Eusko Jaurlaritzak EAE, Nafarroa eta Iparraldeko V. Inkesta Soziolinguistikoaren emaitza nagusien berri eman du gaur. Datuak osotasunean aztertuta, “baiezta daiteke elebitasuna gora doala EAEn eta Nafarroan. EAEn indartsu, eta Nafarroan apalago baina etengabe. Iparraldean, aldiz, galerak daude oraindik. Hala ere, esan bezala, Iparraldeko gazteen artean gora egin dute elebidunen ehunekoak eta kopuruak” nabarmendu du Eusko Jaurlaritzako Hizkuntza Politikarako sailburuorde Lurdes Auzmendik.
Gaurko aurkezpenean izan dira, Eusko Jaurlaritzako Hizkuntza Politikarako sailburuorde Lurdes Auzmendi eta Hizkuntza Ikerketa eta Koordinaziorako zuzendari Iván Igartua; Euskarabidea-Euskararen Nafar Institutuko Euskararen Prestakuntza eta Sustapenerako Zerbitzuko zuzendari Julen Calvo, Iparraldeko Euskararen Erakunde Publikoko lehendakari Frantxua Maïtia eta Euskaltzaindiako Iker sailburu Andoni Sagarna.
Hizkuntza Politikarako sailburuorde Lurdes Auzmendik azpimarratu duenez, “egun garrantzitsua da gaurkoa, benetan pozgarria iruditzen baitzait Eusko Jaurlaritzako Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzako, Euskarabideako eta Euskararen Erakunde Publikoko ordezkariok elkarrekin gaudela ikustea V. Inkesta Soziolinguistikoaren aurkezpen honetan”. V. Inkesta Soziolinguistiko honek hainbat datu esanguratsu utzi ditu. Lehenik eta behin, gizartea bizkor aldatzen ari da, zahartze prozesua areagotzen ari da, jaiotze-tasa urriak ia-ia bere horretan segitzen du eta denbora laburrean etorkinen kopurua nabarmen hazi da, batez ere Nafarroan (etorkinak % 11,2 Nafarroan eta % 6,6 EAEn).
Hizkuntza Politikarako sailburuordeak aditzera eman duenez, “hamasei urte edo gehiagoko biztanleen artean, 1991n baino 185.600 elebidun gehiago daude 2011n (%27 dira gaur egun). Elebidunen hazkundea Nafarroan eta, batez ere, EAEn gertatu da. Iparraldean, aldiz, oraindik ere galerak daude, baina gazte elebidunen kopurua hasi da dagoeneko gora egiten”. Aldi berean, hamasei urtetik gorako erdaldunak duela 20 urte baino 140.239 gutxiago dira Euskal Herrian (% 70 1991n eta % 58,4 2011n). Erdaldunen ehunekoak behera egin du EAEn eta Nafarroan. Iparraldean, aldiz, gora egin dute bai kopuruak baita ehunekoak ere.
16 urte edo gehiagoko biztanleak hartu beharrean, biztanleria osoa kontuan hartuz gero, Euskal Herriko elebidunen ehunekoa are handiagoa da. Izan ere, hizkuntza-gaitasuna adinaren arabera neurtzen denean, ikus daiteke elebidunen hazkundea gazteen artean gertatzen ari dela bereziki. EAEn eta Nafarroan, esaterako, 16 urtetik beherako gazteen artean dago elebidunen ehunekorik handiena.
Azken 20 urteotan elebidun hartzaileak bikoiztu egin dira Euskal Herrian: % 14,7 dira gaur egun eta % 7,7 ziren 1991n. Hazkunderik handiena EAEn eta Nafarroan gertatu da eta neurri txikiagoan Iparraldean.
Gaur egun guraso biak elebidunak direnean, euskararen transmisioa ia erabatekoa da EAEn eta Nafarroan (% 97 EAEn, % 95 Nafarroan), baina ez Iparraldean (% 87). Bikote mistoen kasuan transmisioak gora egin arren, ez da erabatekoa (% 71 EAEn, % 67 Nafarroan eta % 56 Iparraldean).
Hizkuntzaren erabileran hiztunak hizkuntza horretan duen erraztasuna, harremansareak eta erabilera-eremu erabakigarriak ezinbestekoak dira. Hiztun asko, batez ere gazteak, euskaldun berriak dira. 2011n, 16-24 urte tarteko elebidunen % 52 euskaldun berriak dira EAEn, % 38,6 Iparraldean eta % 54 Nafarroan. 1991n, aldiz, euskaldun berriak elebidunen % 14 ziren EAEn, % 9 Iparraldean eta % 16 Nafarroan. Elebidunen erdia, gainera, gune erdaldunetan bizi da. Beraz, elebidun gehienek gaztelaniaz edo frantsesez nagusiki diharduten harreman-sare zabaletan bizi dira eta euskara erabiltzeko erabilera-eremu urriak dituzte.
