Astero bezala, hitz bati buruz galdetu zion atzo Euskadi Irratiko Mezularia saioak Ibon Sarasola euskaltzainari: gero eta gehiago entzuten dugun SUSTATU hitzari buruz, hain zuzen ere.
Ibon Sarasolak 'sustatu' hitzaren inguruko gogoeta egin du aste honetako saioan. Baita gogoeta zabalagoa ere, Iparraldeko eta Hegoaldeko hitzen inguruan, hitzek hartzen dituzten adiera berrietaz eta euskarak dituen beharretaz... Audioa EITBren webgunean ere entzun daiteke, baina embed kodea ez dabil eta hona zuzenean ekarri dugu.
Sarasolak dioena laburtuz, 'sustatu' Iparraldeko hitza da, orain gutxira arte Hegoaldean erabiltzen ez zena. Jatorrizko esanahia, 'goritu', 'gartu', 'sutu',... Behin Hegoaldera hedatuta, adierak zabaldu zaizkio, 'bultzatu' edo 'eragin' hitzen esanguratik hurrago (gaztelaniazko 'promover', 'incentivar'...). Sarasolarentzat ona da hitzek adiera berriak hartzea eta egoera berrietarako irtenbideak eskaintzea. Are gehiago jendeak erabili eta bere egiten badu, kasu honetan moduan. Gure albistegi honetaz, ordea, ez zuten hitzik esan ;-(
Hiztegietan begira, Elhuyarrek ondorengo 3 definizio eta adierak ematen dizkigu:
1) du ad. bultzatu, laguntza eman impulsar, empujar; incitar, estimular
2) du ad. eraikuntzan promover
3) da/du ad. suspertu, bizkortu animar(se), alentar(se), avivar(se)
Azken hori da, ordea, tradizioan gehien azaltzen dena, Iparraldeko hainbat idazleren izkribuetan. Gainera, grafia "etimologikoagoarekin" kasu batzuetan ('suztatu'). Orotariko Hiztegian begiratzea besterik ez dago. Adibidez:
Ibon Sarasolak aipatu ez arren, Iparraldeko tradizioan ere badira hainbat adibide 'sustatu': 'incitar, animar' esangurarekin.
Forma bereko baina jatorri desberdineko beste 'sustatu' bat ere badugu, jakina, Hegoaldean: 'sustatu/sustau': 'beldurtu', 'ikaratu', alegia (ikus Labayru hiztegian, esate baterako). Baina horrek ez du inolako-inolako zerikusirik gure Sustatu.com honekin, noski!
Ibon Sarasolaren hitzetik tiraka, oso ondo osatu duzue artikulu hau. Zorionak! Atzokoan, etxera heldu berri entzun nion Ibon Sarasolari Euskadi Irratian, eta poztu egin nintzen, gogoan nituen-eta erabili.com webgunean idazten zituen artikulu interesgarriak, aspaldi samar. Hala ere, atzokoa nahasi samarra egin zitzaidan: hitz batez galdetu, eta beste hainbat aipatu, abiada bizian. Aurrera egin ahala, ordea, pentsatzen dut joango direla saioa fintzen, bai Jaime eta baita Ibon bera ere.