Teknologia albisteak
5

Marmotaren Eguna da gaur... edo Hartzaren Eguna!

Erabiltzailearen aurpegia
Sustatu
2010-02-02 : 07:59

Gaur, otsailak 2, da Marmotaren Eguna. Punxsutawney-n, Pensilvanian, jakina. Zinetik ezagutzen dugu askok ohitura hau, eta asmakizun amerikar moderno bat dela pentsatuko duzue askok. Baina, adi, Halloween jaiaren kasuan bezala, Euskal Herrian ere baditu aurrekari edo paraleloak kontu honek. Kandelaria eguneko kontuak...

Zer da Marmotaren Eguna? Punxsutawney herrian egiten dute. Phil izeneko marmota bat daukate enbor batean sartuta, eta otsailaren 2an, urtero, eguna argitzearekin marmota ateratzen dute zulotik, zerura begira jartzen dute, eta segun marmotak keinuren bat egiten duen edo ez, egun hotzak amaitu direla, edo neguak oraindik iraun behar duela pronostikatzen du Phil marmotak.

Gutxi gora-behera Andoni Aizpuruk eta Pello Zabalak egiten dutena tenporekin, baina estilo amerikarrean.

Horrez gain, film zoragarri baten harian ere agertzen da Marmotaren Eguna. Bill Murray eguraldi-gizona da eta kateatuta dago behin eta berriro egun berbera bizitzera, Marmotaren Eguna, hain zuzen.

Baina, hara, kontuaz idatzi izan du Oier Araolaza dantzari eta antropologoak, eta bai, kontu honek badu paralelorik Euskal Herrian. Animalia esnatu, zerura begiratu, eta horren arabera neguaren amaiera pronostikatu... Europako toki batean baino gehiagotan badira halako ipuinak.

Pirinio inguruetan, eta Euskal Herrian, hartza da, hain zuzen, otsailaren 2an, Kandelaria egunez, esnatzen dena. Gaur irtengo da hartza lozorrotik, bere leizetik, eta izarrei eta ilargiari begiratuko die. Eta orduan erabakiko du hartzak zenbat falta zaion neguari...

Kandelaria eguneko hartzarenak zerikusia du, halaber, inauteriekin.

  • Hainbat herri-inauteritako protagonista da hartza.
  • Inauteriak, berez, neguaren amaieraren ospakizuntzat ere har daitezke.
  • Inauteri egun aldakorrak noiz tokatzen diren jakiteko, ilargi-faseak ere tartean daude kalkuluan, eta hortaz, logika bihurri samar batekin zentzua du zeruan aztarnak ikusteak, negua noiz amaitzen den, inauteriak noiz diren igartzeko.

Informazio gehiago: Kandelaria eta hartza aipatzen ditu Oierrek mezu honetan. Beste helbide honetan, berriz, Inauterietako daten kalkuluei buruzko artikulua.

Erantzunak

Demonocrazy
2010-02-02 : 11:21

Nik ere blogean aipamen bat egin dut gaurko egun bereziaz. Beste ikuspuntu batetik hartu dut gaia, filmean gehiago zentratuz. Dena den, Euskal Herriarekin paralelismo txiki bat ere egin dudala uste dut...


Goio Arana
2010-02-02 : 18:26

Guztiz ados PETAkoekin. Animalia babeste aldera, pakean utzi mmarmota eta bere tokian animtronik (?) bat jartzea onena. Total, asmatu behar duenerako...


Portzierto, aurtengo iragarpena: AEBetan oraindik sei astez luzatu omen behar da negua...


Joseba
2010-02-02 : 23:51

eta tontakeriak, axalkeriak, berri ez diren berriak behin eta berriro botatzen dituzte Teleberrietan bederen.



gaur bertan, Marmotaren gai hagitz garrantzitsuari buruzko pare bat minutuko erreportaia eman digute.



gure inguruko tabernen izenak, nolakotasuna eta garrantzia. gai mamitsua mamitsurik bada. beste pare bat minutu.



gehitu beste bi minutu ituren eta zubietako joaldunez. bistan da gaiaren garrantzia (polemikarik egon badago, baina aipatu ere ez) eta, jakina, urteroko gertakizun honen irudiak nahitaez eman behar dira, batipat langabeziaren ilunari kolore pixkat jartzeko (Espainian lau milioi eta hego euskal herrian 180.000, beno, HEHn ez, EAEn batetik eta nafarroan besteti, gehiketak egitea buru azkarrentzat laga dute). langabeziarena aipatzea ez baita ez kul, ez faxion.



ibarretxe, lopez eta otegiren epaiaren balorazioa, enegarren egunean, funtsezko gaia hau ere, bakar bakarrik idoia mendiaren iritzian. ibarretxe missing in action eta otegi lost in translation baitaude (nor ote da lopez hori?).



gehitu futbola kilo bat (iñaki muñozen berri nork ez du jakin nahi) eta pilota kilo t´erdi.



eta tontoena ni, ETBko txoria marmota lerdokerizale tontogile bihurtu den honetan, aldian aldian, berari begira amorratzen naizelako oraindik ere.



txoria marmota edo muermota. popatik. (eta barkatu berriaren gaia aldatu badut)

Luistxo Fernandez
2010-02-03 : 11:44

Hara, gaur hautsi da loop edo begizta infinitua... Tira, inork deja-vu sentsazioa izan badu artikulu honekin, 2006. urtean ia berdina argitaratu zen Sustatun. Agian urtero errepikatu beharko dugu ;-)


Juan Martin Elexpuru
2012-02-02 : 15:54

Harrigarria da zelako antza duten Sardiniako Barbagia eskualdeko inauteriek eta Euskal Herrikoek, Ituren eta Zubietakoak, batez ere. Mamoiada-n eta Ortueri-n esaterako Mamuthoneak dira protagonistak. Hartza ere (urzu) asko agertzen da, Olzai-n esaterako, nahiz eta islan sekula ez ei den hartzik egon.
Roslyn M Frank estatubatuar euskaldunak ikertu du gai hau, hemen eta hemen aurkitu daiteke honen berri.


Erantzun

Sartu