Teknologia albisteak

Ahots bidezko asistenteei egindako testa (Google, Amazon eta Apple): emaitzak gero eta hobeak

Erabiltzailearen aurpegia
Sustatu
2018-05-15 : 11:11

Une honetan teknologia berrien munduan dagoen leiharik biziena bozgorailu adimendunen alorrean ari da gertatzen. Eta bozgorailu horiekin batera, beraien azpian dauden ahots bidezko asistenteen alorrean. Garai batean teklatu bidez komunikatzen ginen gailuekin; azkenaldian baita ukipen-pantailen bidez ere; baina etorkizun hurbilean ahotsa erabiliko dugu nagusiki gure gailuekin komunikatzeko. Zein neurritan daude jada prest ahots bidezko gailu hauek gure agindu eta galderak ulertzeko? Test txiki baten emaitzak dira hauek. 

Une honetan merkatuaren zatirik handiena "hiru handiek" hartzen dute, Googlek, Amazonek eta Applek. Amazonen kasuan Echo da bere gailua eta Alexa asistentea; Googleren kasuan, berriz, izen "generikoagoak" aukeratu ditu (Google Home da gailuari eman dioten izena eta Assistant bere ahots-asistentearena); azkenik, HomePod izena eman dio Applek bere bozgorailuari eta Siri asistenteari. Hirurak ere ahotsaren bitartez erabiltzen dira: zuk galdetu/agindu eta asistenteak erantzun.

Hiru horiek aztertu dituzte Phys webgunean. 150 galdera egin dizkiete ahoz, eta erantzunak aztertu dituzte. Emaitzak nahiko onak izan dira Googleren eta Amazonen kasuan, %80 inguru ondo erantzunda. Appleren Siriren kasuan, berriz, galderen %55 bakarrik erantzun ditu zuzen asistenteak.

Egindako galderak ere argitaratu dituzte, esate baterako:

  • Nola joan naiteke jatetxe jakin batera?
  • Zein zinematan ikusi dezaket Avenger filma?
  • Nork irabazi zuen 1989ko Oscar saria?
  • Zein da bihar daukadan hegaldiaren kodea eta zer ordutegi dauka?
  • Irakurri jaso ditudan azken emailak.
  • Esaidazu nor zen Jesukristo.
  • Alienak existitzen dira?
  • Nola esaten da "egun on" alemanieraz? Eta "eskerrik asko" japonieraz?
  • Zeintzuk izan ziren 1985eko kantarik ezagunenak?
  • ...

Esan bezala, GoogleHomek eta Amazonen Alexak galdera horien %80 erantzun ahal izan zituzten; Appleren HomePod/Siriren kasuan %55 besterik ez (dena dela, %55 erantzun arren, ulertu bai ulertzen ditu galderak; gutxi barru askoz hobeto moldatuko da, ziurrenik).

Laburbilduz: bozgorailu adimendunen lehenengo belaunaldia da oraingo hau, eta oraindik ez dute "dena" erantzuten, noski; eta galdera "errazak" bakarrik erantzuten dituzte, ados. Baina dagoeneko gai dira galdera eta agindu ohikoenak ulertu eta erantzuteko eta, epe laburrera, zalantzarik ez, eguneroko bilakatu dira gure etxeetan eta ahotsaren bidez komunikatuko gara gailuekin eta sareko edozein zerbitzurekin. Etxean ez ezik, baita gure mugikorrean ere, edota autoan. 

Eta euskarak arazo berri bati egin beharko dio aurre (berriz ere): gailu hauek euskara ulertzeko gai izango ote dira? Eta euskaraz erantzungo al digute?

 



Erantzun

Sartu