Urteetako eztabaida eta zurrumurruen ostean, aurtengo irailean erabaki zuen Twitterrek bere txioen muga handitzea. 140 karaktere historikoen ordez, 280 karakterera igo zuen txioen luzeera maximoa. Batzuk alde, besteak kontra,... baina dagoeneko baditugu lehenengo datuak eta aste honetan SocialFlow-ek argitaratu duen ikerketa baten arabera txiolariek nahiago dituzte tuit luzeagoak. Datuak hobeto aztertu beharko dira, baina badirudi tuit luzeagoek birtxio eta datsegit (like) gehiago jasotzen dituztela. Bikoitza, hain zuzen ere.
SocialFlow-ek 30.000 txio aztertu ditu, abenduko lehenengo astean zehar, eta bakoitzak jasotako klik, birtxio eta datsegitak zenbatu ditu. Datuak argigarriak dira: 140 karaktere baino gehiagoko txioak gehiago birtxiokatu dira (26,52 vs. 13,71) eta datsegit gehiago jaso dituzte (29.96 vs. 50,28). Jasotako kliken kopuruan, aldiz, ez da igartzen alderik.
Datuok bere neurrian hartu eta aztertu behar dira. Besteak beste, 2 kategoria bakarrik egin dituztelako (140 baino gutxiago eta 140 baino gehiago). Beste kategoria batzuk egingo bagenitu (50 karaktereko tarteak, esate baterako), beharbada ikuspegia ez litzateke hain kategorikoa izango. Izan ere, 140 karakteretik beherakoen artean talderik handiena txio labur-laburrena baita (erantzun motzak, emotikonoak, informazio gutxiko txioak,...), eta normala baita txio labur-labur horiek engagement txikiagoa izatea. 50-100-150-200-250 kategoriak egingo bagenitu, zein litzateke emaitza?
Hala ere, garbi dago erabiltzaileek ez dituztela txio luzeagoak gaitzetsi edo baztertu. Twittereko arduradunak ere pozik daude aldaketarekin. Kosta egin zen 140 karaktereko muga hautsi eta 280ra zabaltzea, baina irailean egin zenetik, antza, "orain erabiltzaileek gehiago txiokatzen dute, birtxio eta like kopurua igo egin da, eta erabiltzaileek denbora gehiago igarotzen dute egunero-egunero Twitterren", esan du Twitterreko arduradunetako batek.
Aldaketaren aurretik, txioen %10 iristen zen mugara (140ra); orain txioen %0,8 bakarrik iristen da mugara (280 karakterera).
.......................
Grafikoa eta nformazio osagarria: SocialFlow.
Erantzun
Sartu