Azken egunotan hizpide izan dugu Twitter, 140 karaktereak zenbatzeko orduan aldaketak izan direlako (argazkiak eta bideoak ez ditu zenbatzen duela pare bat astetik). Baina zergatik 140 karaktere? Zergatik dauka muga hori Twitterrek? Egin dezagun arkeologia digital apur bat. Hona hemen Twitterreko 140 karaktereen historia.
2006. urtean jaio zen Twitter, smartphone eta antzekorik existitzen ez zen garaian. Hala ere, hasiera-hasieratik, mugikorrekin lotutako zerbitzu bat garatu nahi izan zuten sortzaileek, berehalakoa eta arina, non txioak SMS bezala jasotzen ziren erabiltzaileen telefonoetan (weba, hasiera batean, artxibo hutsa besterik ez zen). SMSetara egokitu behar horrek muga nabarmen bat ezartzen zuen, SMSek (gogoan duzue?) karaktere-muga bat izaten baitzuten garai hartan. Hortaz, txioak ere muga horretara egokitu beharra zegoen.
Twitterreko sortzaile eta nagusi den Jack Dorseyren hitzak dira: "Twitterreko txioen 140 karaktereen muga telefonoetako SMSek ezarri ziguten. Eskuarki, 160 karaktereko muga izaten zen SMSak idazteko orduan, eta erabaki genuen gure txioak SMS bakarrean sartzeko modukoak izan behar zirela, inolako mozketa barik. 20 karaktere gorde genituen erabiltzaile izena idazteko eta beste 140 karaktereak mezua idazteko. Hortik dator guztia".
Hortxe, beraz, arrazoi teknikoa. Baina orain beste galdera baterako tartea dago: zergatik zeukaten SMSek 160 karaktereko muga? Horri erantzuteko urte batzuk atzerago joan behar dugu, 1985era, hain zuzen ere. Garai hartan ezarri zen GMS Short Messaging Service (SMS) estandar internazionala. Horretarako, mezu labur bat egoki idazteko beharrezko zen karaktere kopurua aztertu eta neurtu zuen Friedhelm Hillebrand (Alemania, 1940) ingeniariak. Hainbat mezu-testu eredu aztertu ondoren (telexak, posta-txartelak, eskuzko mezu laburrak eta abar), erabaki zen 160 karaktere nahikoa zirela mezu labur bat egoki eta txukun idazteko, informazio nahikoa emanez.
Ondo pentsatuz gero, txio bat bidaltzen duzun bakoitzean, garai bateko postal bat idazten ari zara.
Hona hemen Dorsey bera gai honen inguruko galderak erantzuten. Bertan azaltzen du, goian idatzitako alderdi teknikoaz gain, alderdi kontzeptual bat ere badagoela 140 karaktereen mugari eusteko: Twitter arina eta bizia izan behar da, instantera lotua; eta, gainera, kreatibitate-sortzaile ere izan nahi du. Hitzak guztiek esanahia eta balioa izan dezatela. Mezu astunik ez; harira!
Irudia: http://techliveinfo.com/
Erantzun
Sartu