testua. Ordainpekoak zerbitzu aurreratuak dira: dokumentu formatudunak, sistema norberaren produktu eta zerbitzuetan integratzea...