Teknofiloen albistegia
5

Marmotaren Eguna... edo Hartzaren Eguna!

Erabiltzailearen aurpegia
Luistxo Fernandez - Eibar.org
2018-02-02 : 10:00

Gaur, otsailak 2, da Marmotaren Eguna. Punxsutawney-n, Pensilvanian, jakina. Zinetik ezagutzen dugu askok ohitura hau, eta asmakizun amerikar moderno bat dela pentsatzen nuen nik gaur goizera arte. Baina, lagun batek esan dit: Euskal Herrian ere baditu aurrekari edo paraleloak kontu honek. Kandelaria eguneko kontuak...

Zer da Marmotaren Eguna? Punxsutawney herrian egiten dute. Phil izeneko marmota bat daukate enbor batean sartuta, eta otsailaren 2an, urtero, eguna argitzearekin marmota ateratzen dute zulotik, zerura begira jartzen dute, eta segun marmotak keinuren bat egiten duen edo ez, egun hotzak amaitu direla, edo neguak oraindik iraun behar duela pronostikatzen du Phil marmotak.

Gutxi gora-behera Andoni Aizpuruk eta Pello Zabalak egiten dutena tenporekin, baina estilo amerikarrean.

Horrez gain, film zoragarri baten harian ere agertzen da Marmotaren Eguna. Bill Murray eguraldi-gizona da eta kateatuta dago behin eta berriro egun berbera bizitzera, Marmotaren Eguna, hain zuzen.

Baina, hara, gaur jakin du lagun batengandik (Oier Araolaza dantzaria), kontu honek baduela paralelorik Euskal Herrian. Animalia esnatu, zerura begiratu, eta horren arabera neguaren amaiera pronostikatu... Europako toki batean baino gehiagotan badira halako ipuinak.

Pirinio inguruetan, eta Euskal Herrian, hartza da, hain zuzen, otsailaren 2an, Kandelaria egunez, esnatzen dena. Gaur irtengo da hartza lozorrotik, bere leizetik, eta izarrei eta ilargiari begiratuko die. Eta orduan erabakiko du hartzak zenbat falta zaion neguari...

Kandelaria eguneko hartzarenak zerikusia du, halaber, inauteriekin.

  • Hainbat herri-inauteritako protagonista da hartza.
  • Inauteriak, berez, neguaren amaieraren ospakizuntzat ere har daitezke.
  • Inauteri egun aldakorrak noiz tokatzen diren jakiteko, ilargi-faseak ere tartean daude kalkuluan, eta hortaz, logika bihurri samar batekin zentzua du zeruan aztarnak ikusteak, negua noiz amaitzen den, inauteriak noiz diren igartzeko.

Informazio gehiago: Kandelaria eta hartza aipatzen ditu Oierrek mezu honetan. Beste helbide honetan, berriz, Inauterietako daten kalkuluak.

Erantzunak

2015-02-02 : 07:45

Mendigoizaleak jaiki-jaiki! Eta ez ahaztu zuen botak! Gaur Marmotaren Eguna da.

Bai, Bill Murray eta Andie MacDowell protagonista dituen Harold Ramis-en 1993ko film mitikoa euskaratua dago orain, azpitituluekin:

http://azpitituluak.com/euskaraz/1422858406

2015-02-02 : 09:48

Diotenez gaur, biharko aldean, ez ei du hainbesteko hotzik egingo, hortaz, izan leike, esaerian, zati baten, betetzia: "Kandelaixo bero, negua gero" Jone Larrañagaren @larranagajone 'Antzuolako hizkera' liburutik.

2015-02-02 : 14:59

Twitterren @arilari erabiltzaileak dioenez, alegia honen bertsio batek dio hartzak leizetik irtendakoan puzkerra ozan bota duela entzuten denean, horrek ematen diola amaiera neguari.

Kandelario egunez, honen errepresentazioren bat egiten omen zen Gaztela aldean, esteka honen arabera:

http://tertuliadeillescas.blogspot.com.es/2011/03/acta-tertulia-del-17-02-2011.html

2015-02-02 : 16:59

Hartzaren puzkarrak tradizio zabala omen du Europan.
Hartzari buruz entzun dudana zera da, tradizioaren arabera hartzak neguko lozorrotik esnatzean leizetik atera eta puzkar ozen bat botatzen duela, eta honek neguari amaiera ematen dio, udaberria esnatuz. Gaur egun, zenbait lekutan ohitura honek "Pedo del oso" izenarekin darrai, oraindik ospatzen baita, goian aipatutako Gaztelako adibidea kasu. Herri honetan hartzaren funtzio iragarlea ere mantentzen da, herriarentzat urtea zelakoa izango den iragartzen baitu hartzak. Euskal Herrian hartzaren protagonismoa ospakizunetan eta errituetan aspaldikoa da eta herri askotan mantendu edo berreskuratu da. Gurean, Zuberoako Santa Grazin ere jaso da hartzaren puzkarraren ohitura, dantzan.eus blog-eko artikulu interesgarri honetan azaltzen den bezala: http://dantzan.eus/kidea/DantzanIkasi/lapurdiko-inauteriak-kronika: "Otsailaren 2an, Hartza iratzarri, belarra jan, puzkerra egin eta festa hasten da."; Piriniotan hartzaren puzkarraren ohituraren erakusle Oier Araolazak (eskerrik asko Oier) twitter-en txiokatu duena ‏"@oaraolaza Bai, pirinioetan zabaldua da hartzaren puzkerraren ele zahar hau, adib. San Blas egunez: http://ow.ly/IlwET"

2018-02-07 : 12:32

Erantzun

Twitter ikonoa  Facebook ikonoa  Sartu