Aste honetan berrikuntza teknikoen konferentzia egin du Facebook-ek Kalifornian, eta zenbait garapen tekniko iragarri dituzte. Horietako bat, Bot-ak egiteko plataforma bat da. Bot bat, kontestu honetan, lengoaia naturalean zurekin txateatuko duen aplikazio bat da. Horietako batekin aproba egin dugu.
Bot-en kontu honen inguruan zalaparta dexente ari da sortzen Interneten. Zera litzateke bot-a: txat edo berriketa aplikazio batean gehitzen den gehigarri bat, zeinak zurekin txat eran elkarreragingo duen.
Telegram aplikazioan adibidez bot merkatu zabal bat dago jada. Harpidetzen bazara batera, edo kontaktu gisa "bot" bat gehitzen baduzu, sistemak mezutxoak bidaliko dizkizu... eta hari erantzuteko botoi batzuk eskaini ere bai, erantzun posible gisa. Albiste zerbitzuek ere aplikatu dute zerbitzua, eta hona adibide bat nola agertzen diren Techcrunch-eko albisteak Telegram-en bot-aren bidez.
Facebook-ek egin berri duena da bot-ak egiteko azpiegitura zabaldu eta erraztu, eta era berean bere plataforma propioa eskaini, horiek martxan jartzeko: Messenger aplikazioa. Facebook-en integratutako mezu sistema aplikazio beregain gisa, horixe da Messenger. Whatsapp ere Facebook-en jabetzakoa da, baina oraingoz ez dirudi han bot-ik dagoenik.
Facebook/Messengerreko hauek nola funtzionatzen dute? Batekin egin dugu aproba. Shopspring dendak du bot horietako bat, eta harekin konektatzeko, adi, bi aukera dituzu segun eta mugikorretik edo PCtik diharduzun.
Baiezko baimena eman ondoren, PCaren kasuan, mugikorrean abisua: Messengerrek Android-en egiten duen bezala, interfaze nagusiari gailentzen zaion biribil baten bidez etortzen zaizu abisua norbaitek mezua bidali dizula.
Kasu honetan Shopspring denda eta elkarrizketa hasi dugu.
- Kaixo URLIA, zer nahi duzu gaur?
[GIZONEZKOEN ARROPA]
[EMAKUMEZKOEN ARROPA]
Prezioaz galdetu digu gero makinak, eta soinaren zein parterako nahi genuen arropa ere bai, ea oinetarako, gerritik beherako, ala gerritik gorako. Gorako esan eta azkenean kamiseta mangaluze ziztrin bat eskaini digu 28 dolarretan. Hor konpon, zuen aingeru goardakoak erosiko ditu denda horretako trapuak!
Sistema telefonikoekin jardutea bezala da, nolabait. Zera nahi baduzu, sakatu bat, bestea nahi baduzu, sakatu bi... Bueno, ez da hain astuna, baina argi daukazu ez diharduzula gizaki batekin. Arinagoa da, dudarik gabe. Eta merkeagoa, seguruenik, saltzaile eta zerbitzu-emaileentzat, baina ez gaude oso seguru erabiltzaileentzat askorik balio duen.. Hori bai, abantaila edo sorpresa posible bat: elkarrizketaren arrastoa geratu egiten dela zure Facebook-eko mezuen artean, ikusi:
Horrek akaso balioko du norbaitekin tratuan jardun duzun seinale gisa, telefonozko robot-hizketaldiak askotan alferrik baitira ezer demostratzeko orduan.
Zalantza geratu zaigu, azkenik, ea Shopspring delakoa, kontaktuen artean sartu dugunik, ez ote zaigun orain mezuak bidaltzen hasiko, spam egiten alegia. Horregatik, blokeatu egin dugu. Horretarako aukera argia zegoen Messengerreko interfazean, baina gero egoera pixkat nahasia zen. Irudiko egoera gris eta urdinaren artean, urdin utzi behar duzu bot-aren blokeo egoera mezurik iritsi ez dakizun.
Hau ote etorkizuna? Bot-en bidez jardutea bilatzen, erosten, informatzen?
Bot gehiago probatzeko, gaztelaniazko azalpen batzuk dituzue hemen, eta hor aipatzen diren bot-ak instalatzeko, nola aurkibide ofizialik ez dagoen oraingoz (harritzekoa!), mini-gida hau erabil dezakezue.
Eduardo Manchonek (Panoramio) diño, chatbotak hemen daudela, ez direla etorkizuneko kontua, eta kasu egin behar zaiela
https://eduardomanchon.com/por-qu%C3%A9-los-chatbots-matar%C3%A1n-tu-web-tu-app-y-quiz%C3%A1s-tambi%C3%A9n-a-google-6c612aac4bfc#.do8jy0nng