Lurdes Auzmendik aipatu duenez, “ezagutzak ez ezik erabilerak ere gora egin du, eremu formaletan batez ere. Gazteen artean geroz eta nabarmenagoa da euskararen erabileran gertatzen ari den hazkundea. Izan ere, 35 urtetik beherakoen artean euskara erabiltzen dutenak duela hogei urte baino gehiago dira hiru lurraldeetan, batez ere EAEn”.
Gizarte osoko erabilera kontuan hartu ordez elebidunen erabilerari erreparatzen badiogu, elebidunen kopurua gehitu den arren, euskararen erabilera gaur egun 1991n baino txikiagoa da. Gizartean oro har nabarmen hazi da euskararen erabilera, baina gaur elebidun direnek ez dute 1991n elebidun zirenek baino gehiago erabiltzen euskara. Hala ere, 2001etik aurrera joera-aldaketa bat egon da eta gazte elebidunek gaur egun duela hamar urte baino gehiago erabiltzen dute euskara EAEn eta Iparraldean, baina ez Nafarroan.
Euskararen aldeko jarrerak eta hura indarberritzearen aldeko borondatea areagotu egin dira EAEn eta Nafarroan, ez ordea Iparraldean. EAEn eta Nafarroan adin-talde guztietan egin du gora. Iparraldeari dagokionez, azken bost urteotan gazteen artean euskararen aldeko jarrerak gora egin du.
Datuak osotasunean aztertuta, “baiezta daiteke elebitasuna gora doala EAEn eta Nafarroan. EAEn indartsu, eta Nafarroan apalago baina etengabe. Iparraldean, aldiz, galerak daude oraindik. Hala ere, esan bezala, Iparraldeko gazteen artean gora egin dute elebidunen ehunekoak eta kopuruak” nabarmendu du Auzmendik.
Inkesta soziolinguistikoak euskararen lurraldeetako hamasei urte edo gehiagoko biztanleak hartzen ditu aintzakotzat (2.650.000 pertsona gutxi gorabehera). Inkestatik kanpo gelditzen den adin-tartea pisu handikoa da euskararentzat, eskolaren eraginez euskaldunenak diren gazteen adin-tartea delako. Sexuaren eta adinaren arabera estratifikatu ohi da azterketa, eta, guztira, V. edizio honetan 7.800 inkesta egin dira: 4.100 EAEn, 2.000 Iparraldean eta 1.700 Nafarroan. Informazioa jasotzeko, galdetegi egituratua eta itxia erabili da.
V. Inkesta Soziolinguistikoak lau ikerketa-eremu jasotzen ditu: herritarren hizkuntzagaitasuna, hizkuntzaren transmisioa, euskararen erabilera hainbat esparrutan (etxean, lagunartean, lanean eta eremu formaletan) eta euskararekiko jarrera.
Landa-lana Siadecok egin du 2011ko ekain eta abendu bitartean eta telefono bidez. Euskararen lurraldeetako lagin osoaren akats-tartea %+1,5ekoa da %95,5eko konfiantzamailarako eta p=q=%50. Konfiantza-maila bererako, elebidunen akats-tartea %+ 1,9koa da eta beste horrenbestekoa erdaldunena.
Inkesta soziolinguistikoa bost urterik behin burutzen den azterlana da; orain arte bost burutu ditugu. Beraz, gaur egun euskararen egoera nolakoa den adierazteaz gain, azken hogei urteotako bilakaera nolakoa izan den azaltzeko aukera ematen digu.
Gero eta elebidun gehiago dagoela diote datue. Ados! Baina erdal elebakarren kopurua ere izugarria da oraindik. EAE, Nafarroan nahiz Iparraldean espainol eta frantses elebakarrak dira nagusi! Eta euskara ulertu ere egiten ez duten horiekin ari garenean, geuk ere ezin euskaraz egin! Elebakarren diktadura horrek ez digu euskal hiztunoi euskaraz bizitzen uzten!
Hainbeste datu eta estadistika artean galdu egiten naiz... Ezin al da era laburrean eta denok ulertzeko moduan diagnosi bat egin?
Testuaren hiru zatik deitu didate atentzioa:
Eta iruditzen zait testu zati hauek denak zerbait ezkutatzen dutela... Zertan geratzen gara orduan, datuak baikorrak ala ezkorrak dira? Non dago hemen tranpa? Ze sinesgarritasun dute inkesta hauek? Nola atera daitezke interpretazio horren kontrajarriak inkesta bedinean?