Teknologia albisteak

Google I/O 2016 biltzarraren laburpena

Erabiltzailearen aurpegia
Sustatu
2016-05-19 : 14:49

Egun hauetan Google ospatzen ari da garatzaileei zuzentzen dien biltzarra, Google I/O izena duena. Jardunaldi hau aprobetxatzen duten produktu eta zerbitzu berrien iragarpena egiteko. Horren enpresa handia izanik, hainbat iragarpen egin zituzten eta hauek laburtzen ahalegindu gara, irakurleak ideia bat egin dezan. Sundar Pichai CEOak (irudian atzoko ekitaldian) Googleren blogean laburpen honetan hainbat puntu luzatzen ditu.

Google Assistant

Laguntzaile birtuala da hau, Inteligentzia artifiziala darabilena. Google Assistant oinarri bat da, beste produktu batzuetan erabiltzeko pentsatua dagoena, orain aipatuko ditugun Google Home eta Allo. Laguntzaile birtualetan pausuak emana zen Google Now-rekin.

Google Home

Amazon Echo-ren tankerako laguntzaile birtuala da. Bozgorailua eta mikrofonoa duen tramankulua. Google Assistant darabil. Amazon Echok bezala, galderak erantzungo dizkigu, Spotifyko musika joko du eta Nest termostatoa aldatu ahal izango dugu, besteak beste.

Mezularitza aplikazioak: Allo eta Duo

Allo, WhatsApp edo Telegram bezalako mezularitza zerbitzu bat da. Google Assistant integratua izango du eta bot batekin hartuemanak izan ditzakegu (galderak egin, jatetxeetako jana eskatu, ...). Facebook Messenger eta Telegramek baudakate jada chatbot-en integrazioa. Eta aste honetan bertan iragarritako Google Spaces?

Duo, aldiz, bideo-deiak egiteko aplikazio bat da. iOSen Facetime-en tankeran, eta Google beraren Hangout-ek egiten duen bezalaxe. Knock knock funtzionalitatea izan daiteke bere bereizgarrietako bat: deia onartu aurretik deitzen duenaren zuzeneko bideo-irudiak ikus ditzakegu.

Daydream, Googleren VR edo alegiazko errealitatea

2014an hasi zen Google alegiazko errealitate ekimenak aurkezten, Cardboard proiektuarekin. Orain Daydream aurkeztu du. Plataforma bat izateaz gain, gailu propioak ere egingo dituzte (betaurrekoak eta urrutiko aginte moduko bat). Youtube, Netflix, Hulu eta beste zerbitzu batzuekin badabil jada lanean Google.

Android N

Android sistema eragilearen bertsio berriena ez da beta egoeratik irtengo uda amaiera arte. Ondorengo iragarpenak egin zituzten Android N dela eta: bateriaren kontsumoan hobekuntzak, jokatzeko egokiagoa izan dadin, Vulkan izeneko API berria, ... eta izena topatzeko lehiaketa moduko bat.

Android Wear 2.0

Erloju adimentsuak autonomoagoak izango dira, mugikorrarekiko dependentzia gutxiagorekin, eta konexiorik beharko ez duten aplikazioak iragarri dituzte.

Android Instant Apps

Aplikazioak erabiltzeko aukera hauek deskargatu gabe ematen du Android Instant Apps-ek. Aurkezpenean bi adibide jarri zituzten: esteka batean klik egin ostean app batean dagoen bideoa erakusten du, bigarren adibidean, aparkalekua ordaintzeko app bat erabiltzen du, berau jaitsi gabe.

Google Firebase

Duela urte eta erdi erosi zuen Googlek Firebase. Mugikorretarako aplikazioak garatzeko plataforma bat da, hauen hazkunde eta monetizazioan laguntzeko helburuarekin.

Erantzun

Sartu