Teknologia albisteak

Bozgorailu adimendunak iritsi dira Europara, baina erdaraz hitz egin beharko diegu :(

Erabiltzailearen aurpegia
Sustatu
2018-06-20 : 12:44

Azken hilabeteotako (eta datozen urteotako) produktu teknologiko interesgarrienetakoak izan daitezke bozgorailu adimendunak. Musika entzuteko ez ezik, sarera konektatzeko interfaze berri bat izango dira. Hitz egingo dizute eta zure berbak ere ulertuko dituzte. Hor daude Amazonen Echo (eta Alexa ahots-asistentea), Googleren Home eta Appleren HomePod (Siri asistentearekin). Orain arte Estatu Batuetan eta ingelesez bakarrik aurki zitezkeen, baina dagoeneko hasi dira Europara iristen, besteak beste, Frantziara eta Espainiara. Eta trepetxu hauek, momentuz, ez digute euskaraz egingo, ezta euskaraz ulertuko ere :(

Merkatu teknologikoaren produktu izarrak bihurtu dira bozgorailu adimendunak. Euren salmenta %200 igo da azken 3 hilabeteotan eta 9 milioi unitate saldu dira 2018ko lehen hiruhilabetekoan. Sareko handien arteko lehia gogorrenetakoa sektore horretan ari da gertatzen eta teknologikoki berrikuntza handia izan daitezke epe laburrera. Izan ere, bozgorailu horien bitartez konektatuko gara sarera, aurkituko dugu informazioa, egingo ditugu erosketak... Bozgorailu horiek, gainera, teknologikoki berrikuntza handi bat dakarte: ahotsaren bidez bakarrik funtzionatuko dute, teklatu edo pantailarik gabe. Eta horrek arazo bat sortuko digu euskaldunoi, sareko hizkutza erdara bihurtuko baita, dela ingelesa, frantsesa edo gaztelania.

Amazonek ekainean aurkeztu zituen Echo eta Alexa Frantzian, eta udazkenean iritsiko omen da Espainiara eta Italiara. Googlek ere atzo bertan iragarri zituen bere Google Home (eta ahots asistente) española. Dagoeneko gaztelaniaz hitz egiteko gai da GoogleHome, eta gaurtik aurrera erosi daiteke Espainian (Frantzian lehendik dago eskuragarri), 59 euroan HomeMini eta 148 euroan GoogleHome arrunta.

Bozgorailu adimendun hauek oraindik lehenengo belaunaldikoak dira eta muga nabarmenak dituzte, baina gutxinaka-gutxinaka fintzen ari dira. Hori bai, hizkuntzari dagokionez, ingelesez nahiko ondo funtzionatzen dute, gaztelaniaz eta frantsesez mugatuago.... eta euskaraz ez dute funtzionatuko. Ez, behintzat, epe laburrera. Nork daki aurrerago. Ondorioz, euskarak une honetan daukan erronka teknologiko handienetakoa da ahots bidez funtzionatzen duten gailu hauena.

Bozgorailu adimendunek euskaraz egingo ote dute?

Garai batean teklatu bidez bakarrik konektatzen ginen sarera; gaur egun baita ukipen-pantailen bidez ere. Etorkizun laburrean, gailuekin komunikatzeko eta Internetera sartzeko aterik ohikoena ahotsa izango da. Guk hitz egin eta gailuek erantzun. Eta horrek galdera batera garamatza: egin ahalko diegu euskaraz gailu guzti hauei? Ez bakarrik bozgorailuei, baita telefonoei, telebistei, autoetako kontsolei, eta beste dozenaka gailuri ere.

Zerk egin dezake produktu teknologiko horiek euskaraz egin ahal izatea? Bada, 2 parametro nagusiren menpe egongo dira. Bata, teknologia; bestea, merkatuaren legea.

Alderdi teknologikoari dagokionez, gailu hauek derrigorrezko dituzte bi teknologia: gailuek hitz egitea (ahots sintesia) eta gailuek gure ahotsa ulertzea (ahots errekonozimendua). Teknologia horiek dagoeneko nahiko garatuta daude hizkuntza nagusietan (batez ere ingelesez), eta euskaraz ere urrats sendoak eman dira. Inbertsio eta lan pixkatekin, gailu hauek euskaraz hitz egiteko gai izango lirateke. Beraz, ez dirudi muga nagusia teknologikoa izango denik. 

Muga handiagoa izan daiteke merkatuarena. Sareko konpainia handiek zer arrazoi izango dute euskarazko produktuak garatzeko? Zergatik garatuko dituzte euskarazko produktuak Googlek, Amazonek, Spotifyk, Applek, edo Microsoftek. Batetik konpainiaren berezko izaera dago. Googlek, esate baterako, hizkuntza txikien aldeko jarrera dauka; Applek, aldiz, erabat kontrakoa. Baina horretaz aparte, merkatuaren legea ere badago. Produktu hauek izango ote dute eroslerik euskaraz? Eta hori, jakina, gure esku dago. Euskaldunok nahikoa indar egingo ote dugu gailu euskaldunak merkaturatzeko? 

Hortxe kezka.

Google Home, merkatuaren zati handiena hartzeko bidean

Amazon izan zen aitzindari (2014an hasi zen) eta lehen urteetan salmenta handienak bereak ziren. Google asko indartu da, ordea. 2017 hasieran salmenten %80a Amazon Echo bozgorailuena zen. Urte bete geroago, Googlek jada merkatuaren %32a hartu du, konpainia guztien artean nagusituz. Amazonek %28 dauka eta Applek pixkat gutxiago. Txinako bozgorailuak jaio berriak oraindik ere ez dira Europako merkatuetara iritsi, baina horiek ere zeresana emango dute datozen urteotan, ziurrenik. 

Erantzun

Sartu