Teknologia albisteak

"Bozgorailu adimendunak", teknologia munduko hurrengo norgehiagoka

Erabiltzailearen aurpegia
Sustatu
2018-01-04 : 14:14

Telefono eta ordulari adimendunen ostean, bozgorailu adimendunak (smart speakers) bihurtu dira azkenaldiko gadget modernoena. Konpainia handien arteko guda ere eremu horretan emango dela dirudi datozen hilabeteetan. Echo (Amazon), Home (Google) edo HomePod (Apple) bezalako gailuak izugarri ezagun egingo zaizkigu oso denbora laburrean. Izan ere, Interneteko erraldoiek jakin baitakite, etxeko asistente eta  bozgorailu hauek izango direla euren produktuetara iristeko sarrerarik zuzenena. Amazon, Google zein Apple merkatua irabazten saiatzen ari dira, nitxo berri honetan lehenengoak izatea oso garrantzitsua delako. Eta ez da ardura horretarako prezioak jaitsi eta hasieran dirua galdu behar badute ere. Hasi da guda.

Oraindik ere ezezagun samarrak dira gure artean, baina garbi izan epe labur-ertainera gure etxeetako gailuen artean izango ditugula bozgorailu adimendunak, euren ahots-errekonozimenduarekin eta euren asistente domestikoekin. Euskal Herrian oraindik ere larregi igarri ez badugu ere, Estatu Batuetan eta Erresuma Batuan azken gabonetako oparirik bilatuenetakoak izan dira. Gainera, merke samar egon dira. Normalean, Eguberri garaian, produktu gehienen prezioak igo egiten diren arren, kasu honetan aurkakoa gertatu da: bozgorailuak merkeago egon dira, konpainia handiek merkatua bereganatzeko duten interesarengatik. 

Une honetan, batez ere, bi dira lehiakide nagusiak, lehia horretan aurrea hartuta dabiltzanak: Amazon eta Google, Apple ere ahaztu gabe, jakina, nahiz eta une honetan pixkat atzerago dagoen salmenta aldetik. Hala ere, Applerentzat hori ez da oztopo izaten, bere merkatua beti delako txikiagoa baina "selektoagoa", eta irabazi-marjina ere askoz handiagoa izaten duelako normalean. 

Amazonen kasuan Echo deritzo bere gailuari (eta Alexa bere asistenteari); hainbat modelo ezberdin daude, garesti eta merkeagoak. Googleren kasuan, berriz, Google Home da gailuari eman dioten izena, eta 3 modelo daude, Home, Mini eta Max. Azkenik, HomePod izena eman dio Applek bere bozgorailuari (eta Siri da asistentearen izena). Hirurak ere ahotsaren bitartez erabiltzen dira: zuk eskatu eta asistenteak erantzun. Beste hainbat marka eta modelo ere badaude, noski, besteak beste Microsoften Cortana asistentea darabiltenak. Hona hemen 2017ko gailu onenentsuenen katalogoa

Gailu hauek zer egiten duten? Irakurri dezagun Amazonen Echoren kasuan zer dioten:

Echo connects to Alexa to play music, make calls, set music alarms and timers, ask questions, control smart home devices. Just ask for a song, artist, or genre from Amazon Music, Spotify, Pandora, and more. Just ask Alexa to check your calendar, weather, traffic, and sports scores, manage to-do and shopping lists, control your compatible smart lights, thermostats, garage doors, sprinklers, and more. Just ask Alexa to control your TV, request an Uber, order a pizza, and more.

Euskaldunoi dogokionez, oztopo teknologiko handi bat etor dakiguke ingurune digital berri honetan. Gailu hauek gai izango ote dira euskaraz ulertu eta hitz egiteko? Hasiera batean, behintzat, nekez.

Esan bezala, Estatu Batuetan Gabonetan gehien saldu diren gailuen artean egon dira bozgorailuak eta Googlek adierazi duenez "oso pozik daude salmentekin eta harrerarekin". Konpainia erraldoi hauen diru-iturrietan oso-oso eragin txikia daukate bozgorailuen salmentek, baina konpainientzat oso garrantzitsu izango dira epe ertainera, erabiltzaileak euren produktuetara bideratzeko erreminta ezin hobeak izango baitira.

  • Alexa, liburu honen bila nabil - esango duzu.
  • Katalogoan dago; 12,80 euro. Esan 'bai' eta bihar arratsalderako etxean izango duzu.
  • "Bai".

 

....................

Irudia: Heavey.com.

Erantzun

Sartu