SpaceX enpresak jarraitzen du ilargira turistak bidaltzeko asmoarekin. 2017an iragarri zuten proiektua eta bart aurkeztu du ilargira joango den lehenengo bidaiaria nor izango den: Yusaku Maezawa japoniarra. Laster hasiko da entrenamenduak egiten bidaia espaziala egin ahal izateko. Oraindik ez dakiguna da, ea noiz joango den lehen turista hori ilatargiraino.
Joan zen ostiralean aurreratu zuen SpaceX-ek albistea, eta bart aurkeztu du lehenengo "turista espaziala" izango dena, izen-abizenekin. Yusaku Maezawa izango da, enpresari japoniar gazte eta aberatsa. Besteak beste, arte bildumagilea da, Zozo.com webgunearen jabea, eta Japoniako 14. pertsonarik aberatsena, Forbesen arabera. Bidaia hau dela eta, #DearMoon proiektu artistikoa abiatu du. Maezawak berak ere laga ditu txio batzuk Twitterren.
I choose to go to the moon, with Artists. #dearMoon https://t.co/ivMypEcWBZ
— Yusaku Maezawa 前澤友作 (@yousuck2020) 2018(e)ko irailaren 18(a)
Gutxinaka bada ere, Elon Muskek gidatzen duen enpresaren asmoak aurrera doaz, hortaz, eta ilargiraino "edozein" turista (ordaintzeko gauza dena, bederen) eramateko bideak gero eta garatuago daude.
Hala ere, ez dago datu handirik lehenengo bidaia espazial horren inguruan. Badirudi lehenengo frogak 2019-2020 artean izan daitezkeela eta lehenengo bidaia 2023 inguruan gerta daitekeela, baina datak ez dira ziurrak eta oso litekeena da proiektua atzeratzea. Izan ere, iaz ere iragarri zuten 2018an hasiko zirela lehenengo frogak eta aurreneko 2 turistak ere entrenamenduekin hasiko zirela, baina kronograma hori atzeratuta doa, nabarmen.
Hori bai, atzo iradoki zutenez, Maezawa ez da bakarrik joango ilargira; beste 8 artistarekin batera joango omen da gure satelitera. Itzultzean, bidaia horretan inspiratutako lanak sortzeko erronka izango dute.
Garbi utzi behar da bidaiari espazialek ilargirainoko joan-etorria besterik ez dutela egingo, ilargiaren inguruan orbitatuz. Ez dute ilargiko lurrazala zapalduko.
Erabiliko den espaziuntziaren inguruan ere zalantzak izan dira azken hilabeteotan, ea Falcon Heavy untzia edo Big Falcon Rocket (BFR) delakoa erabiliko duten ilargiaren orbitaraino joan eta itzultzeko. Badirudi bigarren hori izango dela, azkenik, aukeratutakoa eta SpaceX enpresaren baliabide gehienak azken horretara bideratuko dituztela aurrerantzean.
New York Times egunkariak infografia ederra egin du bidaia turistiko hauen azken urteotako data eta lorpen nagusiekin. Eta hona hemen Musk bera duela hilabete batzuk, proiektuaren nondik norakoak azaltzen.
Argazkiak: SpaceX.
Erantzun
Sartu