Teknologia albisteak

Google Spaces, talde komunikaziorako tresna akaso alferreko bat

Erabiltzailearen aurpegia
Sustatu
2016-05-17 : 11:36

Googlek zerbitzu berri bat jarri du martxan: Google Spaces. Euskaraz ere badago, baina beste kontu bat da euskaraz erabiltzerik lortuko ote duzun, behintzat aplikazio erako bertsioan. Eta horrez aparte, erdaraz ere... erabiltzeko motiborik ba ote?

Web zerbitzu bat da, spaces.google.com, batetik, baina baita aplikazio bat (Android, iOS). Aplikazioa instalatzen baduzu, euskaratuta dagoen arren, iOS-en seguru ez duzula euskaraz aurkituko, eta Android-en, ba auskalo: sistema eragilea euskaratua badago, baina oso telefono gutxitan dago aukera Android euskaraz erabiltzeko. Esate baterako, Google beraren Nexus telefonoetan ez dago Android euskaraz (nahi dutena kontatu zioten Puntueus elkartekoei baina gezurra da: ez dago Android euskaraz Nexus-etan).

Hala ere, web bertsioan erabiliz gero, zure Google hobespenetan euskara baduzu lehenetsita, Spaces euskaraz ikusiko duzu, adibide hauek erakusten duten bezala.

Eta zer da Spaces? taldetxo bat antolatu eta mezuak trukatzeko sistema bat. Idatzizko mezuak, irudiak eta estekak partekatu daitezkeela ikusi ditugu. Eta horien gainean iruzkinak egin.

Horretarako, gure iritziz, badaude tresna sinpleagoak, Whatsapp ingurune mugikorrean, eta e-posta zerrendak, oro har, mugikor zein ordenagailuan. Ondo antolatutako posta-zerrenda batek, [matrikula] jakin batekin mezuetan, konpontzen ditu Spaces-en funtzionalitate guztiak, eta gehiago.

Sustaturen eszeptizismo bera azaldu dute beste askok sarean. Marcos Besteiro garatzaileari irakurri diogu bat grazia egin diguna: "Orkut, Jaiku, Wave, Buzz, Circles, Talk, Hangouts... ziur Google, Spaces izango da ona irtengo dena!". Talde komunikazioa eta komunitateak sortzeko, eragiteko, mugitzeko tresnak izan behar ziren edo dira horiek dena, eta azken batean zer geratzen da? denak itxita salbu eta Hangout, zeina, funtsean, bideo-deiak egiteko sistema txukun batean geratu den (hortik aurrerako funtzioak, adibidez, SMS mezuen kudeaketa mugikorrean, traba besterik ez dira).

Erantzun

Sartu